Urtzi Urrutikoetxea

Paramaribo, Hiru Guyana ezezagunetako hiri ederrenean

Hego Amerikan bisitari gutxien jasotzen duen eskualde bateko hiribururik ederrenetakoa da. Egurrezko eraikinez beteriko erdialde kolonial ederra dauka herrialdeari izena ematen dion Surinam ibaiaren ertzean, eta Unescoren Munduko Ondare da. Oso bisitari gutxi jaso ohi dituzte hiru Guyanek. Gehienek biztanle gutxiko barnealdea bisitatzen dute, naturaguneen bila. Baina hiruren erdian egonik, litekeena da Surinameko hiriburutik pasatzea.

Waterkant edo Waterside ibai pareko kalea. Paramaribo erdigunea, eraikin historikoz eta egurrezko etxe kolonialez betea, Unescoren Munduko Ondarearen zerrendan dago. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Waterkant edo Waterside ibai pareko kalea. Paramaribo erdigunea, eraikin historikoz eta egurrezko etxe kolonialez betea, Unescoren Munduko Ondarearen zerrendan dago. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Antilletan ibili denarentzat ere, nahaste bitxia da Surinam, eta ez hizkuntzagatik bakarrik: Herbehereen kolonia ohia izanik, haren menpeko lurralde guztietako jatorridun pertsonak aurki daitezke oso biztanle gutxiko lurralde handi honetan. Hiri atsegin eta koloretsua da, historia bizi eta aberatsetakoa, Europa, Karibe, Amerika indigena, Asia eta Afrika batuta sortutako hiriburu txiki bat.

Hego Amerikan nederlanderaz mintzatzen den herrialde bakarra da Surinam. Kontinente osoan gutxien bisitatzen den herrialdea ere bada. Gainerako lurraldeak Espainiaren edo Portugalen menpe egon ziren, eta espainiera edo portugesa dute hizkuntza ofizial (batzuetan, hizkuntza indigenekin batera).

Azoka zentrala. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Paramariboko erdiguneko etxe dotorea. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Guyanak, berriz, Orinoko eta Amazonas ibaien delten artean hedatzen den eskualdea gutxi gorabehera, Karibera eta Atlantikora begira izan diren lurraldeak izan dira, europar metropolien kolonia garaian. Metropoli horiek Erresuma Batua, Herbehereak eta Frantzia izan dira (Parisen kasuan hala da oraindik). Surinamek 1975ean lortu zuen independentzia; beraz, 50. urteurrena ospatuko du aurten, azaroan.

Nahastearen emaitza Hego Amerikako iparraldeko kostaldeko txoko honetako kultur adierazpenetan, bizimoduan, hizkuntzan eta sukaldaritza berezian islatzen da

Nederlandar eta ingeles jatorrikoak, bertako arawak eta karibe hizkuntza-taldeetako indigenak, Afrikan esklabo hartu eta matxinatutakoen ondorengoak, Indonesia, Txina zein Indiatik lanera behartutakoen ondarea... herri horietako guztietako kideak elkarrekin bizi dira Paramaribon. Oraindik ere beren kulturetako elementuei eusten diete, eta era berean gainerako herritarrenei, eta gero besteen elementuekin nahastu ziren. Nahaste horren emaitza Hego Amerikako iparraldeko kostaldeko txoko honetako kultur adierazpenetan, bizimoduan, hizkuntzan eta sukaldaritza berezian islatzen da.

Piraguak eta bestelako ontziak Surinam ibaian. (Getty Images)

Basilikaren egurrezko barnealdea. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Paramariboko kaleetan aurkitzen diren bisitari gehienak (ez dira asko horiek ere) Herbehereetatik kolonia ohia ezagutzera etorritakoak dira. Hiriaren edertasuna eta historia miresten dute, eta bitxia egiten zaie nederlanderaz egitea Ameriketan. Kaleko merkatuetatik hiriko jatetxeetara, Surinamen nahaste etnikoa izan ohi dute abiapuntu, herrialdeko gainerako aberastasun naturalak ezagutzera joan baino lehen.

Kultura eta hizkuntza nahaste honetan, ondare interesgarrienetakoa zimarroiena da. Biztanleen %20tik gora dira Afrikan esklabo hartu ostean Guyanan ihes egitea lortu zuten pertsonen ondorengoak. Oihan barnean komunitate libreak sortu zituzten, eta sarritan bertako Hego Amerikako herri indigenen ohitura asko bereganatu zituzten.

Azokaren kanpoaldea. (Gert-Jan van Vliet | Getty Images)

Henck Arron kaleko eraikin ofizialak, eta katedrala amaieran. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

“Sranan togo” da bertako zimarroi horiek garatu eta nederlandera jatorri duen kreolera, ahoz gehien mintzatzen dutena da Paramaribon eta inguruan. Hegoaldean eta komunitate indigenetan badituzte beren hizkuntzak; hiriburutik hurbil dauden herrietan ia galduta daude; oihanean urrunago dauden herrietan hobeto eutsi diete. Oro har, ingelesa nahiko zabalduta dago, Herbehereetan bezala, baina ez da herritarrek darabilten hizkuntza.

ERDIGUNE IKUSGARRIA

Ostatutik metro gutxira daukagu Onafhankelijkheidsplein, hots, Independentzia Plaza. Hiriaren eta are herrialdearen erdigunea da belardi luze eta handia; presidentearen jauregia alde batean, Auzitegi Gorena eta ministerioak bestean, eta urrunago Biltzar Nagusia. Hemendik metro gutxira daude Paramariboko interesgune nagusiak.

Goian, Paramaribo erdigunearen aireko irudia, Suriname ibaia eta Independentzia plaza ageri direla. (Anton GOTS | Getty Images)

Azokaren inguruko kaleak jendez gainezka egoten dira. (Gert-Jan van Vliet | Getty Images)

Biltzar Nagusiaren atzetik Surinam ibaiaren ertzera joanda, esaterako, paramaribotarren leku txukunetako bat dago, ilunabarretan batez ere ibaira begira egoteko. Belardiaren beste aldean Fort Zeelandia dago; herrialdearen historiari buruz ikasteko ezinbesteko lekua da XVII. mendeko gotorleku kolonial hau. Inguruan egurrezko etxe kolonial bikainak daude, hiria Unescoren Munduko Ondarean egoteko motiboetako bat dira.

Herrialdearen historiari buruz ikasteko ezinbesteko lekua da XVII. mendeko Fort Zeelandia gotorleku koloniala

Ibaiertzari jarraituta Waterkant dator. Hiriko erdigune bizia da eta eraikin kolonial historikoz beteta dago. Kale luzearen amaieran, beti ibaia ezkerretara izanda, azoka zentrala dator. Merkatu estaliko postuak bizi-bizi egoten dira goizean goizetik.

Fort Nieuw Amsterdamen Powder House (bolborategia). (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Errioia. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
SINESMENEN TOPALEKU

Azokatik, ibaitik urrunduz, Jodenbreestraat kale luze eta dotorea abiatzen da; juduen kalea, alegia. Duela lau mende Iberiar penintsulatik ihesi Herbehereetako kolonietara iritsitako judu sefardiek barnealdeko sabanan lan egin ostean, Paramaribora iritsi ziren haietako batzuk. Eraikin historiko ugari daude, eta kalearen amaieran Neve Shalom sinagoga dago. 1835ean eraikia, herrialdeko juduen tenplu nagusia da.

Haren aldamenean, sinagoga bezain ikusgarri eta herrialdeko bizikidetzaren adibide, Surinameko elkarte islamikoaren meskita dago. Aldameneko tenplua baino mende bat beranduago, 1932an, egurrezko meskita eraiki zuten; ordurako denbora zeramaten herrialdean musulmanek: esklabotzaren amaierarekin, Erresuma Batuaren menpe zegoen Indiako langileak iritsi ziren. Haien laurdenak inguru musulmanak ziren, eta 1984rako gaur egun dotore ageri den lau kupuladun meskita eraiki zuten.

Jauregi presidentzialaren atzean Palmentuin Palmeradia parke berezia dago, palmondoz betea, egunez zein gauez elkartzeko eta atseden hartzeko lekua dena. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Suriname ibaian ibili ohi diren ontzietako bat. (Getty Images)

Independentzia Plazara itzultzeko bidean, Keizer kaleko etxe kolonialen artean, ezkerretara Kerkplein, hots, Eliza-plaza dago, erdian Centrumkerk XIX. mendeko eliza protestantea daukala. Hemen bildu zen Parlamentua egungo eraikinaren aurretik, 1975ean independentzia aldarrikatzeko. Kale bat gehiago ibilita, Sint-Petrus-en-Paulus (Done Petri eta Paulo) basilika katolikoa dago. Benetan merezi du egurrezko barnealdea bisitatzea.

Palmetuin palmondo-saila da hiriko parkerik berezienetakoa; egunez itzala ematen du eta gauez oso giro atsegina egoten da

Basilikatik kalea zuzen doa jauregi presidentzialera. Haren atzean, hiriko parke berezienetakoa dago, Palmetuin palmondo-saila. Egunez itzala ematen du eta gauez oso giro atsegina egoten da, bertan jarritako postuetan zerbait jan, edan edo izozki bat hartzeko.

Fort Zeelandia gotorleku historikoa. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
HIRITIK KANPO

Paramaribo hiria bere horretan bisitatzeko leku ezin hobea ez ezik, Surinamen oporraldi luzeago baterako abiapuntua ere bada. Hala, hirigunea utzita eta ibai handiaren beste aldera igarota, Commewijne barrutia hasten da. Ahal izanez gero, Surinameko barnealdea bisitatzea merezi du, baina hemen bertan ere hiriarekin kontrastean dauden gune natural eta historikoak daude. Eremu urbanoaren aldean, landa-giroa ezagutzeko lekua da, oso nederlandar eran beti, kanalak eta dikeak ura batera eta bestera banatzen.

Peperpot parke naturalean oinezko txango bat eginda (egunsentian, aukeran), tximino ugari, sugeak eta bertako landaretza ikusteko aukera dago. Oinez ez eze, kayaka ere alokatu daiteke bisitarako.

Surinam ibaiari ekialdetik jarraituta berriz, ia itsasoratzeko puntuan Commewijne ibaia elkartzen zaio. Bien topalekuan Fort Nieuw Amsterdam gotorleku militar ohiak bisitatzeko leku ugari ditu, itsasoko brisak giro tropikala freskatzen duen bitartean.