Artziniegako artea eta Apellanizko gaztainadia, 2025eko baso eta zuhaitz izateko hautagai
Mugarik Gabeko Basoak erakundeak Apilaizko gaztainadia eta Artziniegako artea hautatu ditu 2025eko urteko baso eta zuhaitz saria jaso dezaten. Irabazi asmorik gabeko erakundeak finalista gisa aukeratu du Arabako proposamena, sari hori lortzeko lehiatzen diren beste 12 hautagairekin batera.
Apilaizko gaztainadiak 13 hektareako azalera du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko handiena eta ondoen kontserbatutakoa da. 1762an eta 1848an egindako gaztainondo landaketak egiaztatu dira bertan. 175 eta 260 urte bitarteko zuhaitzak izateko gaztainondo gehienek tamaina egokia badute ere, herritik hurbilen daudenak «benetan apartekoak» dira tamainari dagokionez. Horrela, ugariak dira bost, sei eta zazpi metroko perimetroa duten aleak, eta batzuk zortzi metro baino gehiagokoak.
Gaztainondo landaketak Arabako Foru Aldundiak sustatu zituen bere garaian, lurraldeko negu gogorretan herrietarako elikagai osagarri izan zitezen.
Gaztainadia Natura 2000 Sarearen parte den Izkiko Parke Naturalaren barruan dago. Basoa babes bereziko eremu gisa dago ezaugarrituta, kontserbazio, paisaia eta kultur intereseko eremua delako.
Artziniegako Quercus ilex
Bestalde, Artziniegako artea 25 metroko garaierako eta 500 urtetik gorako Quercus ilex bat da, eta hain lotuta dago udalerriaren historiarekin, ezen bere armarrian ageri den. Inguruan, antzinako putzu baten ondoan, Ordunteko Batzarra biltzen zen, Soxoguti, Erretes Tudela, Mendieta eta Santa Koloma herriek osatua, gai komunak ebazteko, hala nola mendien eta larreen aprobetxamendua.
XX. mendeko lehenengo urteetara arte, artearen azpian kobratzen ziren Arteko Azokan abereak sartzeko zergak, urtero irailaren 8an, Andre Mariaren Jaiokundearen egunean.
Bere balio historikoagatik eta eite apartagatik, Artziniegako artea ‘Zuhaitz Berezi’ deklaratu zuten 1995ean, eta 2022tik Natura Monumentuaren kategoria dauka. Horri esker, babes araubide berezia du.
Proposamen irabazlea zehazteko, erakunde sustatzaileak herri bozketa bat jarri du abian herritarrek parte har dezaten, eta boto gehien jasotzen dituztenak 2025eko baso eta zuhaitz izendatuko dira. Botoa emateko epea abenduaren 15ean bukatuko da.