Bidaiari

Ekuadorreko Ilargiaren Museoa, Andeetako «kosmobisiorako bidaia»

Andeetako kosmobisioarekin lotutako zeremonia batean Ilargiaren Museoa aurkeztu berri da. Ekuadorreko Catequilla muinoaren gainetik «astroturismoa» sustatzeko ekimena da.

Ia-ia 3.000 metroko altueran dago Quito.
Ia-ia 3.000 metroko altueran dago Quito. (Rene Holtslag | Getty Images)

Catequilla, zibilizazio preinkaikoek astronomia behatzeko toki «sakratutzat» zutena, Quiton dago, itsasoaren mailatik 2.638 metrora. Kalkulu historikoen arabera, «zero paraleloak» zeharkatzen du, planeta bi hemisferiotan banatzen dituen ekuatorearen lerroak.

Ekuadorreko ekintzaile talde batek bultzatutako proiektuaren helburua gune honen garrantzi astronomiko eta kulturala berreskuratzea da, kolonaurreko biztanleek zeremoniak eta azterketa astronomikoak egiten baitzituzten bertan.
«Mundua zatitzeaz gain, batu egiten duen leku honi balioa eman nahi diogu», adierazi zuen Daniel Yepes Brito proiektuaren sortzaileetako batek.

Inaugurazioa ekinozioarekin kointziditzeko programatu zen. Ekinozioa, gainera, Andeetako urte berriaren hasiera da, naturaren eta antzinako tradizioen arteko lotura nabarmentzen duen une esanguratsua.

Konstelazioak iparraldean eta hegoaldean

Guneak museo interaktibo bat, kanpatzeko eremuak eta «astroturismoa» egiteko lekua izango ditu, eta bisitariek ipar zein hego hemisferioko konstelazioak ikusi ahal izango dituzte.

«Hemen zeru-ganga osoa ikusteko pribilegioa dugu, eta hori da ekinokzioaren lerroaren mirari handienetako bat», gaineratu zuen Yepesek. Gainera, tailerrak eta hezkuntza-jarduerak eskainiko dira, bisitariek Andeetako astronomiari buruz eta astronomiak jatorrizko kulturen eguneroko bizitzan duen garrantziari buruz ikas dezaten.

Museoaren inaugurazioarekin batera, zeremonia tradizional bat egin zen. Bertako komunitateko kideak bildu zituen, lurra eta astroak ohoratzea helburu duten erritualetan parte hartuz.

«Komunitatearekin batera garatu nahi dugun proiektu baten hasiera baino ez da hau, esan zuen Yepesek, zeinak elkarlanaren eta tokiko tradizioen errespetuaren garrantzia azpimarratu zuen.

Topagunea

Ekimen honekin, Ilargiaren Museoaren sustatzaileek turisten arreta erakartzeaz gain, belaunaldien arteko elkarrizketa eta Andeetako kosmobisioaren babesa sustatuko duen topagune bat sortzea espero dute.

«Bizitza beti kontrakoen osagarri gisa ikusi duen Andeetako kosmobisio hau ere berreskuratu nahi dugu», adierazi zuen.

Asmoa da Ilargiaren Museoaren multzoa erreferente kultural eta turistiko bihurtzea, Catequilla eta inguruen garapen iraunkorrari lagunduz.

Proiektua, gutxi gorabehera, bi urte barru amaituko da eta hainbat garapen-fase hartzen ditu barne, besteak beste, kanpatzeko gunea martxan jartzea. Gune horrek etxolak eta gaueko ibilbideak eskainiko ditu, eta, ondoren, behin betiko museoa eraikiko da.