Añanako Gatz Harana, Euskotren Museoa eta Bizkaia Zubia, errealitate birtualean
Euskal Autonomia Erkidegoko turismo atariak errealitate birtualeko proiektu bat jarri du martxan, euskal ondare industrialaren hiru ikono mundu osoko bisitariei hurbiltzeko: Añanagako Gatz Harana, Euskotren Museoa eta Bizkaia Zubia.

Turismo atariak martxan jarritako erreminta berria webgune honetan dago, eta teknologia eta kultura uztartzen ditu «esperientzia aparta eta murgiltzailea» eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jakinarazi duenez.
Gatz Harana Europako paisaia kultural eta natural berezienetakoa da, 7.500 urte baino gehiagoko historia du eta berreskuratze prozesu betean dago. Askotan saritu izan dute, besteak beste, ERIH sareko anchor point ziurtagiriarekin 2019an. Errealitate birtualak munduko gatz fabrika zaharrenetako baten sekretuak eta berreskuratutako bere jasangarritasuna erakutsiko ditu.
Euskotren Museoari dagokionez, errealitate birtualeko ibilbideak benetako lurrunezko tren batean bidaiatzearen emozioa transmititu nahi du, trenbideko garraioaren 150 urtetik gorako historia ezagutzen den bitartean. Zaharberritu diren eta funtzionamenduan dauden 60 ibilgailu baino gehiago erakusten ditu museoak, besteak beste, lurrunezko trenak, tranbiak eta trolebusak.
Bizkaia Zubiak, berriz, Bilboko itsasadarra zeharkatzen du 45 metro baino gehiagoko altueran, Getxo eta Portugalete artean, Ibaizabal ibaiaren ahoan dagoen eta Gizadiaren Ondare izendatutako metalezko egitura duen munduko lehen zubi transbordadorean.
EAE industriala
Erabiltzaileak EAE industrialenean murgildu ahal izango dira plataforma birtualarekin, leku enblematiko horiek bertan baleude bezala zeharkatuz. Izan ere, turismo industriala bultzatzea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ardatz estrategikoetako bat, «egungo Euskadi ulertzeko oinarrizkoa den gure industria ondarea zaintzeko».
Era berean, bisitariak erakartzeko eta turismo jasangarriaren estrategia indartzeko elementua ere bada, desestazionalizazioan, bisitariak tradizio turistiko gutxiago duten eremuetara banatzen eta tokiko garapenean laguntzen baitu.