Bidaiari

Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat aurreikusten da

Kexaako monumentu multzoa.
Kexaako monumentu multzoa. (Arabako Diputazioa.)

Kexaako monumentu multzoaren inguruan Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du. ‘Kexaa garaikidea’ proiektuak hotel-spa bat, museo bat eta gastronomiari eskainitako espazioa proposatzen du.

Kexaako Monumentu Multzoa Aiaraldeko eskualdearen garapen ekonomikorako elementu gisa sustatzeko, proiektuak aurkezteko deia zabaldu zuten uztailean.

Roca Romen proiektuak honako hau proposaten du: hotel-spa bat aiararren jauregi oinetxean, museo bat monumentu multzoko elementu historikoekin, bisita kulturalak eta gastronomiari eskainitako espazio bat Done Joan Bataiatzailearen komentuan.

Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren ustetan, proposamen irabazleak «lehiaketaren helburu nagusiari» erantzuten dio: «Identifikatzea zer erabilera publikok, pribatuk edo lankidetza publiko-pribatua oinarri duenak ematen dioten garrantzia Kexaako Monumentu Multzoari».

«Etorkizunean ekimen pribatuak eta lankidetza publikoak gidatutako ekintzak identifikatzeko edo erakartzeko, balio horiek errespetatzen dituen birgaitzea egin ahal izateko eta Aiaraldearen garapen eta dibertsifikazio ekonomikoan laguntzeko». Bere ustez, horretarako «palanka eta pizgarri» izan behar du proiektuak.

Orain Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio, proiektua garatzean interesa izan dezaketen sustatzaileak bilatzeari.

«Box in box»

Aldundiak nabarmendu duenez, Kataluniako arkitektoaren proiektuak eraikin garaikideak atontzea proposatzen du ondare historikoaren barruan, «box in box» deritzon kontzeptua baliatuta. «Horretarako, lehendik dagoen arkitektura errespetatzen duen esku hartze dotorea diseinatzen dute, eta oso poetikoak diren espazioak proposatu, gogora ekarrita bakea, simetria, ondarearekiko errespetua eta natura ingurunea behatzea bezalako balioak», esan du.

Bigarren saria Studio Mistura SLP enpresak lortu du ‘Historiaren oihartzunak’ proposamenarekin, zeinak honako hau proposatzen duen: «paradore bat, kalitate handiko jatetxe bat, aiararren leinuaren interpretazio zentro historikoa eta kultura eta turismo ekitaldiak eta bisita gidatuak».