Guggenheimeko eduki propioa, ikus-entzunezko plataforma berrian ere ikusgai
Guggenheim Bilbao Museoak atari berri bat jarri du martxan, bereziki bere bildumarekin eta programazio artistikoarekin lotutako ekoizpen propioko ikus-entzunezko edukiak ezagutzera emateko. Erakusketei buruzko hitzaldiek, dokumentalek, elkarrizketek, mahai inguruek eta hainbat hezkuntza programak osatuko dute plataformaren eskaintza.

Guggenheim Bilbao Museoa kanalak 27 urteko ibilbidean sortutako «eduki oparo eta askotarikoa» eskaintzen du, eta doan eskura daiteke, webgunean, museoko iturriek jakinarazi dutenez.
Une honetan 200 bideo baino gehiago ditu, hainbat kategoriatan banatuta: inaugurazio hitzaldiak, ingurumen jasangarritasuna, arte biziak (musika, dantza, performancea) eta sailak.
Era berean, sailak lau ataletan banatu dira: museoko erakusketei buruzko dokumentalak; ‘Guggenheim Bilbao Insights’ museoko arte arduradunen eta bildumako artisten arteko elkarrizketak; ‘Ikuspntuak’ kulturako profesional ezagunen hausnarketak; eta ‘Ezagutu’, museoaren lanarekin lotutako jarduera bereziei buruzko bideoak.
Zuzeneko emanaldien ataria
Gainera, kanal berriak zuzeneko emanaldien atari bat izango du, ikusleei sarbidea eskainiko diena museoak entzungelan eta beste espazio batzuetan antolatzen dituen jardueretara, hala nola hitzaldietara, ekitaldietara edo erakusketetarako bisita gidatuetara.
Ikus-entzunezko plataforma berriari esker, publiko orokorrak eta ‘Community’ osatzen duenak aukera izango dute museoak bildutako artera eta garatzen dituen jardueretara modu intuitibo eta errazean hurbiltzeko, gailu mugikorretatik edo tabletetatik, museoaren webgunearen bidez.
Plataforma belaunaldi berriak erakartzeko helburuarekin ere sortu da, teknologia berrien eta webguneak eskaintzen dituen aukera hobetuen bitartez.