Ecozine, ingurumena eta zinema eskutik
Ingurumena ardatz duten dokumentalak ikusteko aukera aparta eskainiko du Iruñean Nazioarteko Ecozine Jaialdiak apirilaren 7tik 10era. Lau dokumental ikusi ahalko dira jaialdian, zeinak elkarrizketetarako eta gizartea eraldatzeko arte gisa hartzen duen zinema.

Ecozine Jaialdiaren sail ofizialean lau dokumental lehiatuko dira. Arratsaldero, proiekzioa amaitu ostean, ikusleek aukera izango dute filma sortu duen taldeko kide batzuekin elkartzeko. Beraz, ikusleek langileen ahotik izanen dute dokumentala egiteko esperientziaren eta zailtasunen berri, eta zehaztasun handiagoz jakinen dituzte filmatzeko prozesuaren eta postprodukzioaren nondik norakoak.
Francisco José Vaquero Robustillo zuzendariaren ‘Vidas irrenovables’ (2024) filmak emanen dio hasiera aurten jaialdiari, hilaren 7an. Argi erakusten du landa-inguruaren biziraupena arriskuan dagoela erregai fosilak energia-iturri berriztagarriekin ordezkatzeko prozesua ez delako planifikatu eta gaizki kudeatzen ari direlako. Landa-inguruneko 47 protagonistaren lekukotza bildu du dokumentalean zuzendariak: trantsizio ekologikoak eragiten dizkien arazoez mintzo dira.
Koba Gómezek zuzendutako ‘Heaven is a closed nightclub’ (2024) dokumentalaren txanda izanen da gero, hilaren 8an. Zuzendariak bere aitaren, amaren eta ahizparen ahotsak uztartu ditu dokumentalean, aitaren etxean aurkitutako argazki-artxibo bat oinarri hartuta. Terra Mítican gertatutako sutearen argazki batzuen bidez, erresistentziazko iruditegi bat berreraikitzen dute Espainiako hiri turistikoenetako batean: Benidormen.
Hiru abenturazale
Hilaren 9an, asteazkenarekin, Miguel García Orive zuzendariaren ‘Sintrópica’ (2024) dokumentala eskainiko dute. Hiru abenturazale ditu protagonista: Jaime Otero Galiziako nekazari sutsua, eta Sergio eta Diogo kideak. Hirurek odisea moduko bati ekinen diote Iberiar Penintsulan barna, jakiak ekoitzi eta aldi berean ekosistemak leheneratzeko, ingurumen-krisia eragin duten praktika konbentzionalak alde batera utzita.
Maurizio Albornoz Iniesta zuzendari argentinarraren ‘Una canción para mi tierra’ (2024) dokumentalarekin amaituko da sail ofiziala, hilaren 10ean. Ramiroren bizipenak kontatzen ditu dokumentalean: musikako irakaslea da Argentinako landa-ingurunean, eta ohartuko da hegazkinek eta ongarritzeko makinek eskolen ondoan lainoztatzen dituztela lurrak, eta ikasleen osasuna arriskuan jartzen dutela. Horri aurre egiteko, komunitatea mugiaraziko duten abestiak konposatzen hasiko da, baina komunitateak errefusatu eginen du haren proposamena, eta orduan Woodstocken gisako kontzertu handi bat antolatuko du.
ECOZINE jaialdia 2007an sortu zen, Zaragozan, Ecozine kultur elkartearen ekimenez. Iruñean 2017tik egiten da, eta bi sail izan ohi ditu: gazteena, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleendako, eta ofiziala, herritar orori zuzendua. Aurten, martxoaren 31tik apirilaren 2ra egin dute gazteen saila, eta film laburrak ikusi ahal izan dituzte ikasleek: aurten jatorrizko bertsioan lehiatu dira lanak, eta ikastetxean lantzeko moduko material osagarria izan dute gainera. 987 ikaslek hartu dute parte gazteen sailean.