Farozain gau batez
Farozainak bertatik alde egin ondoren, Bretainiako zenbait itsasargi bidaiari erromantikoen babesleku erakargarri bihurtu dira azkenaldion. Hogeita hamar metrora kokatutako logeletan sartu eta 360 graduko panoramika ikusgarriaz gozatzeko aukera izaten dute.
Kerbel itsasargiak, Lorient-eko senaditik metro gutxira dagoenak, duela urte batzuk utzi zion funtzionatzeari, 1989an, hain zuzen ere. Bere argi-seinaleek, hamaika urtetan marinelak eta abenturazaleak gidatu zituzten distira ñirñirkariek, dagoeneko ez dute zerua eta itsasoa argitzen. Urteetan isilik egon da, itzalita, baina orain, eraberritua izan ondoren, gau erromantiko, magiko eta berezia pasatu nahi dutenak hartzen ditu. Horretarako, egituraren goialdean gela klimatizatua prestatu dute, bainugela eta sukaldearekin.
Itsasargi hau bereziki ezaguna izan da 50 urtez emakume bat -Honorine Le Guen- izan duelako zaindari, itsas dorreetan gizonak nagusi ziren garaian.
Zalantzarik gabe, proiektu turistiko arrakastatsua izan da. Valérie Bergeron jabearen hitzetan, erreserben datuek hori baieztatzen dute, behintzat: «Dena beteta dugu urrira arte, eta larunbat bat bera ere ez dago libre 2022ra arte». Prezioa, dirudienez, ez da oztopo izan, ez behintzat dirua dutenentzat: 650 euro gau bakoitzeko, bi pertsonarentzat.
Txikitako amets erromantikoa azkenik bete ahal izan dutenen artean dago, besteak beste, Patrick, zeinak, 70 urte bete zituenean, faroan gau bat igarotzeko oparia jaso zuen. Ez omen du inoiz ahaztuko ohetik ikus zezakeen panoramika: zeru benetan ikusgarria Groix eta Belle-Île uharteak pare-parean zituela. «Umetan, gogotsu irensten nituen Jumenteko itsasargiari eta Vieillekoari buruzko erreportajeak, izugarri liluratzen nindutelako», gogoratu du.
Bergeronek beti jakin izan du itsasargiek lilura berezia eragiten dutela; batez ere, ekaitz, tximista eta trumoi gauetan. Eta orain, itsas dorreen alderdi turistikoaren ardura hartu duenetik, baieztatu ahal izan du, bezeroen bidez batez ere, ez zebilela oker: «Gau trumoitsuetan Alexek dei egiten zidan ea lekurik banuen galdezka, ikuskizunaz gozatu nahi zuelako faroko ikuspegitik».
1,5 milioi euro ordaindu zituen Bergeronek 2018an itsasargia erosteko, sare sozialetan iragarki bat ikusi ostean.
Iparralderago, Vierge uharteko faroko zaindarien etxea ere aloka daiteke. Turismoari ateak zabaldu ahal izateko, zaharberritu egin zuten 1845ean eraikitako eraikina, baita faroa ere. Gaur egun, ostatu bitxi eta abegikorra eskaintzen du.
«Gau bat edo bi eroso igarotzeko behar den guztia eskaintzen du: sukaldea, komuna, egongela, jangela...», esan du Vierge uharteko itsasargien gidari Magali Casademontek. «Ekoetxe» honek, gainera, bederatzi pertsona har ditzake, gaueko 350 eurotik gorako prezioan.
Bi solairuko etxearen ondoko faroak, bere kupula eraberritutik, inguruko ikuspegi zirkular paregabea eskaintzen du, ur garden zein arrezifez osatutako kostaldearena; baita bere «anaia zaharrenarena» ere, 82,5 metroko altuera duen faroarena, Europako altuena dena.
Handik ekialderako norabidean, Morlaix badian, Louët uharteko itsasargiko zaindarien etxeak, berriz, hamar pertsonako taldeak har ditzake. Etxebizitza arroka baten gainean dago, faro zaharraren ondoan, baina ezin da bisitatu, oraindik martxan dago eta. «Jendea Robinson bat bezala bizi daiteke hemen asteburu edo gau batean», adierazi du Carantaceko Udal gobernuko partaide Jean-Baptiste Pataultek.
Pixkanaka-pixkanaka, argitzeari utzi dioten itsas dorreak suspertzen eta turistei zuzendutako zerbitzu bihurtzen ari dira, baina askok oraindik ere isilik eta itzalita jarraitzen dute, nahiz eta farozainik ez izan.
Faroen eta Balizen Ondare Elkarteko presidente Marc Pointud eraikin mitiko horiek berreskuratzearen alde lanean ari da eta argi du zein izan daitekeen irtenbiderik egokiena: «Bigarren bizitza ematea». Horretarako, baina, irudimena erabili behar omen da. Esku artean dituen proposamenen artean, honako egitasmo berezi hau azpimarratzen du: Bretainia mendebaldean, Tévennec-en, artisten egoitza eraikitzea. Uhartetxoan itsasargi-etxe bat dago, harkaitzez zipriztindutako eta korronte handiko gune batean kokatuta, non marinel askok bizia galdu duten. Zalantzarik gabe, leku malkartsu eta, aldi berean, liluragarri eta misteriotsua da, gau batez behintzat farozain bilakatu ahal izateko.