Egin planak

Nestor Basterretxea, Urratsez urrats, Gasteizen

URRIAK 16-ABENDUAK 8

“Nestor Basterretxea. Urratsez urrats” izenburupean, Bermeon jaiotako artista protagonista duen bisita gidatuen programa abian da Gasteizen. Zehazki, hiru gune izango dira zabalik udazkenean: Gasteizko Legebiltzarra, Vital Fundazioa eta Artium museoa.

Bisitak, ordu eta erdikoak, oinez egiten dira, larunbat, igande eta jaiegunetan, gaztelaniaz zein euskaraz. Bisitaldia Legebiltzarreko “Izaro-Nestor Basterretxea” erakusketan hasten da; ondorengo geldialdia Vital Fundazioan da, non artistaren 300 artelan biltzen diren -horietako asko argitaratu gabeak eta bere familiak utzitakoak- eta, azkenik, Artiumen amaitzen da ibilbidea, “Zeru bat, hamaika bide” erakusketarekin.

Vital Fundazioko bildumari dagokionez, Basterretxearen obraren atzera begirakoa da, artistaren lanaren 60 urteko berrikuspena, zeinak artistaren sortze-prozesuan oinarrizko izan ziren bi elementu dituen ardatz: marrazkia eta “bertsioak”; hau da -haren seme Gorkaren hitzetan-, «hasierako zirriborroen inguruan artistak berak urteak pasa ondoren egindako berrikuspenak. Antolatzaileen esanetan, artistaren familiaren ikuspegitik antolatu da erakusketa, eta, senideak gertukoenak direnez, izaera berezia du.