Tatiana KASHKO (Getty Images)
Munduan pasieran

Zhangye Danxia, kapritxoa naturan

Zhangye Danxia parke geologiko nazionaleko paisaia naturaren kapritxo bat da, munduko formazio geologikorik ikusgarrienetako bat. Txinako iparraldean, Gansu probintzian kokatuta, kolore anitzeko mendi deigarriak dituelako da ezaguna mundu mailan. Hareharrizko formazio harritsu koloretsuak dira, 24 milioi urtetan higadurak eragindako ohantze sedimentario gorriez osatua.

Beraz, haizeak, euriak eta denborak zizelkatu dituzte forma, kolore eta tamaina desberdinetako tontorrak. Guztira, 300 kilometro koadro ditu parkeak, non galtzeko arriskuan dauden 400 espezie bizi diren.

Paisaia, ibai, ur jauzi eta amildegiez zipriztindua, mendeetan zehar Asiako eta Europako kontinenteak lotu dituen Zetaren Ibilbidearen merkataritza bidegurutze garrantzitsua izan zen Zhangye Danxia.

Parkeko behaketa plataformen artean mugitzeko, autobusak daude. Eta badira parapentea aukeratzen dutenak Gizateriaren Ondare izendatutako mirari honez hegan eginez gozatu ahal izateko.