Bidaiari

‘Begiratu eta liluratu zaitez’, gonbidapena museoen bidez Bizkaia ezagutzeko

Lurraldeko historian, artean eta kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen du Bizkaiko Foru Aldundiak museoen bitartez. ‘Begiratu eta liluratu zaitez’ ekimenak hamaika ekitaldi jaso ditu, urtean zehar egingo direnak.

‘Begiratu eta liluratu zaitez’ ekimenaren kartela.
‘Begiratu eta liluratu zaitez’ ekimenaren kartela. (Bizkaiko Diputazioa)

Lurraldeko ondare historikoa, kulturala eta artistikoa ezagutzera emateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren museoek ateak zabaltzen dituzte egitarau berezi batekin. ‘Begiratu eta liluratu zaitez’ ekimenak lurraldeko museo-espazioen askotarikotasuna aztertzera gonbidatzen ditu bisitariak, mendeetako tradizioari, berrikuntzari eta ondareari ateak irekiz.

Antolatzaileen esanetan, «Historiaurreko aztarnetatik hasi eta arte garaikideraino, ondare industrial aberatsetik eta txakolinaren kulturatik igaroz. Toki paregabeak dira, kasu honetan ateak gauza erabat desberdinak ezagutzera emateko irekitzen dituztenak: 500 urteko historia duen burdinola; funtzionatzen duen Europako ehungintzako makineriarik osoena; historiaurretik Aro Modernora arteko bidaia; txakolinaren kulturan murgiltzeko esperientzia; itsasoko bizimodu eta ohituretara hurbiltzeko aukera; euskal kulturan eta euskaran sakontzeko lekua; arte garaikideko guneak; artea eta natura...

Foru Erakundeak kudeatzen dituen museo, areto eta enklabeek osatzen dute programazio hau, aldi baterako hogei bat erakusketa eta hainbat jarduera eskaintzen dituena urte osoan zehar: Arkeologia Museoa, Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria Museoa, La Encartada Fabrika-Museoa, Txakolin Museoa-Txakolingunea, El Pobaleko Burdinola, Muñatones Gaztelua, Rekalde Aretoa eta Ondare Aretoa, eta Omako Basoa, Santimamiñe eta Europako Herrien Parkea bezalako enklabeak.

2025eko programazioak, gainera, bisita gidatuak eskaintzen ditu Bizkaiko Foru Jauregira urte osoan, Ibilbide Historikoak udan eta foru museoetan garatzen den MusEkintza arte eszenikoen jaialdia, hilero emanaldiak eskainiz.

Aurten, gainera, Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa ospatuko da Bizkaian. Lurraldeko hainbat erakundek, udalek eta elkartek antolatutako jardueren programa koordinatuko du Diputazioak. Urrian zehar ospatuko da Ondare Arkitektonikoaren gaia ardatz hartuta.

Bizkaian urteroko beste hitzorduetako bat La Encartada Moda da, oraingo honetan ekainaren 14an egingo dena. Urtero bezala, La Encartada Fabrika-Museoa modaren topaleku aparta izango da.

Bilbon dagoen Arkeologia Museoak ibilbide liluragarria proposatzen du Historiaurrean eta Aro Modernoan zehar, Martiodako eskeletoen erlikiak bezalako erakusketekin, ‘Hitz egin dezagun Arkeologiaz’ zikloa bezalako jarduerekin eta haurrentzako tailerrekin. Gainera, hitzaldien eta tailerren programa zabala eskaintzen du, hala nola zinema arkeologikoaren zikloa eta familiari zuzendutako ekitaldiak.

Bestalde, Euskararen Interpretazio Zentroa euskararen bizitasunean murgiltzeko gunea da. Jarduera interaktibo eta sentsorialekin, gune hau bisitatzen dutenek euskara ezagutu dezakete erakusketa ibiltarien eta hizkuntza-tradizioa esperientzia moderno eta dibertigarriarekin konektatzen duen Euskal Alien Nazioa Escape Rooma bezalako programen bidez.

2025ean zehar Foru Erakundearen aretoek, Rekalde Aretoak eta Ondare Aretoak, publiko guztientzako erakusketa eta jarduerak batzen dituen programazio anitza eskainiko dute.

Rekalde Aretoa berriro ireki da, espazio berritua eta Iparraguirre kaleko 21. zenbakian sarrera berri bat estreinatuz, Juan Carlos Eguillorren erakusketarekin, irailaren 28ra arte ikusgai izango dena. Urrian, Rut Olabarriren lana aurkeztuko da; pinturan, grabatuan, bideoan eta argazkigintzan oinarritutako bere ekoizpen berrienaren berrikuspena, desagertu zen Torrontegui hotelari eta bere imajinarioari begirada berezia eskainiz. Urrian hasiko da, halaber, Barriek Programa, Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Beken onuradun izan diren artistei eskainitako erakusketa batzuk antolatuz, artista horien lanen aukeraketa eskainiz.

Aldi berean, Ondare Aretoak ‘Kameratik orratzera. Emakumeen jantzia Eulalia Abaituaren argazkietan’ erakusketarekin jarraituko du maiatzaren 3ra arte.  Horren ondoren Akuarelisten Euskal Elkartearen 80. urteurrena ospatzeko erakusketa irekiko da, Euskal Herriko zein nazioarteko artisten akuarela sorta batekin. Udazkenean, Pablo Ochoa de Olza izango da protagonista, pintura eta grafitiei eskainitako erakusketa batekin, Filadelfian gertatu zen graffitiaren sorkuntzaren 60 urteak ospatuz.

Azkenik, 2025eko azarotik 2026ko urtarrilera bitartean zinema-kartelez gozatu ahal izango da Bilbon, 1935etik 2000ra bitarteko zinema-kartelak bilduko dituen erakusketa alegia, euskal zinemak diseinu grafikoan eta ekoizpen zinematografikoan izan duen eraginari balioa emanez.

El Pobaleko Burdinola, monumentu-multzo izendatua, Muskizen dagoen  burdinaren eta errotaritzaren industriaren museo bizia da; Bizkaian martxan dagoen burdinola bakarra da eta hala kontatzen du, modu bakarrean, burdinaren 500 urteko historia.

Urtean zehar bisita gidatuak eta forjaketa erakustaldiak antolatzen ditu, antzinako teknologia industrialak ulertzeko aukera eskaintzen dutenak. Gainera, ‘Haizearen seinale, denboraren seinale’ aldi baterako erakusketak Bizkaiko haize-orratz tradizionalak aurkezten ditu; aldi berean, Muskizko San Julian elizan grabatutako itsasontziei buruzko erakusketa iraunkorrak, berriz, tokiko historiarekin lotzen du eskualdeko itsas iragana.

Halaber, lurraldeko burdinaren ondarea eta errota-industria aztertzen duten ondare-ibilbideak antolatzen dira, hala nola Orozkoko ola-multzoa eta Urdaibaiko marea-errotak. Edo hitzaldiak, umeentzako tailerrak, gaikako jarduerak eta forjaketa-erakustaldiak.

Muskizko Muñatones Gaztelua Erdi Aroko Bizkaiko Bando-Gerren lekuko bizia dela ere gogorarazten du Diputazioak. Gaztelu ikusgarri honek bisita gidatuak eta jolas-jarduerak eskaintzen ditu, hala nola uztailean egiten den antzeztutako bisita; jarduera horretan bisitariek gotorlekuaren intrigak eta sekretuak ezagutzeko aukera dute. Edo Erdi Aroko ohitura gastronomikoetan murgiltzekoa, ’Loperen dieta’ jardunaldiaren bidez.

Bestalde, Balmasedan kokatutako La Encartada Fabrika-Museoak, Europa osoan bere generoan dagoen industria-ondarearen adibide bakarrak, antzinako fabrika batera sartzeko aukera ematen du, baina sortu zenean, duela 100 urte baino gehiago,  uen egoera berean.

Bere eraikinak, espazioak eta giroak ez dira birsortze-lana, jatorrizko eraikin, espazio eta giroak dira, eta Europa mailako industria-ondarearen harribitxia da. La Encartada Fabrika-Museoko ehungintzako makineriak funtzionatu egiten du eta Bizkaiko historia industrialari egiten zaion begirada liluragarria erakusten du.

Aurten, gainera, Santos López de Letonari eskainitako erakusketa hartuko du, eta berriz ere Berritu programa eskainiko du, makineria historikoaren zaharberritze-lana ezagutzeko bidea azaltzen duena, eta baita Bilduma programa ere, bildumako pieza guztien atzean dauden historietan duen ikuspegiarekin ehungintzaren azalpen paregabea eskaintzen duena.

Bizkaiko museo sarearen arduradunek prestatutako egitarauan Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea ere azaltzen da. Bizkaiko ardogintzaren tradizioan barneratzen da, ‘Chacolí, el vino vasco con nombre propio’ bezalako erakusketekin eta komikiaren artea tokiko txakolinarekin lotzen duen TXAKOMIC bezalako programekin. Museoak bisita gidatuak eta dastatzeak eskaintzen ditu urte osoan zehar, txakolinaren kulturan murgiltzeko aukera emanez.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak, berriz, Sonia Ruedaren ‘Hitzen bila’ erakusketarekin eta Gamazadaren gatazka historikoaren (1893-1895) analisia  bezalako jardueren programazioarekin, Euskal Herriko kultura- eta gizarte-ondarea balioesten du. GAMAZADA. Gure poltsikoaren jabe aldi baterako erakusketa maiatzetik irailera ikusi ahal izango da; komisarioa Xabier Irujo da. Urrian, ‘Orratz begi-El ojo de la aguja’ erakusketa aurkeztuko da, Gerra Zibilean ebakuatutako euskal umeen ondarea aztertzeko Bakearen Museoarekin eta Birminghameko Unibertsitatearekin elkarlanean garatu den ekimena.

Horrez gain, museoak aire zabaleko jarduerak eskaintzen ditu parkean, Europako Herrien Parkean, non bisita botaniko gidatuak egin daitezkeen.

Itsas-historiak

Bizkaiko itsas-historiak ere bizia hartzen du Arrantzaleen Museoan, Bermeon, non Nuevo Anchustegui ‘Gure Señoriti’ bezalako erakusketek arrantza tradizionalak lurraldean duen garrantzia nabarmentzen duten, eta urrian Olatuaren oldarraldian. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketak itsasoaren sektorean emakumeak duen papera nabarmentzen da. Gainera, urtean zehar jarduera ugari egongo dira publiko guztientzat eta ekainean, berriz, Iñaki Marcaidaren ‘Tras el cristal’ erakusketa iragankorra antolatuko da.

Azkenik, Santimamiñek, Kortezubin, historiaurrera bidaiatzeko aukera eskaintzen du urte osoan eskaintzen diren bisita gidatuen eta jardueren bidez. Bestalde, Omako Basoak, Agustin Ibarrolak sortutako lanak, Arte eta Natura lan hau ezagutzeko bisita libre eta gidatuak eskaintzen ditu.

Urtean zehar Museo hauek hainbat jarduera eskaintzen dituzte, besteak beste, bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, zinema zikloak eta ekitaldi bereziak, adibidez Museoen Nazioarteko Eguna, MusEkintza Jaialdia eta Ondarearen Europako Jardunaldiak.