Bidaiari

‘Izateko beste erritmo bat’, bizikletaz

’Izateko beste erritmo bat’ lelopean, bizikletaren egunaren inguruan zenbait ekitaldi egingo dira Bilbon. #30egunbizikletaz herri mugimendua 2013an sortu zen, bi gurpileko garraiobidearen eguneroko erabilera sustatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko.

Bizikleta erabiltzearen aldeko jarduerak antolatu dira.
Bizikleta erabiltzearen aldeko jarduerak antolatu dira. (Lazy BEAR | Getty Images)

Bilboko Udalak bat egingo du apirilean #30egunbizikletaz mugimenduarekin, parte hartzaileen mugikortasun ohituretan aldaketa eragin nahian, bizikletaren eguneroko erabilera eta horrek osasunean eta bizi kalitatean eragiten dituen onurak sustatuz. Horretarako, Bilbok atal propioa izango du ‘30 egun bizikletaz’ webgunean, #BiziBilbaoBizikletaz programarekin lotutako edukiak eta jarduerak biltzeko.

Bilboko Udalak gogorarazi duenez, #30egunbizikletaz herritarrek sustatutako mugimendua 2013an sortu zen, bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko. 12 urte geroago, «hirien zerbitzura dagoen baliabide handia da, kaleak txirrindulariz betetzen dituena».

Antolatzaileen esanetan, «Bilboko bizikleta plan berriaren barruan antolatuko diren gainerako jardueren programan bezala, #BiziBilbaoBizikletaz ekimenak parte hartzaileen mugikortasun ohiturak aldatzea du helburu, eta, horretarako, apirilean bizikletaren eguneroko erabilera sustatuko da, osasunerako eta bizi kalitaterako onurekin batera».

’Izateko beste erritmo bat’ lelopean, kanpainaren helburua da herritarrak ohartaratzea bizikleta izan daitekeela «modu askeago, kontzienteago eta zoriontsuago batean mugitzeko bitartekoa».

Proposamena xumea da: webgune ofizialean erregistratzea eta apirilean bizikleta egunero erabiltzeko konpromisoa hartzea, baina, noranahi joanda ere, bizikletan joatea. Esperientzia sare sozialetan partekatu behar da ondoren, #30egunbizikletaz eta #BiziBilbaoBizikletaz traolen bidez.

‘Domeketan bizikletaz’ ekimena

Orobat, apirilean hasiko da ‘Domeketan bizikletaz’ ekimena, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren #BiziBilbaoBizikletaz planaren baitan. Bilboko zortzi barrutietan egingo da bi urtean zehar, urtean lau edizio eginez.

Lehenengo hitzordua apirilaren 6an izango da, Uribarriko barrutian (Funikular plaza), eta herritar guztiei zuzendutako jarduerez betetako eguna izango da. Ikasteko, gozatzeko eta pedalei eragiteko ekitaldia 10:00etatik 14:00etara izango da, festa eta didaktika uztartuz.

Edozein adin eta bizikletarekin edozein esperientzia maila duten pertsonentzat diseinatutako hainbat jarduera eskainiko dira. Gainera, 11:30etik aurrera, Bizieskolaren gune berri bat inauguratuko da Moraza plazako 5 zenbakian.

Ondoren, ‘Domeketan bizikletaz’ ekimenak Ibaiondon, Abandon eta Begoñan jarraituko du aurten, eta barruti bakoitzerako ekitaldi pertsonalizatu bat diseinatuko da. 2026an, Deustu, Errekalde, Basurtu/Zorrotza eta Otxarkoaga/Txurdinaga barrutietara zabalduko da.