Gizakunde eliza, BAS Bilbao Arte Sakro jaialdiaren eszenatoki
Bizkaio hiriburuko Gizakunde eliza Bilboko Udalak antolatutako BAS Bilbao Arte Sakro jaialdiaren eszenatoki bihurtuko da aurten ere, apirilaren 10etik 14ra. ‘Mirespena’ izenburupean, bost kontzertu eskainiko ditu topaketak.

BAS Bilbao Arte Sakro jaialdiaren sarreren salmenta apirilaren 1ean hasiko da eta kontzertu bakoitzerako 10 euro ordaindu beharko dira. Arriaga Antzokiko leihatiletan eta musika-musica webguneetan salduko dira sarrerak, baita elizan bertan ere, kontzertu bakoitza baino 30 minutu lehenago. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.
La Ritirata taldeak ‘Maitasun mistikoa’ kontzertuarekin hasiko du zikloa apirilaren 10ean, eta Duron, Torres, Hidalgo, Cabanilles edo Sances bezalako Barrokoko musikari espainiar eta italiarren errepertorioa eskainiko du. Josetxu Obregonek zuzendutako kontzertuan Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Manuela Velasco aktorea izango dira.
Apirilaren 11n, Palestrinaren jaiotzaren 500. urteurrenarekin bat eginez, The Tallis Scholars talde britainiarrak konpositore italiarraren gutxi ezagutzen den meza bat eta moteterik onenetako bat interpretatuko ditu. Halaber, errepertorioari Orlandus Lassusen zenbait obra gehituko dizkio, Peter Phillipsen gidaritzapean.
Bachen kantata erlijiosoak
London Handel Players taldeak jarraituko du jaialdia, apirilaren 12an, Bachen kantata erlijiosoei eskainitako programarekin. Jessica Cale sopranoa, Merce Bruguera Abello mezzosopranoa, Benedict Munden tenorra eta Tristan Hambleton baxua ere ariko dira.
Apirilaren 13an, Bilboko Koral Elkarteak ‘Valentin María de Zubiaurre (1837-1914)-Durangoko San Antonio komenturako musika’ proiektua aurkeztuko du, musikari bizkaitarrak komentuko komunitatearentzat konposatu zuen lan argitaragabeari balioa emanez.
«Musika tradizio aberatsa duen corpusa da, eta agerian uzten du Zubiaurrek jaioterriarekiko eta liturgiarekiko sentitu zuen atxikimendua. Hala, programak latinez, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako obrak biltzen ditu», azaldu dute antolatzaileek.
Azkenik, Bilbao Arte Sakro apirilaren 14an amaituko da, Alejandro Mariasek zuzendutako La Spagna taldeak eskainiko duen ‘Lamenti di donna’ kontzertuarekin. Egitarauak zenbait rol eta egoera dituzten sei emakume aurkeztuko ditu –maitale irrikaria, maitale traizionatua, erregina kondenatua, dontzeila jazarria, printzesa abandonatua eta ama kanibala–, malenkoniaren, traizioaren, bidegabekeriaren, lizunkeriaren, abandonuaren eta damuaren aurrean.