Bidaiari

Mendi Film jaialdiko perlak, Gasteizen ikusgai

Mendi Tour Vital Fundazioa zikloaren 13. edizioak BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiko film onenen aukeraketa bat eskainiko du Gasteizen martxoaren 24tik 28ra arte.

Aurtego kartela.
Aurtego kartela. (Vital Fundazioa)

Zikloaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2024ko Mendi Film jaialditik aukeratutako alpinismo, eskalada, muturreko eski, nabigazio, highline eta dantza bertikalari buruzko 11 film proiektatuko dira Gasteizen, martxoaren 24tik 28ra arte.

Ikusgai izango diren lanen artean daude ‘The Last Expedition’, Wanda Rutkiewicz alpinista poloniar ospetsuaren bizitza eta desagerpena kontatzen duena; ‘Ashima’, Ashima Shiraishi neskato eskalatzailea protagonista duena, eta Xavier eta Victor de le Rue izarrek lehenaren alabarekin batera egindako ‘Of a Lifetime’. Pelikulak Argazki Onenaren Saria jaso zuen Mendi Filmen; izan ere, familiaren abentura Antartikako glaziar eta iceberg ikusgarrien artean gertatzen da.

Muturreko eskia, muturreraino eramana, berriz, ‘Painting the Mountains’ filmak erakusten du, Patagoniako Fitz Roy mendi-lerroan ezinezkoak diruditen marrak sortuz.

900 metroko high-line bat

Nabarmentzekoa da, halaber, ‘Peligro. No asomarse’, Dani Cascales zinemagile berriaren lana, 900 metroko high-line bat erakusten duen zinta, Nerbioi ibaiaren ur-jauziaren gainean, estatu espainiarrean inoiz muntatu eta osatu den lerrorik luzeena. Filmak Mendi Film Bizkaia Ternua beka jaso zuen, eta Mendi Filmeko publikoaren artean gehien gustatu zenetako bat da, 2024ko abenduan nazioartean estreinatu zenean.

Agurainek (apirilaren 2an) eta Amurriok (apirilaren 11n) ere emanaldiak izango dituzte, Vital Fundazioa Tourraren barruan.

Emanaldiak Vital Fundazioaren Kulturunean izango dira, Arabako hiriburuan, 19:30ean hasita. Sarrerak 5 euro balio du.