Sarrerak %4,9 eta ostatu gauak %4,4 igo dira otsailean EAEko hoteletan
Euskal Autonomia Erkidegoko hotel establezimenduek 232.954 sarrera eta 426.364 ostatu gau erregistratu dituzte otsailean, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino %4,9 eta %4,4 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Otsailean Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduetan izandako sarreren %33,6 eta ostatu gauen %35,3 atzerritik etorritako pertsonenak izan dira; proportzioa %4,6 igo da sarreren kasuan eta %4,1, berriz, ostatu gauen kasuan.
Lurraldeka, Arabako hoteletan 31.337 sarrera eta 65.600 ostatu gau erregistratu dira, aurreko urteko otsailean baino %6,3 eta %0,7 gehiago, hurrenez hurren; Bizkaian 105.763 sarrera izan dira, iaz baino %5,6 gehiago, eta 193.245 ostatu gau, %7,1 gehiago; Gipuzkoan, azkenik, sarrerak %3,7 eta ostatu gauak %2,8 igo dira, 95.854 eta 167.519 zenbatetsi ondoren, hurrenez hurren.
Hiriburuei dagokienez, sarreren kopurua %6,5 igo da Gasteizen, %5,6 Donostian eta %5,5 Bilbon; ostatu gauen kopurua, berriz, %0,8 jaitsi da Gasteizen eta %7,3 eta %3,9 igo Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren.
Batez besteko egonaldia
EAEko hotel establezimenduetan batez besteko egonaldia 1,83 egunekoa izan da otsailean, aurreko urteko hil berean izandakoa baino apur bat txikiagoa (1,84 egun). Batez besteko egonaldia bidaiariek gaua igarotzen duten establezimenduetan batez beste egiten duten egun kopuruari dagokio, eta ez EAEn egiten duten egonaldi osoaren iraupenari.
Orobat, okupazio maila %44,6koa izan da otsailean EAEko hoteletan plazen arabera neurtuta, eta %55,7koa logelen arabera neurtuta. Iazko otsailaren aldean, %0,6 eta %0,9 puntuko igoerak izan dira, hurrenez hurren.
Era berean, bainugela duen logela bikoitz bati eguneko aplikatutako batez besteko tarifa 79,3 eurokoa izan da otsailean, hau da, iazko otsailean baino %4,0 gehiago.
Lurraldeka, logela bikoitz bati eguneko aplikatutako batez besteko tarifa 82,2 euroan kokatu da Gipuzkoan, 80,5 euroan Bizkaian eta 68,7 euroan Araban. Hiriburuei dagokienez, tarifa 91,8 eurokoa izan da Donostian, 84,2 eurokoa Bilbon eta 61,7 eurokoa Gasteizen.
Azkenik, logela eskuragarri bakoitzeko batez besteko diru sarrerak 44,2 eurokoak izan dira otsailean EAEko hotel establezimenduetan, hau da, aurreko urteko hil berean baino %5,7 gehiago.