Aer Lingus konpainiak Bilbo eta Irlandako Cork lotuko ditu udan
2025eko udan Aer Lingus konpainiak Bilbo eta Irlandako Cork lotuko ditu. Hiru hegaldi izango dira astero –asteazkenean, ostiralean eta igandean– eta zerbitzua apiriletik urrira eskainiko da. Cork Irlandako bigarren hiri jendetsuena da, Dublinen atzetik.
Aer Lingus airelineak Bilbo eta Cork hiri irlandarra lotuko ditu 2025ko udan. Cork Irlandako bigarren hiri jendetsuena da, Dublinen atzetik, eta uharteko hirugarrena Belfasten ondoren, Bilboko aireportuko ibilbideen garapenerako batzordeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Hiru hegaldi izango dira astero, asteazkenean, ostiralean eta igandean, hain zuzen ere, eta zerbitzua apiriletik urrira eskainiko da, udako ia denboraldi osoa barne hartuz. 174 eserlekuko edukiera duten A320 hegazkinekin egingo dira bidaiak.
Bilboko aireportuko ibilbideen garapenerako batzordea airelineen eta euskal administrazioen arteko solaskidea da, aire konpainiak hazten edo ezartzen laguntzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak gidatuta, Eusko Jaurlaritzak (Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bidez), Bilboko Udalak, Aenak, Bilbao Air-ek eta Bilboko Merkataritza Ganberak osatzen dute.
Corcaigh
Cork –Gaelerazko Corcaigh hitzak «padura» esan nahi du eta Lee ibaiaren ertzetako padurei egiten die erreferentzia– herrialdeko hegoaldean kokatuta dago. Halaber, Munster probintziako eta izen bereko konderriaren hiriburua da. Lee ibaiak hiria zeharkatzen du. 2011an 119.230 biztanle zituen, 198.582 metropoli-barruti osoa kontuan hartuta, honek Irlandako Errepublikako bigarren hiria bihurtzen du, eta hegoaldeko hiri nagusia. 2005ean Europako kultura-hiriburua izan zen Cork.
Lee ibaia Lough Mahon badiara iristen den puntuan kokaturik dago, kostaldetik kilometro batzutara. Corken bertan ibaia bitan banatzen da eta erdiko irlan dago erdigune historikoa.