Testua eta argazkiak: Juanma COSTOYA
Hugo Pratt eta Hermann Hesse

Bi gizon eta patu bakarra: Suitza

Prattek eta Hessek Suitzan igaro zituzten euren bizitzetako azken urteak. Marrazkigile italiarrak izugarri miresten zuen idazle alemana, eta, horren erakusle, fikziozko pertsonaia ere bihurtu zuen Corto Maltese itsasgizon abenturazalearen eskutik. Trenez, itsasontziz eta oinez egin beharreko ibilbide ederrak bien azken urteetako bizilekuak lotzen ditu, hurrenez hurren, Grandvaux eta Montagnola herrietan daudenak.

Leman aintziraren frantziar eta suitzar ertzak lotzen dituen itsasontzia.
Leman aintziraren frantziar eta suitzar ertzak lotzen dituen itsasontzia.

Hugo Pratt idazlearen aurpegian urte gutxiren buruan txikituko zuen gaixotasunaren lehen aztarnak jada nabariak izaten hasiak zirela, Corto Maltese pertsonaiaren sortzaileak 1990. urteko telebista elkarrizketa batean aitortu zuen oraindik ere Samoako artxipelagora hitzordu batera joateko indarrak biltzeko gai izatea espero zuela. Izan ere, 1894. urtetik, bertan zain zuen Robert Louis Stevenson idazle ezagunaren hilobia. Ozeano Bareko txoko horretaraino egin asmo zuen pelegrinazioa idazle eskoziarrari egin beharreko omenaldi gisa ulertzen zuen Prattek, Stevensonen miresle sutsua baitzen. Are, eskoziarraren eragina argi eta garbi aurki daiteke marrazkilari eta historiagile italiarraren lan askotan.

Stevensonena ez zen, inolaz ere, 1927an Riminin jaio eta Ugo Prat izenarekin bataiatutako idazlearen obran, eta baita bizitzan ere, aurki daitekeen eragin literario bakarra. Izan ere, Conrad, Hemingway, Borges, Hesse... bezalako idazle handien eragina ere agerikoa da Corto Malteseren berri ematen diguten biñetetan. Hori bai, Prattek idazle askoren ageriko eragina jaso bazuen ere, Hermann Hesse alemanaren kasua gainontzekoen gainetik aipatu behar da ezinbestean. Pentsa, Hesse “Le elvetiche: Rosa alchemica” komikiko pertsonaia ere bihurtu zuen Prattek; zehazki, komikian, idazle alemanak Montagnolako bere etxean hartzen du tradizio hermetikoarekin liluratutako Corto Malteseren bisita. Keinu horrekin, Prattek bere maisu literario nagusietakoa omendu nahi izan zuen. Hain zuzen ere, aipatu beharrekoa da bi idazleok, bata italiarra eta bestea alemana izan arren, herrialde berbera izan zutela bizitoki euren bizitzetako azken urteetan: Suitza.

Grandvaux

Mundua zeharkatu eta Buenos Aires, Venezia, Londres eta Parisen bizi eta gero, Hugo Prattek Suitza hartu zuen bizitoki. Horretarako, Grandvaux izeneko herrixka bat hautatu zuen, Leman aintzira erraldoiari begiratzen dioten mahastiz inguratutako muino batean kokatutakoa. Bere bizitzako azken urteetan, Corto Maltese pertsonaiaren sortzaileak bere etxearen eta herrixkako kanpandorre zaharraren arteko distantzia laburra oinez egitea atsegin zuen.

Egun eguzkitsuetan, ohikoa zen Pratt gerizpean eserita ikustea, Leman aintzirako hegoaldeko ertza begiztatzen, edota euren geometriak lakuan bertan islatzen dituzten atzealdeko mendi ikaragarriak. Udazkeneko egun argitsuetan, inguru guztiak patxadaz, zorionez betetako hunkidura igortzen du, barnera begiratzeko ezin egokiagoa den pastel-koloreko giroa sortuz; hala, ez da zaila Corto Malteseren sortzailea aintziraren parean irudikatzea, begirada galduarekin, dagoeneko gaztaroko indarrak ahulduta baina memoriarekin bere lanetan marraztutako geografietan barna bidaiatzen, beste behin ere, Amazonia, Etiopia, Siberia edo Ozeano Bareko uharteak bisitatzen.

Garai hartatik Grandvaux ez da asko aldatu begiratu batean. Lurrotan arau dira oraindik ere Suitzan hain maiteak diren anonimotasun nahia eta errespetagarritasun burgesa. Hori bai, Corto Malteseren egileak aztarna utzi zuen Grandvauxen. Hasteko, eserleku izan ohi zuen kanpandorrearen alboko bankuak bere profila du burdinan marraztuta bazter batean. Bertatik oso gertu, lorez inguratutako espazio geometriko txiki bat biribilduz, Corto Malteseren estatua dago, burua tente pertsonaiaren txapel bereizgarriaren azpian eta itsasgizon txamarreta airean. Estatuaren egilea Livio Benedetti da, Pratten lagun mina izan zena, eta Corto Maltese gazte, ameslari irudikatzen du, modu ia etereoan.

Oro har, bi bisitari mota hurbiltzen dira Grandvauxera. Autobusean heldu eta herrixka taldean bisitatzen dutenak turismo enologikoa egitera hurbildu ohi dira. Profil ezberdina izan ohi dute, berriz, bakarrik edo bikotean iritsi ohi diren helduek. Azken horiek izaten dira hilerrira gerturatu eta epitafiorik gabeko granitozko hilarri baten aurrean nor bere baitara biltzen direnak, marrazkilariaren gorpuzkiak bertan baitaude lurperatuta.

Idazlearen izena eta jaiotza eta heriotza datak (1927-1995) inguratuz, esku anonimoek harri-koskorrak eta maskorrak jartzen dituzte bihotz forman. Hegal batean ontzi bat ere badago, Hugo Pratten eskuetatik irtendako abentura berrien umezurtz, komikigile italiarraren miresleek utzitako dozenaka eta dozenaka arkatz eta errotuladoreak hartzeko.

Lugano

Suitzan Hugo Prattetik Herman Hessera bitarteko bidea egiteak Suitza frankofonoko Grandvaux atzean utzi eta italieraz hitz egiten duen Montagnola komunitate helvetiarrera joatea esan nahi du. Bide motzena hartu ordez, hori bai, bi herrien arteko bidaia trenez egitea gomendatzen dugu, Alpeetako herrialdeko paisaiarik ikusgarrienetakoez gozatzeko aukera emango baitigu horrek.

Egia da, hori bai, belardiek mahastien lekua hartzen dutela, eta, Leman aintziraren inguruko atmosfera ia itsastarraren lekua, uhin formako muino berdeek. Luzernako geltoki zentrala ia-ia Lau Kantonamenduetako Aintziraren ertzean dago, Suitza iparraldeko hiriburuari portu hiri izatearen irudikeria eskaintzen dion beste barne “itsaso” erraldoi bat.

Bertatik irteten dira bi ordu baino gehiagoko nabigazioaren ostean azken geltokira, Flüelen udalerrira, iristen diren bapore estilizatuak; bidaia osoa mendi ikusgarriak islatzen dituen ispilu baten pareko azalera likido lau-lauaren gainean egingo dugu. Suitzarren eraginkortasunari eta puntualtasunari omen egiten dion eszenaratzea balitz bezala, baporeak atrakatzeko azken maniobra egiten duen bitartean, Luganora doazen bidaiariek ontzigainetik bertatik ikusiko dute hartu behar duten trena ondoko nasara hurbiltzen. Tesinoko hiribururaino eramango dituen tren panoramikoak “Gothard Express” izena du, San Gotardo pasabide historikoari erreferentzia eginez. Lugano, bere itxura hegoaldetarrarekin eta mendi arteko aintzirarekin, berehala izango dugu begi bistan.

Montagnola

Luganotik Montagnolara, hau da, Hermann Hessek 1919an bere egoitza finkatu zuen herrira, autobusean erraz asko egin daitekeen ibilbide laburra besterik ez dago. Suitzar nazionalitatea eskuratu zuen idazle alemaniarrak oinezko txangoak egiteko zuen afizioa ezagututa, aukera ona izan daiteke Luganotik Montagnolara arteko bidea oinez egitea. Ordubete baino zertxobait gehiago nahikoa izango dugu Collina D'Oro barrutira heltzeko; bertan dago 1853an eraikitako Casa Camuzzi eraikin bitxia. Hain zuzen ere, etxe horretan kokatu zuen Hugo Pratten irudimenak Corto Maltesek Hesseri egindako bisita.

Urte batzuk geroago, beste pertsona batzuek, oraingoan bene-benetakoak, bisitatuko zuten idazlearen etxea. Izan ere, gerraren eta nazismoaren errefuxiatuek beti aurkitu zuten babesa Hessen etxean; are, idazlearen etxeak bisatuak, tren txartelak, lan baimenak... kudeatzeko bulego gisa funtzionatu zuen luzaroan. Lehen Mundu Gerran bizitako esperientzia traumatikoaren ostean, bakezale sutsu bihurtu zen Hesse, eta Suitzako bere etxean ekialdeko espiritualtasun eta mistizismoa ikertzeari ekin zion. Gaur egun, idazlearen ondarea jasotzen duen museoa Casa Camuzziri itsatsitako etxe batean gordetzen da.

Behin bertan, bisitariak idazle eta aktibistak izan zituen askotariko interesen berri izango du. Irakurketa, idazketa eta ikasketa beti izan zituen bidaide, baina marrazketak eta akuarelek ere pizten zuten alemaniarraren interesa. Noski, ardoarekiko idazlearen gustua ezin da alboratu, ezta lagun hurkoekin biltzeko beti izaten zuen grina ere, publikoki agertzea beti saihesten zuen arren. Edota bere obrak sinatzeari uko egiten bazion ere.

Gaur egun, Hessek ez lituzke behin eta berriro bere pasiera luzeetan zeharkatzen zituen muino oihantsuak ezagutuko. Aldaketak aldaketa, zerbaitek bere horretan jarraitzen du: Herman Hesseren lanak behin eta berriro argitaratzen dira oraindik ere egun. 1946. urtean Literaturako Nobel saria eskuratu zuen idazleak etenik gabe jarraitu du irakurle berriak bereganatzen. Euskaraz ere irakur daitezkeen “Siddhartha” eta “Estepako otsoa” maisulanak ebanjelioaren parekoak izan ziren erantzun bila begirada ekialdera begira jarri zuen europar gazteriarentzat.

Ez dakigu Hesse etorkizunean izango zuen eragina irudikatzera heldu ote zen, baina, hori bai, ziur idazle alemaniarrak inoiz ez zuela pentsatuko marrazkilari bikain batek komiki bateko pertsonaia bihurtuko zuenik. Are gutxiago komikian izango zuen fikziozko mintzakidea abenturazale aberrigabe erromantiko bat izango zenik, liburuen maitale sutsua gainera. Azken finean, Hesse beraren alter ego-a: belarritako eta marinel txapeldun Estepako otso bat.