Gasteizek adimen turistikoaren sistema abiatuko du
Adimen turistikoaren sistema jarriko du abian Gasteizko Udalak. Besteak beste, hiriko ostatu eskaintza eta okupazioa, bisitarien jatorria, ekitaldiek hotel okupazioan duten eragina eta ostatu gauen batez besteko prezioa ezagutzeko aukera eskainiko du sistemak.

Gasteizko Udaleko Gobernu batzordeak adimen turistikoaren sistema kontratatzeko lanen kontratazio espedientea onartu duenez, 126.000 euro inbertituko ditu hirian martxan jartzeko, Next Generation Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, adimen turistikoaren sistemak hiriko ostatu eskaintza eta okupazioa, bisitarien jatorria, ekitaldiek hotel okupazioan duten eragina eta ostatu gauen batez besteko prezioa ezagutzeko aukera eskainiko du, besteak beste.
Turismoaren dimentsioa
Era berean, turismoak hirian duen eragin ekonomikoa eta sektore turistikoaren dimentsioa bistaratu ahal izango da, enpresa eta pertsona enplegatuen kopuruari, bisitarien profilari eta turistek helmugaren barruan egiten dituzten mugimenduei dagokienez.
«Funtsezko datu turistikoak ezagutuko ditugu, herritarrei eta Arabako hiriburuko bisitariei eskaintzen dizkiegun zerbitzu publikoak hobetzeko ekintza estrategikoak diseinatu ahal izateko», adierazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.
Bilkuren turismoak ere protagonismoa izango du adimen turistikoaren sisteman, Biltzar eta Turismo Zerbitzuak kudeatzen dituen Europa eta jauregietako jarduerari buruzko informazio garrantzitsuena aztertuko baitu, hala nola ekitaldien eta bertaratuen kopurua edo antolatzaileen gogobetetze indizea.
Esperientzia berriak
«Sektorearen neurketa eta jarraipen gaitasunak hobetzeak aukera emango digu produktu eta esperientzia berriak garatzeko, lehendik daudenak egokitu eta hobetzeko, eta tokiko turismo eredua jasangarritasunerantz bideratzeko, ez soilik balio erantsi gisa, baizik eta turismoak gure hirirako garapen ekonomiko eta sozialaren motorra izaten jarraitu ahal izateko baldintza gisa», azaldu du.
Azkenik, adimen turistikoaren sistemak web atari publiko bat izango du datuak argitaratzeko eta kontsultatzeko, eta prestakuntza eskainiko die udal langileei tresna modu eraginkorrean eta jasangarrian erabil dezaten.