Gipuzkoako turismo plano berria garatu dute
Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak lurraldeko turismo plano berria garatu du, eskualde bakoitzak eskaintzeko duen aberastasun kultural, historiko eta naturalari balioa emanez. «Turismo orekatuagoa eta bidezkoagoa» eskaini nahi dute, «eremu ezagunenen saturazioa saihestuz».

«Gipuzkoako eskualde guztietan turismo industria indartu» nahi du Gipuzkoako Diputazioak, «aukera turistikoak herrialdeko baliabide eta txoko guztietara zabaltzeko». Azahara Dominguez diputatuaren hitzak dira, Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak egindako lurraldeko turismo plano berriaren aukezpen ekitaldian esandakoak. Bertan izan ziren, halaber, Libe Otegi turismo zuzendaria eta eskualdeetako ordezkariak.
Plano turistiko berriak «ikuspegi berritua» aurkezten duela esan zuten eta eskualde bakoitzak eskaintzeko duen aberastasun kultural, historiko eta naturalari balioa eman nahi diola. Era berean azpimarratu zuten planoa 31 turismo bulego, alojamendu, ostalaritza elkarte eta bestelako turismo baliabideetan banatuko dutela, informazioa ahalik eta pertsona gehienengana iritsi dadin.
Turismo jarduerak sortzen duen aberastasuna modu orekatuagoan banatu nahi dute eskualde guztietan, eta «turismo orekatuagoa eta bidezkoagoa» eskaini nahi dute, «eremu ezagunenen saturazioa saihestuz». «Gaur egun, turismo industria BPGren %8,4 dela gogorarazi dute, nabarmenduz datu horrek erakusten duela turismo industria dela gaur egun lurraldeko eragile ekonomiko nagusietako bat.
Aste Santuko kanpaina
Dominguezek iragarri du, bestalde, Aldundiak Aste Santurako kanpaina turistiko berria abiatuko duela, merkatu nazionalera zuzendua eta bisitarien fluxuak lurralde osoan banatzea bilatzen duena. Adibidez, Urola Erdia Hirumaren bidez jarriko dute ikusgai turistentzat, arte garaikidearekin lotutako erakusketak eta jarduerak eskaintzen dituen kultura eta arte gunea. Era berean, Geoparkeko Bira Urola Kostako Euskal Kostaldeko Geoparketik igarotzen den ibilbidea da, formazio geologiko paregabeak esploratzeko aukera ematen duena.