Bidaiari

Asiako milioika pertsonak Sugearen Urtea ospatuko dute

Iritsi da urtarrilaren 29a eta Asian ehunka milioi pertsonak Ilargiaren Urte Berriaren hasiera ospatuko dute, familiako afariekin, su artifizialekin eta hamaika ekitaldirekin Dragoiaren Urteari agur esan eta Sugearen Urteari harrera egiteko.

Egun batzuk lehenago hasten dira Asian Urte Berria ospatzen.
Egun batzuk lehenago hasten dira Asian Urte Berria ospatzen. (Cheng Xin | Getty Images)

Urte berria dela-eta, Txinan zortzi jaiegun izango dituzte 2025eko Udaberriko Jaialdiagatik. Normalean, bidaiatu egiten du jendeak familia ikusteko eta, ondorioz, tren-geltokiak jendez gainezka egoten dira egun hauetan. Aurreikuspenen arabera, aurten, mobilizazio horrek errekorra izan dezake.

Kaleak, merkataritza-guneak, bulego-eraikinak eta etxeak banderola gorriz apainduta daude. Diotenez, gaitza uxatzen dute. Hori da, behintzat, pentsatzen dutena Asiako ekialdeko eta hego-ekialdeko herrialde askotan, hala nola Hego Korean, Singapurren, Vietnamen eta Thailandian.

Lehen egunean, goizean, Taiwanen, adin guztietako jendea hurbilduko da uharteko tenpluetara fruta, gozoki, galleta eta intxaur eskaintzekin, bertan hausnartzeko eta otoitz egiteko.

Tradizioa tenpluetan

«Gure tradizioa tenplua bisitatzea eta otoitz egitea da, zorioneko izan gaitezen», azaldu du 36 urteko Chen Ching-yuanek. Bere amarekin joan da Taipeiko Longshan tenplura.

Tenpluetako bisitari batzuek intsentsua errez hasten dute urte berria, zorte ona izateko.

73 urteko Lin Yu-soon ere bere familiarekin iritsi da tenplura. «Ilargi-urteko lehen egunean tenplua bisitatu eta txango txiki bat egiten dugu. Hori da dena. Hona etortzeak espiritualki suspertzen gaitu otoitz egiten dugun bitartean», adierazi du.

Ilargi Urte Berriaren garaian, probintzia arteko 9.000 milioi bidaia aurreikusten dira Txina kontinentalean. Tren eta hegazkin bidezko mobilizazio horrek «errekorra» lor dezake aurten, Xinhua Estatuko albiste-agentziaren arabera.