Bidaiari

EAEko hoteletako sarrerak %6,4 eta ostatu gauak %6,3 gutxitu dira martxoan

Euskal Autonomia Erkidegoko hotel establezimenduek 281.462 sarrera eta 539.566 ostatu gau erregistratu dituzte martxoan, hau da, 2024ko hilabete berean baino %6,4 eta %6,3 gutxiago, hurrenez hurren. Kontuan izan behar da iaz Aste Santua martxoan ospatu zela eta aurten apirilean izan dela, Eustat euskal estatistika erakundeak jakinarazi duenez.

EAEko hotel establezimenduetan bisitariek egindako batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa izan da martxoan.
EAEko hotel establezimenduetan bisitariek egindako batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa izan da martxoan. (Getty Images)

Martxoan izandako sarreren %38,5 eta ostatu gauen %40,6 atzerritik heldutako pertsonenak izan dira, eta horien urte arteko jaitsiera %5,8koa izan da sarreren kasuan eta %3,1ekoa ostatu gauenean.

Lurraldeka, Araban 36.984 sarrera eta 81.433 ostatu gau erregistratu dira, 2024ko martxoan baino %11,2 eta %5,5 gutxiago, hurrenez hurren; Bizkaian, berriz, 128.894 sarrera erregistratu dira, iaz baino %2,0 gehiago, eta, ondorioz, 238.618 ostatu gau izan dira, %0,6 gutxiago; Gipuzkoan, bestalde, sarrerak %12,9 eta %12,1 ostatu gauak gutxitu dira, 115.584 eta 219.515 zenbatetsi ondoren, hurrenez hurren.

Hiriburuen arabera, sarreren kopuruak behera egin du urte artean Gasteizen (-%9,5) eta Donostian (-%15,4), eta Bilbon gora (%9,5). Ostatu gauetan, antzera, %3,4 jaitsi dira Gasteizen eta %13,6 Donostian, eta %7,0 igo Bilbon.

Batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa

Bestalde, EAEko hotel establezimenduetan bisitariek egindako batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa izan da martxoan, aurreko urteko hil berean izandako bera. Batez besteko egonaldia bidaiariek gaua igarotzen duten establezimendu bakoitzean batez beste igarotzen duten egun kopuruari dagokio, eta ez EAEn ematen duten egondaldi osoaren iraupenari.

Okupazio maila %48,6koa izan da plazen arabera neurtuta erkidego mailan, eta %60,2koa logelen arabera neurtuta, 2024ko martxoaren aldean %4,6 eta %3,8 jaitsita, hurrenez hurren.

Orobat, bainugela duen logela bikoitz bati eguneko aplikatutako batez besteko tarifa 89,0 eurokoa izan da, hau da, %3,9 txikiagoa 2024ko martxoan baino. Tarifa 93,3 euroan kokatu da Gipuzkoan, 89,7 euroan Bizkaian eta 76,3 euroan Araban, eta, hiriburuen arabera, 106,4 euroan Donostian, 95,2 euroan Bilbon eta 67,3 euroan Gasteizen.

Azkenik, EAEko hotel establezimenduetako logela eskuragarri bakoitzeko batez besteko diru sarrerak 53,6 euro izan dira, hau da, aurreko urteko hil berean baino %9,7 gutxiago.