Bidaiari

Ababor Euskal Herriko Nautikaren Biurtekoan, 30 itsasontzitik gora Ficobako azokan

Ababor Euskal Herriko Nautikaren Biurtekoaren hirugarren edizioa egingo da martxoaren 28tik 30era Irungo Ficoba erakustazokan. Guztira, sektoreko 40 enpresa erakusketari inguru bilduko ditu. Nobedade gisa, bigarren eskuko ontziak egongo dira aurten, eta, hori dela eta, azokaren erakusketa azalera handitu behar izan da.

Aurtengo edizioaren kartela.
Aurtengo edizioaren kartela. (Ficoba)

Maialen Gaztañaga Ababorreko zuzendariak, Xabier Mendiguren Hondarribiko Klub Nautikoko presidenteak, Cristina Laborda Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidenteak, Igor Enparan Hondarribiko alkateak Edurne Egaña EKP Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoko zuzendariak aurkeztu zuten Ababor azoka.

Aurkezpen ekitaldian nabarmendu zutenez, lehenengo bi edizioetan izandako arrakastaren ondoren, Ababor «garrantzi handiko ekitaldi» bihurtu da eskualdean, eta 80 enpresa erakusketari eta ia 10.000 bisitari erakarri ditu lehen bi aldietan.

«Datu horien arabera, Ababor erreferente bihurtu da nautika eta sektorea gogoko dutenentzat, eta, horregatik, iragarri daiteke azokaren hirugarren edizioa ona izango dela», adierazi zuten.

40 enpresa erakusketari eta 30 itsasontzi

40 enpresa erakusketari eta 30 itsasontzi baino gehiagorekin, azokak «plataforma paregabea» eskainiko du sektoreko azken berrikuntzak ezagutzeko, hala nola motorrak, atoiak, elektronika eta osagarriak, zerbitzuak, turismoa eta itsas eskolak, aseguruak, arrantzarako osagarriak eta ur motorrak ere.

Gainera, Ababor «elkartzeko eta ikasteko gunea» ere bada, eta bisitariek eta profesionalek aukera izango dute EKP erakundeak babestutako hitzaldi programa zabal batean, mahai inguruetan eta jarduera praktikoetan parte hartzeko.

Jarduera paraleloei dagokienez, ‘Gaming Gunea’, lehiaketa birtual bat eta indoor arrauneko ergometro txapelketa bat izango dira, besteak beste. Ababor Euskal Herriko Nautikaren Biurtekoaren jardueren programa zabala ababor webgunean kontsulta daiteke.