Bidaiari

Bisita gidatuak Mendizorrotzeko futbol zelaira

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak hiru bisita gidatu antolatu ditu Mendizorrotzeko futbol zelaira apirilaren 30erako. 150 lagunek izango dute aukera Alavesek partidak jokatzen dituen estadioaren barrualdea ezagutzeko. Guztira, 75 sarrera bikoitz zozkatuko dira.

Mendixorrotza.
Mendixorrotza. (Gasteizko Udala.)

Mendizorrotzeko futbol zelaira Gasteizko Udalak antolatutako bisita gidatuen lehen txanda 17:00etan izango da; bigarrena, 17:45ean eta azkena, 18:30ean. Bertaratzen direnek prentsa aretoa, eremu mistoa, aldagelak, zelaira iristeko tunela eta aulkiak ikusi ahalko dituzte. Babazorro maskotarekin aterako duten argazkiarekin amaituko da bisita.

Zozketan parte hartu nahi dutenek hiru bisitetakoren batean izena eman beharko dute apirilaren 4ra arte udal webgunean jarritako formularioan. NAN edo AIZ bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da eta baldintza bakarra 18 urte beteta izatea da.

Zozketaren irabazleak

Irabazleen izenak apirilaren 7an iragarriko dituzte, eta guztiek Mendizorrotza futbol zelaiko 1. atera joan beharko dute. Sarrerak zozketan izena emandako pertsonarentzat (NANa erakutsi beharko du horretarako) eta harekin batera joango denarentzat izango dira (adingabea izan daiteke).

Bestalde, Gasteizko Udalak Alavesi laguntzeko ekintzekin bat egingo du denboraldiaren azken txanpan, eta hiriko eraikin enblematiko batzuk argiztatuko ditu klubaren koloreekin, talde babazorroak Mendizorrotzen jokatuko dituen partiden bezperan.

Hain zuzen, apirilaren 12an eta 22an, eta maiatzaren 3an, 13an eta 24an zuriz eta urdinez argituko dira udaletxeko fatxada, Floridako kioskoa, Arkupekoak, Antso Jakitunaren pergola eta Andre Maria Zuriaren plaza; azken horretan, gainera, taldearen ikurra lurrean islatuko dute.