Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA. Argazkiak: U.U. eta Getty Imagess

Baltimore, jazza eta portua

Hiriaren izenak begirada arraroak sortzen ditu oraindik ere sarritan, kriminalitatearekin lotzen duen fama oso presente baitu Baltimore hiriak. “The Wire” bezalako kultuko telesailek ekarri zioten lehendabizi sona, eta ezin uka zenbait auzune behartsutako egoerak ere hauspotu duela hiriaren irudi hori. Erreala da hori guztia, baina Baltimore langile eta portu hiri zirraragarria ere bada, hamarkada luzez kulturak eta kontrakulturak indar handia izan duten leku interesgarria.

Baltimoreko portua Chesapeake badiaren ertzean, Estatu Batuetako historian ere garrantzi berezia izan duena.
Baltimoreko portua Chesapeake badiaren ertzean, Estatu Batuetako historian ere garrantzi berezia izan duena.

AEBetako historian ere garrantzi berezia izan du Baltimorek, bai portuak, bai bere auzuneetan sortutako arteak eta musikak. Figura horietako baten memoriak ekarri gaitu hirira, eta barne-portuan egindako berrikuntza interesgarriekin osatu dugu bisita. Washingtondik oso gertu dago, ordu bete baino gutxiago, trafikoa ondo egonez gero. Trenez etortzea ere aukera ona da. New Yorkera doan trenbidean ezinbesteko geltoki izanik, gainera, merezi du, zalantzarik gabe, bertan geratzea, hainbeste sufritu duen hirian txangoa egitera.

Tren geltokitik oso gertu dago unibertsitatea, Bolton Hill eta Mt Royalen. Arteak berebiziko garrantzia izan du Baltimoren beti; MICAk (Maryland Institute College of Art) ia 200 urte ditu eta AEBetako arte-eskola zaharrenetakoa da. Eraikin nagusia 1961 arteko tren geltokian dauka, eta handik hurbil dago Brown Center egoitza ikusgarria ere.

Mount Royal auzune interesgarrian ospatzen dute 1982tik Artscape jaialdia. AEBetako doako festibal artistiko handiena da. Lau hamarkadotan egondako izarren artean, musikako erraldoiak daude, hala nola Aretha Franklin edo Ray Charles. Azken urte biotan bertan behera geratu da, baina, ondo bidean, uda honetan berriz ere antolatuko dute. Jaialdi handiaren neurririk gabe baina giro horri eusteko asmoz, igande goizetan Baltimore Farmers’Market & Bazaar nekazari azoka eta bazarra egiten dute Jones Falls errepidearen azpian.

Jazzaren gune

Billie Holidayren urratsen atzetik, MICAtik W Lafayette kalean behera, Pennsylvania etorbideraino jarraitu dugu kantariaren estatua aurkitzeko. Billie Holiday ez zen hirian jaio -Philadelphian sortu zen- eta AEBetako hegoaldean talde supremazistek egiten zituzten lintxamenduak salatzeko egin zuen “Strange Fruit” abestiaren bertsioa New Yorken zabaldu zen bereziki. Baina inongoa izatekotan, Baltimorekoa zen Holiday, txikitatik bertan bizi izan zelako; hori bai, oso bizimodu gogorra izan zuen hirian, besteak beste, haurra zela bortxatu egin zutelako eta bertako neskato beltzentzako erreformatorioan giltzapean ere izan zutelako. Gero New Yorkera joan zen amarekin eta han ekin zion kantari karrerari, baina behin eta berriz itzuli zen Baltimorera.

Halaxe, hiriko alaba kuttunaren omenezko monumentuan jarri dugu lehen geltokia. Hiriko beltzen historiaren eta kulturaren gune garrantzitsu den Upton auzunean dago (biztanleen %90 dira afro-amerikarrak), behinola hainbat jazz lokal izan zituen Pennsylvania etorbidean. Horietako batean oraindik kantuan balego legez erakusten du Billie Holiday monumentuak, emanaldi betean. James Earl Reid eskultore beltzak egin zuen, baina ez zen inauguraziora joan 1985ean: hark diseinatutako oinarria garestiegia zelakoan, zementuzko idulkia jarri zioten. Ia mende laurden geroago ezarri zuten egungo hamar tonako oinarria; Holidayren kanten testu eta irudiak ditu, “Strange Fruit” gogorrarena esaterako, supremazista zuriek beltz bat nola lintxatzen duten deskribatzen duena.

Hurrengo geltokira bidean, hiriko erdigunetik hurbil, Westminster eliza presbiterianoaren paretik igaro gara. Bertako hilerri txikian dago ehortzita Baltimoreko beste figura garrantzitsuenetako bat: Edgar Allan Poe. Zertxobait mendebalderago, W Lexington kalean, Poeren etxea izandakoan museo txiki bezain interesgarria dago. Urri hasieran, idazlearen heriotzaren urteurrenaren inguruan, literatur jaialdia antolatzen dute.

Billie Holidayren arrastoan, hiriko erdigunerantz goaz, Oriole Park zeharkatuta. Bertan dago Camden Yard, garai bateko tren geltokiaren izenez bataiatutako beisbol zelaia. Egun ere bertan jokatzen du Baltimore Orioles taldeak. Maskota gisa duten txoriak ematen du pistarik zer den oriole, Marylandeko estatuko armarriko hegaztia (Icterus galbula). Beisbol zaleek Babe Ruth jokalari mitikoaren etxea ere badute gertu ikusgai.

Portuaren garrantzia

Mt Vernon auzune hstorikoa utzi dugu atzean, George Washingtonen estatua handia erdigunean duela. Uptonen aldean, nabarmena da aldaketa ekonomiko eta demografikoa, zuriak dira hemen biztanleen erdiak baino gehiago. Hiriaren ekialderantz goazela, itsas giroa eta taberna ugari dituen Fell’s Point auzunera, giza-paisaian elementu latinoa ere nabari da, 80ko hamarkadatik Mexiko eta Amerika Erdialdeko jende asko heldu baita.

Erraza da Billie Holiday bizi izan zen kalea aurkitzea, S Durham kale estuan kantariaren mural koloretsu bezain ikusgarriak baitaude Bank Street eta Eastern Avenue artean, lasai paseatu eta txundituta miresteko. Inguruan, mundu osoko zaporeak dastatzeko aukera dago: jatetxe mexikarra, poloniarra, libanoarra... Erdigunerantz joatea erabaki dugu, hala ere, barne-portua baino lehen dagoen nortasun bereziko auzunera: Little Italy.

Bizpahiru kale baino ez dira Mediterraneo ertzetik Ipar Amerikaraino iritsi zirenen ondorengoek eraikitako auzunea, baina xarma berezia du eta pasta bikaina gozatzeko aukera ere eskaintzen du. Columbus Park -bai, Kolon italiar-amerikarrek harro aldarrikatu ohi duten figura da- Italiako banderaz betetako parkea da, portuko dike eta moiletan galdu aurretik. Aldamenean dauka President Street Station, herrialdeko tren geltokirik zaharrena; eraikin dotorea da inguruko etxe-orratzen kontrastean.

Ontziak

Baltimore portu zaharra da zalantzarik gabe hiriaren biziberritzearen lekurik esanguratsuenetakoa, eta bisitari gehien erakartzen dituena. Chesapeake fiordo luzeraino doan Patapsco itsasadarraren inguruan eratutako barne-portuak elementu historiko edo moderno batera zaramatza urrats bakoitzean. Lehenak 1855eko Seven Foot Knoll itsasargiaren parean utzi gaitu, bosgarren moilaren aldamenean. Eraikin gorri ikusgarriaren jatorrizko lekua ez da egun portuan ikusten duguna, ibaiaren amaieran baitzegoen, mareak iristen diren lekuan, zaharkituta eta erortzear; 1988an lekualdatu eta hamar urte geroago egungo kokagunean ezarri zuten.

Hurrengo urratsek portu giroa indartzen dute, itsasontzi historikoen aldamenean paseoan; bosgarren moilatik laugarrenera igarota, Pier Four Power Plant edo Pratt Street Power Plant enpresa zaharraren eraikinak ontzien tximiniak irudikatzen ditu. Egun Hard Rock Cafe ezagunaren gitarra erraldoi ikonikoa ere aurkituko dugu bertan.

Halaxe iritsi gara Maryland estatuko lekurik bisitatuenera: Baltimoreko National Aquarium. 40 urte bete ditu, eta egungo beirazko eraikina, 6.000 metro koadrokoa, 2005ekoa da. Solairu bakoitzean elkarri lotutako erakusketak daude, eta bi tanke handi ere baditu; batek Atlantikoko koral arrezifea irudikatzen du eta itsaso zabala besteak.

Akuariora bidean “USCGC WHEC-37” gerra-ontzi zaharra utzi dugu atzean (Pazifikoan erabilia Bigarren Mundu Gerran, eta kostazain lanetarako gerora), eta segidan beste ontzi historiko batzuekin egin dugu topo: “USCG Lightship Chesapeake” eta “Tursk” urpeko ontzia, esaterako. 1854ko “USS Constellation” ere badator atzetik. Ibilbideak Patapsco ibaiak itsasoratzeko eratutako bihurguneak jarraitzen ditu Federal Hill-eraino; portuko ikuspegiak nola aldatzen diren ikusi ahal izango dugu. Federal Hill-en, portuaren amaieran, aukera dago atzera Little Italy auzoraino eramango gaituen txalupa hartzeko, eta hiri interesgarri honi agur esateko.