Isas munduan murgiltzeko aukera, itsaspeko zinemaren bidez
Itsas munduan murgiltzeko aukera paregabea eskainiko du lehen aldiz Gasteizko Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak. Pelikulak, dokumentalak, tailerrak, erakusketa... Urpeko bidaia zoragarriez gozatu ahal izango dute urtarrilaren 28ra arte Florida zinema aretora hurbilzten direnek.
Ingurumen Gaietarako Ikastegiak eta Realaren Urpekoak taldeak Gasteizko Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren lehenengo edizioa antolatu dute. Ekimena urtarrilaren 14an hasiko da eta hilaren 28an bukatuko Florida zinema aretoan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren helburua itsas hondoa ezagutaraztea eta harekiko maitasuna eta errespetua transmititzea da. Horretarako, «urpekaritza erabiliko du kirol gisa, itsas azpiko irudia teknologia gisa, zinema eta argazkigintza arte eta kultura gisa, eta itsasoarekiko maitasuna aldarrikapen gisa».
Modu honetan, Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak Donostian jada ibilbide luzea duen ekimenarekin bat egin du. Ekimena 1975ean sortu zuen Donostian Realaren Urpekoak taldeak, itsasoa eta itsas azpiko irudiak maite dituzten urpekariek, eta, 48 edizio geroago, itsas azpiko zinemaaldirik zaharrena eta mundu mailako erreferentea da. ‘Irudi bakoitza, konpromiso bat; begirada bakoitza, aukera bat’ da aurtengo leloa eta ozeanoen funtsa jasotzen duten argazkilari eta zinemagileen dedikazioa irudikatzen du.
Zikloa 14an hasiko da honako zintekin: Peter Loesekeren ‘Shark Man. The Depths Within’, Jorge Martinez Vazquezen ‘Kallaikoi. El mar de las meigas’, Luca Kéllerren ‘Metropolis. A Day in Reef City’ eta Damián Ramosen ‘Nadar con fantasmas’ film laburra. Gainera, Telmo Iragorriren eta Manuel Coronadoren ‘Urak Lawoi, Brothers of the sea’ dokumentala ere emango dute.
Bigarren saioa urtarrilaren 21ean izango da, honako emanaldiekin: Dean Spraakmanen ‘A Dragon's Dance’, Juan Carlos Garcia Carrilloren ‘Equilibrio: el balance culto del océano’; Rafael Herrero Massieuren ‘Anima Oceani’, Jose Irisarri Castroren ‘Islas Cíes. Biodiversidad amenazada’, Leandro Blancoren ‘Sharks’ eta Jose Carlos Rando Lararen ‘Momentos’. Rafael Herreroren ‘Islas Canarias. Arrecifes de Lava’ dokumentala eskainiko da egun berean.
Urtarrilaren 28an formatu txikiko beste proposamen batzuk ikusi ahalko dira. Honako hauek: Olivier Bourgeoisen eta Emma Josefina Pettersonen ‘Red Alert on Corals’, David Galvanen ‘Raja Ampat. The AMPAS. The last paradise’, Pepe Brixen ‘A Truly Plastic Neutral Fishery’, Alfred Schaschiren ‘Magic of the Macroverse’ eta Schireen Rahimiren ‘Heart of the sea’. Gasteizko I. Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa bukatzeko, Felipe Ravinaren eta Jose Hernandezen ‘Nika. El calderón tropical’ dokumentala proiektatuko dute.
Emanaldi guztiak Florida zinema aretoetan izango dira, 19:00etatik aurrera, eta saio bakoitzerako sarrerak hiru euro balioko du.
Erakusketa eta haurrak
Era berean, zikloan zehar, ‘Una ventana a los tesoros del océano’ argazki erakusketa egongo da ikusgai Florida zinema aretoetan, non Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko argazki lehiaketara aurkeztutako 24 argazki onenak ikusi ahal izango diren.
Haurrek ere haien adinera egokitutako jarduerak izango dituzte Gasteizko I. Nazioarteko Itsaspeko Zinema Ziklo baitan, Itsaspeko Txikiziklo izenburupean. Ekintza horien helburua izango da ingurumenaren defendatzaileen hurrengo belaunaldia eratzea.
Itsasoen kontserbazioa, klima aldaketa eta itsas azpiko bioaniztasuna molduko gaiak jorratzen dituzten film labur hezitzaileen proiekzioetan hartuko dute parte ikasleek. Film laburrak ikusi ondoren, itsas munduko adituek hitzaldiak emango dituzte, eta ikasleek ozeanoek dituzten arazoak eta ozeanoa babesteko konponbideak partekatuko dituzte.