Bidaiari

Veneziako Biurtekoak zientzialariak eta matematikariak ere bilduko ditu

Veneziako Arkitektura Biurtekoak zientzialariak, matematikariak, filosofoak eta nekazariak bilduko ditu lehen aldiz, giza eraikuntzak krisi klimatikora egokitzeko irtenbideak bilatzeko, adimen «naturala, artifiziala eta kolektiboa» erabiliz, antolatzaileek azaldu dutenez.

Maiatzean izango da aurtengo edizioa.
Maiatzean izango da aurtengo edizioa. ( Simona SIRIO)

«Ingurunea gure aurka doanean hasten da arkitektura, egokitzeko eta bizitzeko moduko zerbait bihurtzeko», azaldu du prentsaurrekoan Carlo Ratti komisarioa Veneziako Arkitektura Biurtekoaren aurkezpen ekitaldian.

Adibide gisa, Valentzian berriki izandako uholdeen, Los Angeleseko suteen edo iaz Italiako Sizilia uhartean izandako lehorte larriaren irudiak erakutsi zituen: «Horri aurre egiteko modua aurkitu behar dugu, eta arkitekturak erdigunean egon behar du, beste diziplina batzuen laguntzarekin», adierazi zuen.

Arkitekturako XIX. Biurtekoaren izenburua ‘Intelligens: Natural, Artifical, Collective’ izango da. Maiatzaren 10etik azaroaren 23ra bitartean, 66 herrialdek hartuko dute parte, 2023ko edizioan baino bi gehiagok.

Antolatzaileen ustez, arkitekturak betidanik erantzun bat ematen die erronka klimatikoei, txabola primitiboetatik hasi eta eraikuntza modernoenetaraino, giro etsaiak leku bizigarri eta seguru bihurtzen saiatzeko.

Abian den klima-aldaketari irtenbideak aurkitzeko, aurten lehen aldiz, Veneziako Mostrak arkitektoak ez ezik, ingeniariak, matematikariak, filosofoak, zientzialariak, artistak, sukaldariak, idazleak edo estilistak ere entzungo ditu. Izan ere, Rattiren arabera, klima-aldaketaren ondorioen inguruan «arintzetik egokitzera igarotzeko garaia da».

Gizakiak egokitzeko duen gaitasun horren erakusgarri da duela mende asko aintzira baten gainean eraikitako Venezia hiria: «Bizitzarako leku aproposa ez den arren, gizakiek munduko mirarietako bat lortu zuten», argudiatu zuen.

Pietrangelo Buttafuoco Biurtekoaren presidenteatren esanetan, «mundua adimenez eraikitzea da kontua, munduaren adimena entzunez.

‘Biennale College Architettura’

Nazioarteko erakusketa ospetsuak 26 herrialde izango ditu Lorategietan, hots, osperik handieneko pabiloi historikoak hartzen dituen eremuan.

Bestalde, ‘Biennale College Architettura’ programaren bigarren edizioa ere hartuko du erakusketak. Krisi klimatikoaren aurkako borrokan adimen naturala, artifiziala eta kolektiboa erabiltzen duten proiektuak esperimentatu eta garatzeko laborategia da.