Bidaiari

‘Iruña Veleia, 3.000 urteko historia’, aztarnategiaren irudiak Gasteizen bertan

Gasteizetik irten gabe, nahi duenak aukera izango du Iruña Veleia aztarnategiaren inguruko informazioa jasotzeko, apirilaren 4ra arte izango baita ikusgai Probintzia plazan ‘Iruña Veleia, 3.000 urteko historia’ erakusketa.

Probintzia plazan dago ikusgai erakusketa.
Probintzia plazan dago ikusgai erakusketa. (Arabako Diputazioa.)

‘Iruña Veleia, 3.000 urteko historia’ erakusketa dago ikusgai Gasteizko Probintzia plazan, apirilaren 4ra bitartean. Ekimenaren helburua da aztarnategia lurraldeko hiriburura hurbildu eta pixka bat gehiago zabaltzea, Arabako Foru Aldundiak adierazi duenez.

20 informazio panelez osatutako erakusketarekin batera, Iruña Veleia 2022-2025 epealdian biziberritzeko eta garatzeko proiektuaren barruan, aztarnategia zabaltzeko beste ekintza batzuk egingo dira, hala nola bisita gidatuen urteko programa (Aste Santutik irailera), informazio panelak berritzea, nortasun korporatiboa aldatzea edo Gida Arkeologikoa argitaratzea.

Garrantzi historikoa

Inmaculada Sanchez Arabako Aldundiko Kultura zuzendariaren hitzetan, «zabalkundea eman ez ezik, aztarnategi ikusgarri horren garrantzi historiko eta ondare handiaz kontzientziatu ere egin nahi da. Izan ere, guztion lana da gure historiako orri hauek gordetzea, eta, gure aldetik, hirigunetik bertatik, arabarrei eta bisitatzen gaituztenei gogoraraztea altxor bat dugula gure lurraldean, bisitatzea eta berriz bisitatzea merezi duena».

Inmaculada Sanchez ez ezik, Javier Fernandez Bordegarai Arabako Museo eta Arkeologiako zerbitzuburuak eta Kultura saileko teknikariek ere parte hartu dute erakusketaren aurkezpen ekitaldian.

Beraz, bertakoek zein kanpokoek parada ezinhobea dute, apirilaren 4ra arte, hiriburutik mugitu gabe Iruña Veleiaz informazioa jasotzeko bertatik bertara.