Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: Getty eta FOKU

Sorginen ibilbidea, bidezidor magiko eta misteriotsuetan barrena

Leizeen Ibilbideak –Sorginen Bidea ere esaten zaio– Sara eta Zugarramurdiko haitzuloak lotzen ditu, akelarreak, kontrabandoa, mugalariak, elezaharrak, suak eta mitoak gogora ekartzen dituen bidezidor magiko eta misteriotsu baten bidez.

Geologoen arabera, ur tanta txiki eta sinple bat gai da, apaltasunez baina atsedenik gabe, milaka urtean lurra zulatuz mirari naturalak sortzeko. Hain zuzen ere, Sorginen Ibilbideak horixe berresten du. Ibilbideak Sara du abiapuntu, Larhun mendiaren soslaiak babestutako Lapurdiko herrian. Erdigunetik bi kilometrora dauden haitzuloetan barrena bidea hasi baino lehen, bisitariak koben historia ezagutuko du ikus-entzunezko baten bidez, eta, ondoren, leizean sartu eta pasabideetan kilometro bat egin dezake aurrera. Bidean zehar hainbat formazio geologiko ikusiko ditu, baita duela 10.000 urte kobazuloan bizi izan ziren hartzen aztarnak ere.

Giza eboluzioari eta euskal mitologiari buruzko azalpenak entzuten dituen bitartean, bisitariak nolabait Joxemiel Barandiaran arkeologo eta etnografoaren presentzia sentituko du. Hark ikertu zuen leizea eta, hain zuzen, bisita gidatua hari eskainia dago, haren bizitza osoari eskertza moduan. Argi eta soinu bidezko sistema aurreratua erabiltzen du bisita gidatuak.

Sarako kobazuloak ingurune ikusgarrian daude, baso, zakardi, hezegune, leize eta itsaslabarrez osatutako gune dibertsifikatuetan sakabanatuta. Fauna eta flora aberatsa eta askotarikoa du, baita espezie endemiko batzuk ere. Inguruan, orein hegalaria, hanka zuriko karramarroa, barraskilo pikardatua, alpetar kakalardo adarluzea, drosera, soldanella villosa eta beste espezie babestu asko bizi dira, zenbait saguzar espezierekin batera.

PARKE MEGALITIKOA

Gainera, aire zabaleko parke megalitiko batean gizakiak historiaurrean –K.a. 2.800 urtetik Burdin Aroraino– sortutako zenbait monumenturen erreprodukzioak daude ikusgai. Panel informatiboen bidez monumentu horien sekretuak eta zenbait errituren nondik norakoak deskubrituko ditu bisitariak; besteak beste, errausketa eta ehorzketaren ingurukoak.

Kobazuloen xehetasun bitxi bat lurrean pilatutako urmaelak dira. Bertan, argi eta garbi islatzen da leizearen sabaia, eta horrek, une batzuetan, efektu bisual xelebrea sortzen du; uretara begiratuta beste barrunbe bat dagoela dirudi.

Sarako kobazuloa bisitatu ondoren, ibilbidea –urdinez margotutako pottoka batez seinaleztatua– basoan sartzen da, eta banaka identifikatuta dauden zuhaitzak ikusiko ditugu bertan. Ikusgarriak dira ehun urtetik gorako haritz harrigarriak. Eta, Zugarramurdirako bidean, beste haitzulo bat dago, Axlor, baina espezialistak bakarrik sar daitezke.

SORGINEN LEIZEA ETA MUSEOA

Behin Zugarramurdin, Xareta eskualdea bitan zatitzen duen lerrotik gertu, bi aukera daude: Sorginkeriaren Museoa bisitatzea edo zuzenean Sorginen Leizeetara sartzea. Giro liluragarri, misteriotsu eta bereziki magikoz zipriztinduta daude horiek. Lehen aldiz bisitatzen dutenak erabat liluratuta geldituko dira Infernuko Errekak zeharkatutako sarrerako «ate» dotorea parez pare ikustean. Paisaia benetan paregabea da, Euskal Herriko naturagunerik erakargarrienetako bat.

Alabaina, sarrera deigarriak ez ezik, txoko magikoaren historia interesgarriak erakarriko du bisitaria, akaso aldez aurretik jakitun izan arren: lekua kultu gune paganoa izan zen, harik eta XVII. mendean inkisidore batek –Juan del Valle Albarado– herriko 300 bizilaguni leporatu zien arte sorginkeria praktikatzea, deabrua gurtzea eta orgietan parte hartzea. Haietako hamabi sutan erre zituzten -besteak beste, Graziana Barrenetxea-, eta beste asko torturatu eta espetxeratu egin zituzten.

Haitzuloa bisitatzen dutenek Akerren tronua zegoen lekua ere aurkitu ahal izango dute goiko aldean. Behean, berriz, akelarreko gainerako partaideak sakabanatzen omen ziren suaren inguruan.

INFERNUKO ERREKA

Barrunbe nagusia gaur egun oraindik emaria duen Infernuko Erreka ur-korronteak zulatu zuen. Uraren eraginez, 120 metroko luzera eta 12 eta 26 metro arteko zabalera duen tunela osatu da, batez beste 10 eta 12 metro arteko garaiera duena.

Beste bi galeria daude, altuagoak. Hain zuzen ere, leku horretan ospatzen da urtero San Joan bezpera, eta abuztuaren 18an zikiro-jatea egiten da. Mila bat lagun elkartzen dira.

Haitzuloa zeharkatu ondoren, gomendagarria da Sorginen Museora hurbiltzea. 2007an inauguratu zuten, XVIII. mende amaierako ospitale zahar batean. Erakusketa iraunkorrak, batez ere, Inkisizioaren biktimak ditu ardatz, eta 1609-1614ko prozesu inkisitorialaren errepasoa egiten du. Azken batean, dolu eta oroimenerako gunea da; hain zuzen, kontakizun fantasiatsuekin jositako gertaera sinesgaitzak leporatuta, sutan hiltzera kondenatutako emakume eta gizonen memoria ardatz duena.

Sorginei eskainitako museoa, gainera, leku aproposa da landare sendagarriei buruz emakume haiek zuten ezagutza sakonaren berri izateko; izan ere, garai haietan Eliza katolikoaren interesekin bat egiten ez zutenek ama lurrari eskainitako ekitaldiekin ospatzen zituzten ilargialdiak eta urtaro-aldaketak.