Artelan bihurtutako txankletak
Orain urte batzuk, Kenyako zenbait emakume inguruko hondartzetan pilatutako txankletak biltzen hasi ziren, itsasertzean jasotako plastikoa birziklatu eta koloretako elefante, loro, arrain eta jirafa itxurako artelanak eta jostailuak egiteko. Urteek aurrera egin ahala, keinu hura, ozeanoko lehen tanta hura, enpresa sendo bilakatzen joan da, mundu mailako kutsatze arriskutsuaren aurka «arte handiz» borrokatzen jarraitzen duena.
Algen artean korapilatuta, hondar azpian lurperatuta, harkaitzetan kateatuta... Zoritxarrez, txankleta zatiak Kenyako hondartzetako eszenatoki itsusiaren parte dira egun. Ibaiek edo olatuek bultzatuta iristen dira, baita planetaren beste muturretik ere! Nahiz eta urteetan zehar tamaina eta kolore askotako txankletak pilatuz joan diren Kenyako kostaldeko itsasbazterretan, aspaldion, bitxia bada ere, pilaketaren abiadura geldoagoa da, baina inola ere ez gomazko oinetako gutxiago iristen delako, baizik eta ailegatu ahala bertako zenbaitzuk txankletak biltzen hasten direlako, ondoren birziklatzeko asmoarekin.
Proiektua Kenyako Ocean Sole enpresaren esku dago egun. Hondakin horiek eta plastikozko beste pieza batzuk eskultura edo jostailu koloretsu bihurtzen ditu. Eta, gainera, inoiz ez zaie materialik falta. «Aberatsa edo pobrea izan, denek txankleta pare bat dute», adierazi du Lillian Mulup enpresako ordezkariak. «Oso erabiliak eta merkeak dira mundu osoan, eta, beraz, zaharrak baztertu bezain pronto berriak eskuratzen ditugu inolako arazorik gabe».
Plastikoak eragindako kutsadura kezkagarria da oso. Edonon aurki daiteke, faila ozeaniko sakonenetik hasi eta Artikoraino. Nonahi. Plastikoa aurkitu da planktonik mikroskopikoenean, baita baleen sabelean ere. Egun, %10 baino gutxiago birziklatzen da; gainerakoa, gehiena, zabortegietan edo ozeanoetan pilatzen da.
Kenyako Kilifi hondartzan paseo bat ematea nahiko da arazoaren larritasunaz ohartzeko. Plastikoa etengabe eta kantitate izugarrietan iristen da. Eta erraza da bertan jendea ikustea txankletak, botila-tapoiak, hortzetako eskuilak edo gozoki-bilgarriak biltzen. «Tona bat ere jaso dezakegu bi kilometro eskaseko ibilbidean», azaldu du Mulupik, goma berde zati txiki bat jasotzen duen bitartean.
Sally Adolwa ondoan du. Bera ere txankletak biltzen dabil etengabe. Hizketaldian parte hartu nahi du. Esan du aldiro-aldiro aurkitzen duela urrutiko herrialdeetatik iritsirako zaborra. Hondakinak Indiatik, Filipinetatik... etor daitezke. «Batzuetan gu ere harritu egiten gara».
Zuhaitz baten azpian, hondakinez betetako poltsa handiak sailkatzen ari dira, materialaren arabera. Plastiko gogorrak eta PET botilak birziklatzaileei eskainiko dizkiete, baina txankletak, batez ere gomaz egindakoak, Ocean Solek erosiko ditu. Enpresak Nairobiko birziklatze-tailer batera bidaliko du zuzenean, non, garbitu ondoren, kolore anitzeko plakak osatuko dituzten.
Ondoren, dozenaka artisau, askotan arotz ohiak, plakak mimoz eta eskuz zizelkatzen hasiko dira esku artean eskulturak balituzte bezala. Jirafak, loroak, olagarroak, elefanteak, arrainak... Txikiak, handiak, izugarriak... Hamaika forma eta kolore. Gehienetan, animalia itxurakoak dira, nonbait jendeak gogoko dituelako eta erraz saltzen direlako.
Hori bai, erabilitako material kopurua harrigarria da benetan. «Artelan bakoitza egiteko 2.000 txankleta inguru behar dira», azaldu du Jonathan Lenato ekoizpen zuzendariak, zeinak azpimarratzen duen plastikozko oinetakoak hondartzetatik ez ezik, Nairobiko auzorik baztertuenetako ibai eta estoldetatik ere jasotzen dituztela.
«Astean 1,2 tona inguru jasotzen dugu. Kalkulatu hilabetean, urtean (...) Hori txankleta pila bat da», ohartarazi du Lenatok. Ocean Solek dioenez, guztira, urtean 750.000 eta milioi bat txankleta artean birziklatzen ditu eta lanaldi osoko ehun lanpostu inguru sortu. Nolanahi ere, jakin badaki plastikozko marea izugarriari egin beharko diotela aurre: hainbat kalkuluren arabera, 19-23 milioi tona plastiko metatzen dira urtero munduko uretan, eta datozen hamarkadetan kopuru hori nabarmen handituko dela aurreikusten da, garaiz esku hartzen ez bada behintzat.
Hastapenetan proiektua ozeanoan tanta bat besterik ez zen. 1997an, Jeanne Church itsas kontserbazionistak, hondartzetako hondakinekin erabat kezkatuta, proposamen kuriosoa egin zien Kiwayu uharteetako emakume kenyarrei: txankletak jaso, birziklatu eta koloretako objektu bihurtzea.
Ekimen xume hura Kenyako kostaldean zehar jarduten duen enpresa bihurtua da gaur egun. Nairobin du egoitza eta produktu guztiak birziklatutako materialekin fabrikatzen ditu. Eta beti Afrikan. Beti.