Andoni Urbistondo

Erga, ermitadun mendien xarma

Euskal Herrian ehunka ermita daude. Horietako batzuk mendi tontorretan edo horietatik gertu. Nafarroan badira dozenaka batzuk. San Donatokoa, ziur aski, denetan ezagunena, Beriain mendian. Handik gertu dago Erga mendikoa, Trinitate ermita, izen bereko mendi magalean. Txango erraza da hau, bizpahiru ordukoa, udako bero eta erauntsietatik ihesi.

Mendiko ermitek xarma berezia dute.
Mendiko ermitek xarma berezia dute.

Pentsatzen hasi, eta ez dira gutxi Euskal Herriko mendi tontorretan dauden ermitak. Baseliza horiek aberats dira historian, mende askoko antzinatasuna baitute. Kondairak dio fededunak ustez zeruan dagoen Jainkoarengandik gertuago egoteko eraiki zituztela ermita horiek, Ahalguztidunaren babesa gertuagotik sentitzeko. Eliza katolikoak gure herrian izandako eraginaren ondorio ez hain polit izanen dira beste askorentzat; han eta hemen barreiatuta dauden gurutze eta kalbarioak bezala.

Kontua da baseliza horiek fededunak eta fededun ez diren asko erakartzen segitzen dutela egun, mendizaleak erlijio sinesmen bat edo beste izan. Egun berezi edo jakinetan hainbat prozesio egiten dira ermita horietaraino.

Gaurko mendi txangoko gailurraren magalean dagoen baselizara ere bai: Ergako Trinitate ermita. Ekainaren 15ean egiten dute prozesioa bertara urtero, eta ehunka lagun bertaratzen dira Irurtzun eta inguruko herrietatik. Ergak, mendi handia den heinean, herri asko ditu inguruan: Irurtzun bera, Latasa, Eraso, Zarrantz, Zia, Aginaga, Gulia, Aizkorbe… Eta horietatik denetatik, noski, 1.094 metroko tontor dotorera igotzeko xenda politak.

Errazena, edo motzena: Aizkorbe herrixkatik abiatzen dena. Irurtzundik kilometro pasatxora dago, Iruñea hiriburura daraman errepide zaharraren alboan. Irurtzundik bertatik ere aise igo daiteke, bide horrek Aizkorbetik datorrenarekin bat egiten baitu baselizatik 20 bat minutura. Ibilbide zirkularra egin daiteke lasai asko, txangoa egin ostean Irurtzunen zintzurra freskatu nahi bada, beroaren preso. Aizkorben ez dago tabernarik.

500 METROKO DESNIBELA

Esan dugu txangoa motza dela, baina ez horregatik erraza. Bi kilometro eskas daude Aizkorbetik Trinitate ermitaraino (1.008 metrora dago), eta 700 metro gehiago gailurreraino (1.094 metro). Horrek esan nahi du distantzia txikian 500 metroko desnibela gainditzen dela, eta udan, eguzkiak Sakana eta Imotz bailaretako bazterrak erraz berotzen dituenean, izerdi putzuan murgilduko gara azkar, Aizkorbetik oinez hasi eta berehala. Eskerrak pista eta mendi xenda haritz eta astigar zuhaitzez josia dagoen, eta itzal pixka bat ematen duten. Ur potoa ondo betea eraman badaezpada.

Aizkorbeko azken etxeetan utz daiteke autoa, menditik ahalik eta gertuen. Pista batean egiten da bidea aurrena, malda tente samarrean dagoeneko. Azkar hesi bat eta pasabide kanadar bat zeharkatu, eta porlanezko pista lur bide bilakatuko da. Ordu laurdena pasatuta Irurtzunera doan bidearekin egingo du topo. Zuzen joko dugu, ekialderantz. Tarteka Ergako Trinitate ermita ikusiko dugu buruz gain.

Abereentzako aska bat ere ikusiko dugu, ur freskoa dastatzeko aukera ona. Txorrota emaritsua da, uda betean gaudela aintzat hartuta. Sigi-saga batzuk egin eta pista mendiko xenda bilakatuko da ordu erdiko bidea osatzen dugunerako. Xendan, azkar, Irurtzunera daraman xenda ikusiko dugu, baina bueltarako utziko dugu. Basoa indarra galtzen doa, goi larreei tokia uzteko, baina Trinitate baseliza ikusezin mantentzen da azken unera arte. Ataka bat pasatu eta han agertuko zaizkigu begien aurrean aterpe handi bat, eta ermita bera.

Aterpea ermitauarentzat eraiki zen. Baseliza noiz eraiki zen ez dago data zehatzik, baina 1935. urtera arte ermitaraino igotzen zen hareharrian zizelkatutako Trinitatearen irudia, XIV. mendekoa, idi gurdi batean. Orduz geroztik ermitan pastazko erreplika dago, eta benetako irudia Aginagako parrokian gordetzen da. 36 eskailera igo behar dira ermitara iristeko, baina itxita egoten da, ekainaren 15ean salbu. Egun horretan meza ematen du apaizak, euskaraz eta gazteleraz.

BISTA ZORAGARRIAK

Trinitate ermitako ertz batetik Iruñerri osoa ikusten da, Elomendi eta Itzaga mendi puskak zaindari dituela. Saioa eta Baztan aldeko mendiak ere ikusten dira, eta Goñerri (Goñibar) bailara. Baita Gaztelu eta Txurregi mendiak ere, Beriaingo ezproiaren ekialdeko atea. Ermita atzean utzi eta kanoien bidea hartuko dugu, Erga gailurrera iristeko. XIX. mendeko gerra zibiletan artilleria soldaduek erabiltzen zuten bidea omen. Ordu laurdentxoan goia joko dugu.

Erga gailur berezia da, lautada handi samar batekin gailurrean. Dolina antzeko bat ere badu, lautada horren erdian, jatorri geologikoko sorkuntza. Irurtzungo Iratxo Mendi Taldearen postontzi ederra dago gailurrean, baita aizkora bat ere, Erga mendiaren izenarekin (1.094 metro).

Gailurretik ikuspegia oso aberatsa da. Beriain eta San Donato ermita, Nafarroako ezagunenetakoa, agertzen zaizkigu mendebaldera, baita Aizkorri eta Aralarko San Migel ere. Iparrera Aralarko Malloak, eta gure hankapean Biaizpe harratea edo pasabidea deiturikoa, Larraun ibaiak Arakil ibaiarekin bat egiteko gizaldietan egin duen arrakala ikusgarria.

Haiek gertutik ezagutzeko aukera bada, Artola gailurrean barrena A-15 autobideraino jaitsiz. Horrek gure txangoa ordu pare batez luzatuko luke, baina, eta beroak eta trumoi hotsek itzuliko bidea hartzeko aholkatu digute. Biaizpe pasabidea sarri ikusiko duzu, autoan pasatzen bazara. Ergako Trinitate ermita ere bai, Irurtzun inguratzean, ederki ikusten baita. Hurrena geldialditxoa egin, eta bisitatu baseliza.

Itzulera bide beretik egingo dugu, baina mendi xenda bukatzear dela, Irurtzunera daraman xenda hartuko dugu. Ez dauka galbiderik, zuhaitz batean ixa bat agertzen baita marraztua. Bide hori ez dela segitu behar dioen seinalea da hori. Handik Irurtzunera 20 minutu bakarrik daude, eta han atseden hartu lasai. Aizkorben utzitako autoraino itzultzeko beste 20 minutu eskas beharko ditugu, Plazaola trenbidea zenaren bidetik.