Sagardoetxeak eskaintza gastronomiko berezia eskainiko du Aste Santuan
Urtero bezala, Aste Santurako egitarau berezia prestatu du Astigarragako Sagardoetxeak bisitarientzat, bai bertakoentzat, bai kanpokoentzat. Apirilaren 17tik 27ra bitartean hamaika ekitaldi gastronomiko izango dira sagardoaren museoan.

Astigarragako Sagardoetxeak eskaintza gastronomiko berezia eskainiko die bisitariei Aste Santuan, ohiko bisita gidatuez gain, sagardoa eta Idiazabal, Roncal eta Iraty jatorrizko deituradun Euskal Herriko gazten dastaketak antolatu baititu.
Sagardoetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, urteko sasoi honetako ohiturari jarraikiz, sagardoaren eta Euskal Herriko gazten dastaketa berezia eskainiko du apirilaren 17tik 27ra. Beraz, bisita gidaturen ostean, bisitariek sagardotegiko otorduarekin osatu ahalko dute jardunaldia, «txotxaren errituaz gozatuz eta sagardoaren kulturako esperientzia borobilduz».
Ordutegia
Apirilaren 17tik 20ra eta 22tik 26ra, bisitak 11:00, 12:00, 13:00, 16:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan izango dira, eta apirilaren 21ean eta 27an, berriz, 11:00, 12:00 eta 13:00etan.
Prezioei dagokionez, Sagardoetxeko bisita gidatuak dastaketarekin 7 euro balioko du helduentzat, 5 euro 7-17 urtekoentzat eta doan 0-6 urtekoentzat. Gainera, Sagardoetxeko bisita gidatua dastaketarekin eta sagardotegiko otorduarekin egiteko, helduek 49 euro ordaindu beharko dute (sagardotegiko ohiko menuarekin), 7-17 urtekoek 26 euro (menu bereziarekin) eta 0-6 urtekoek 23 euro (menu bereziarekin).
Nola iritsi
Sagardoetxera lehen aldiz joaten direnentzat hona hemen informazio baliagarria: norbere ibilgailuan joaten bada, aparkalekua izango du Astigarragako erdialdean (Kale Nagusia) eta industrialdean (Donostia ibilbidea). Aparkalekutik gutxi gorabeherako denbora: 5-10 min. Lineako autobusa aukeratzen badu, berriz, Donostiatik (Okendo kalea) eta Hernanitik (Txirrita kalea): BU12 eta BU13 ibilbideak.