Bidaiari

Bide Berdeen Europako Sariak Enkarterrin banatuko dira urrian

Bide Berdeen Europako Elkarteak ematen dituen Bide Berdeen Europako Sariak Enkarterrin banatuko dira urriaren 9an. Albistea Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak iragarri du Burdinmendi bide berdearen gidaren aurkezpen ekitaldian.


Bide berde baten irudia.
Bide berde baten irudia. (Getty Images)

Bide Berdeen Europa Sariak Enkarterrin banatzea «zikloturismoaren arloko nazioarteko erreferentzia gisa Euskadik duen irudia proiektatzen lagunduko dute», Eusko Jaurlaritzaren esanetan.

«Turismo Sailak zikloturismoaren alde egindako apustua argia da, turismo aktiboa eta naturarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin lotuagoa sustatzen baitu. Eta, batez ere, turismo jasangarritasunaren funtsezko zutabeei mesede egiten die: turismoa lurralde osoan banatzea eta desestazionalizazioa», azaldu du.

Basquetour agentziak egin du Burdinmendi bide berdearen gida. Ibilbidea lehentasunezko jarduketa eremuen funtsei esker birgaitu da.

Bizkaiko bide berderik luzeena

Sailburuak azaldu duenez, Burdinmendi bide berdearen gidarekin amaituko da ibilbidea birgaitzeko eta hobetzeko eta turismo sustapenerako prest jartzeko lana. Bizkaiko bide berderik luzeena da, eta Bilborekin bidegorrien bidez lotzeko aukera eskaintzen du, liburuxkan nabarmentzen denez, eta, beraz, lurraldea egituratzen laguntzen du. Abanto-Zierbena, Artzentales, Galdames, Muskiz, Sopuerta eta Zierbena dira bidea mantentzen duten udalerriak.

Hurtadok jakinarazi duenez, lehentasunezko jarduketa eremuen funtsen bidez, Jaurlaritzak 6,5 milioi inbertitu ditu hainbat udalerri eta eskualdetan jarduketa turistikoak gauzatzeko, eta horietatik 500.000 euro bideratu dira Abanto-Zierbenako jarduketetara, bide berdeari eta haren inguruneari dagokienez.