‘Tuk-tuk’ak ezin dira ibili Lisboako erdiguneko toki askotan
Lisboako ‘tuk tuk’ek debekatuta dute hiriburuko gune historikoko 337 kaletan ibiltzea. Gobernuak erabaki du debekatutako kaleen kopurua igotzea, gidariaen artean kezka gehiago eraginez. Azken murrizketek Santa Maria Maior, Arroios, Penha de França eta São Vicente eskualdeei eragiten diete, guztiak hiriburuaren bihotzean.

Debekatutako bideetan, ‘tuk tuk’ak ezin dira ibili, ezta aparkatu eta gelditu ere. Zehazki, 275 kaletatik 337ra igo da debekatutako kaleen kopurua. Aldi berean, aparkatzeko leku berriak sortu dira.
Udaltzaingoari Lisboako Mugikortasun eta Aparkaleku Enpresako ikuskatzaileak gehitu zaizkio, muga horiek betetzen direla zaintzeko. Neurri horiek leku enblematikoetan aplikatzen dira, hala nola Praça do Comércion, Bairro Altoko zati handi batean eta São Jorge gazteluaren inguruetan.
Gonçalo Silva gidari turistikoa da Praça do Rossion. Bere ustetan, ibilgailu horien saturazioaren konponbidea ez da zirkulazioa mugatzea, lizentziak emateko baldintzak gogortzea baizik. Handik ez oso urrun, Liberdade etorbidean, beste gidari batek, Pedro Mendesek, zera dio: «Oraindik goiz da ondorioak ateratzeko».
Espaloi garbiak
«Dena den, Lisboako bizilaguna naizenez, uste dut oso ondo dagoela kale batzuk zeharkatzea eta garbi daudela ikustea, ez daudela ‘tuk tuk’ak espaloi gainean edo gaizki aparkatuta», gehitu du.
Uste berekoa da Antónia Reboso. Azken bi hamarkadetan Ogasunaren bulego batean egiten du lan Baixa Chiadon, eta pozik dago mugak jarri dituztelako. Izan ere, ibilgailu horiek dira erdiko auto-ilaren eta ‘Lisboako sinbolismoa’ hondatzearen errudunak.
Hiriburuko Udalak ohar batean azaldu duenez, neurri horiek «sektoreari lotutako elkarte eta erakundeetako arduradunekin» izandako elkarrizketaren emaitza dira, eta «bide zehatzak» planteatzen dituzte hiri-espazioaren kudeaketa hobetzeko.
Hirigune historikoan ‘tuk tuk’ eta beste ibilgailu turistiko motordun batzuk ugaritu izanak kexak eragin ditu Lisboako bizilagunen artean, baina baita Portugalgo beste hiri batzuetan ere, hala nola Cascaisen, Sintran edo Porton.