Bidebarrieta Kulturgunea, matematika, umore eta bertsoen topaleku
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunea matematika, umore eta bertsoen topaleku bilakatuko da urtarrilaren 15ean. Ekitaldiak hasiera emango dio ‘Bidebarrieta 2025’ hitzaldi zikloari. Helburua da zientziaren eta artearen artean dauden sinergiak aurkitu eta eskaintzea bertaratutakoei.
‘Matematika, Umorea eta Bertsoak’ topaketak zientzia eta bertsolaritza uztartuko ditu urtarrilaren 15ean, Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrietako liburutegiak antolatutako ‘Bidebarrieta 2025’ hitzaldi zikloa hasteko.
EHUko Matematika Fakultateko irakasle Marta Marcho eta Raul Ibañezek aurkeztuko dute ekitaldia, dibulgatzaileen eta bertsolarien bidez jendeari «matematikaren izaera intrigantea hurbiltzeko eta zabaltzeko», eta Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariek eta Alvaro Lozano Rojo, Mª Angeles Garcia Ferrero eta Kiko Dr. Hipotenusa Belchi dibulgatzaileek hartuko dute parte.
Aurkezpen laburrak
Topaketa BCAM Basque Center for Applied Mathematics zentroarekin eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin elkarlanean antolatu da. Aurkezpen laburrak eta 15 minutuko dinamikak eskainiko ditu hainbat matematikaren eskutik. Ondoren, 5-10 minutuko bertso saio laburrak tartekatuko dira, hitzaldiaren gaiari erreferentzia eginez.
«Zientziaren eta artearen artean dauden sinergiak aurkitu eta eskaini nahi zaizkie bertaratutakoei, bertsolaritzak edozein gairen aurrean duen inprobisazio gaitasuna azpimarratuz», adierazi dute antolatzaileek.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta joaterik ez badago, streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko Youtube kanalean.