Bidaiari

Txakolinaren Ibilbidea eta Aiaraldeako eskaintza enoturistikoa aurkeztuko du Arabak Porton

Txakolinaren Ibilbideak eta Aiaraldeako turismo enpresek eskualdeko enoturismo eta produktu eskaintza aurkeztuko diete Portoko (Portugal) bidaia agentzia, banatzaile eta komunikabideei urriaren 29an, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatutako ekitaldi batean.

Txakolinaren Ibilbidea eta Aiarako natura, ondare eta gastronomia eskaintza aurkeztea eta ezagutaraztea du helburu bidaiak.
Txakolinaren Ibilbidea eta Aiarako natura, ondare eta gastronomia eskaintza aurkeztea eta ezagutaraztea du helburu bidaiak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Aiarako Kuadrillako toki erakundeek, hainbat txakolin upategi, landetxe eta apartamentu turistiko, jatetxe, edari banatzaile, museotako ordezkariek eta Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako lehendakariak osatutako ordezkaritza batek bidaia teknikoa hasi du Porto hirira eta Duero haranera, Cristina Gonzalez Arabako lehen diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatua buru dela.

Bi helburu

«Bidaia profesional honek bi helburu ditu: Portoko upeltegien, turismo enpresen eta adituen enoturismoko esperientzia arrakastatsuak eta jardunbide egokiak bertatik bertara ezagutzea, eta Txakolinaren Ibilbidea eta Aiarako natura, ondare eta gastronomia eskaintza aurkeztea eta ezagutaraztea Portugalgo hirian eta haren eragin eremuan», azaldu du Gonzalezek.

Horretarako, ordezkaritza enoturismo eskaintzagatik ezagunak eta aintzatetsiak diren upategiak bisitatuko ditu, ardoaren turismo jasangarriari eta marketinari buruzko lan saio batean izango da Rita Marquas Portugalgo Turismoko Estatu idazkari ohiaren eskutik, enoturismoko jardunbide egokiei buruzko adituen hitzaldietara joango da, eta World of Wine ardoaren museoa eta Porto eta Douroko Ardoen Institutua ezagutuko ditu.

Era berean, eta programaren ekitaldi nabarmen gisa, Txakolinaren Ibilbideak eta Aiaraldeko turismo enpresek eskualdea bera, bere ardoak eta eskaintza enoturistikoa aurkeztuko dizkiete bidaia agentziei, jatetxeei, banatzaileei eta komunikabideei Portoko negozio zentro batea. Aurkezpenean Aiarako ondare aberatsari, naturari eta gastronomiari buruzko informazioa emango da, eta ardoen eta bertoko produktuen dastaketa egingo da.

Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketarekin eskualdean turismoa bultzatzeko gauzatzen duen inbertsio programa bereziaren barruan kokatzen da bidaia profesionala. Programaak milioi bat euroko aurrekontua du eta hainbat ekintza eta proiektu biltzen ditu, hala nola helmugaren aurkezpena Espainiako merkatuan, azaroan Madrilen egingo den ekitaldi baten bidez.