Munduan pasieran

Artearen klasikoak, zentzumen guztien bidez

Teknologiari esker, soinua, mugimendua eta dimentsio berri bat lortu dute zenbait artisten obra klasikoek Londres ("Framless") eta Iruñean ("Impresionistas") ikusgai diren bi erakusketetan.

Joseph Wrighten "Vesuvioren erupzioa" artelanaz guztiz miretsitako ikusle bi. Daniel LEAL | AFP
Joseph Wrighten "Vesuvioren erupzioa" artelanaz guztiz miretsitako ikusle bi. Daniel LEAL | AFP

”Framless” (Mugarik gabe, ingeleraz) erakusketa 2022ko urritik 2023ko otsaila bitarte ikusgai izanen da Londresko Marble Arc plazan. Ez zara koadro bati begira egonen, koadro horren barnean baizik, zentzumen guziak pizturik. Canaletto, Paul Cezanne, Salvador Dali, Kandinski, Gustav Klimt, Monet, Rembrandt edo Vincent van Goghen pintzel kolpe bakoitzaren, kolore zipriztin bakoitzaren eta inspirazio une bakoitzaren barnean sartuko zara. Inoiz ikusi edo sentitu ez duzun moduan gozatuko duzu arteaz. Adin guzietako bisitariak kitzikatzeko gai da Erresuma Batuko mota honetako erakusketarik handiena, zeinak hiru galeria biltzen baititu.

Ildo berean, Iruñeko Baluarte auditorioan, eta 2023ko urtarrilaren 15a bitarte, "Impresionistas" (Inpresionistak) erakusketa egonen da ikusgai. Harresiaren Aretoan inpresionismo korrontearen hamar artista garrantzitsuenen obrek mugimenduz eta soinuz biziberrituko dira teknologiari esker. 4,50 metroko altuera eta 24 metroko zabalera duten hamabi pantaila erraldoiren bidez, bisitariek XIX mendeko maisuen argi, kolore eta tekniketan murgildu ahal izanen dira, garai hartako estetika zurrunaren aurka matxinatu ziren margolariengana zentzumen guzien bitartez iristeko. Monet, Renoir, Van Gogh, Cézanne, Manet, Gauguin, Morisot, Degas, Pisarro eta Toulouse-Lautrec, inoiz baino biziago.