Egin planak

‘Zura eta Ura’, argazkilaritzaren eta literaturaren arteko elkarrizketa

Abuztuak 23-urriak 15

Zarauzko Photomuseumek hartu duen ‘Zura eta Ura’ proiektuak gogoeta koral bat egiteko gonbidapena luzatzen du argazkien eta idatzien bidez. Konrado Mugertzaren eskutik, ontzien eraikuntzan material sintetikoek egurra ordezteak ekarri duen kolorearen eta identitatearen galeraren inguruko hausnarketarako aukera zabaltzen da.

Argazkiak Mugertzarenak dira, eta lagun dituzten testuak, berriz, hainbat euskal idazlek sortutakoak dira: Humberto Astibia, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Jesus Mari Lazkano, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Konrado Mugertza, Felipe Murelaga, Jokin de Pedro, Jon Ruigomez, Kirmen Uribe eta Arantxa Urretabizkaia.

Mugertzak berak aurkezpen ekitaldian aipatu zuenez, kolorea itsasontzien eta arrantza-portuen ezaugarri nabarmena da munduko edozein bazterretan, «eta kolore-sorta zehatz bat, itsasontzien formekin, izenekin eta beste zenbait elementurekin batera, herrialdeen bereizgarri bat izan ohi da».

Jesus Mari Lazkanok, berriz, dio euskal ontziak kolore primarioetan margotzen zirela, gehienean urdin, gorri, berde edo beltza kroskoan, eta orohar, zuria aparailuetan eta zubian. Baina, honako galdera hau egiten du: «Zergatik ez ditugu margotu hori, malba, bioleta… kolorez? Kolore horiek herrien izaerari lotua behar dute nonbait, mundua ulertzeko eta adierazteko modu bati, eta denboraren poderioz identitate-adierazle bihurtzera ailegatu dira», bere ustetan.