Egin planak

Exilioa, Carmen Castilloren begietatik begiratuta

Martxoak 2-Maiatzak 4

«Erbesteratuak adina exilio daude, eta norberaren erbestean, beste hainbat». Carmen Castilloren hitzak dira, bere herrialdera tarteka itzuli den arren, erbesteratua sentitzeari inoiz utzi ez dion emakumearenak.

1945ean Txileko Santiagon jaioa, MIR mugimenduko militantea izan zen. 1973ko irailaren 11ko estatu kolpearen ondorioz, sasira igaro zen eta diktaduraren aurka borrokatu zen, 1974ko urriaren 5ean DINAk Miguel Enriquez bere kidearekin bizi zen etxeari eraso egin eta hura hil zuten arte. Castillok zauri larriak izan zituen haurdun zegoela. Herrialdetik kanporatua izan zen, eta Cambridgen jaio zen bere semea abenduaren 29an. Handik egun gutxira hil zen, Castillok jasandako zaurien ondorioz. Parisera jo zuen eta han bizi da egun.

Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren Ohorezko garaikurra jasoko du apirilaren 21ean Donostian egingo den ekitaldian, eta horren harira “Carmen Castillo, txiletar erbesteratua” erakusketa zabalik dago Okendo Kultur Etxean. Memoria historikoko bere dokumentalik esanguratsuenen zatiekin eta bere liburuekin osatu da erakusketa. Argazkien eta dokumentuen erreprodukzioak ere biltzen dira. Beste erbesteratu askoren ahotsa ere entzuten da, ez bakarrik txiletarrena.