Igartubeitin, lanbide tradizionalei buruzko ‘Jakintzen hibridazioa’ tailer zikloa
‘Bazkaltzeko aukeratzen dugunaren aztarna’ izenburuarekin abiatuko dira martxoaren 28an Igartubeti Baserri Museoan lanbide tradizionalei buruz egingo den ‘Jakintzen hibridazioa’ tailer zikloa. Lehen hitzorduan, Biziola bertako nezkazarien kooperatiba izango da gonbidatua.

‘Jakintzen hibridazioa’ jardunaldietan hainbat gai jorratuko dira Igartubeiti museoan, hala nola, balioak, identitateak, memoria eta kulturaren transmisioa. Jardunaldiak elkarlanean antolatu dituzte Ezkio Itsasoko baserri museoak, Sent Lari e Solako (Okzitania) Turismo Bulegoak eta Ayerbeko Udalak (Aragoi).
«Lanbide tradizionalen eta horiek mundu garaikidean duten iraupenaren inguruan gogoeta egiteko eta ikasteko espazioak sortzea». Hori da helburua, ekimenaren bultzatzaileek ohar batean azaldu dutenez.
Pirinioetako kultura-ondarea
Zikloa ‘PATRIM 4.0’ proiektuaren barruan kokatzen da, Pirinioetako kultura-ondarea sustatzea helburu duen programaren baitan dago, eta museo, ekomuseo, interpretazio-zentro eta unibertsitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzaren bidez gauzatzen da.
Saio irekietan, protagonistak bertako artisau, artista eta nekazariak izango dira. Jorratuko dituzten gaiak ere anitzak izango dira: saskigintza, zeramika, elikadura, ehun-diseinua, artea, dantza, erlezaintza, bitxigintza eta natura. Horrez gain, mintegiak ere izango dira, komunitateen etorkizunean balioak, identitateak, memoria eta kultura transmititzeak duen zereginari buruz eztabaidatzeko.
‘Bazkaltzeko aukeratzen dugunaren aztarna’ askari-tertulia izango da lehen tailerra, Biziola bertako nekazarien kooperatibarekin batera. Partehartzaileek tokiko produktuak dastatu ahal izango dituzte eta elikagaien kontsumoak ingurumenean, tokiko ekonomian, gizartean eta kulturan duten eraginari buruz hausnartu ahal izango dute.
Igartubeitiren posta edo telefono bidez eman daiteke izena.