Egin planak

Nell Leyshon-en “Esnearen kolorekoa”, Arriagan, Bernuesen zuzendaritzapean

Abenduak 3-6

Nell Leyshonek idatzitako “Esnearen kolorekoa” eleberriak munduko milaka irakurle liluratu eta hunkitu zituen. Eta orain, abenduan, antzerkirako egokitzapena Arriaga antzokira iritsiko da, Fernando Bernues-en zuzendaritzapean. Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroizek osatzen dute antzezle-taldea.

Leyshon idazleak pertsonaia bereziz betetako mikrokosmosa birsortu du, edertasun tragikoz zipriztinduta. Maryren bizitza kontatzen du, 1830eko Ingalaterrako landetxe batean familiarekin bizi den neskarena, esnearen koloreko ilea duena. Hankan akats fisikoa du, baina, hala ere, zigor familiarrari iskin egitea lortuko du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera joaten denean.