Puerto Rico, bi munduren artean
Antilla Handietako txikiena da, eta Ameriketan egoera kolonialean denbora gehien daraman lurraldea: lau mende egin zituen Gaztelaren eta Espainiaren menpe eta 125 urte bete berri ditu Estatu Batuen kontrolpean. Bi herrialde horiei Borinken zaharreko ondare indigena eta Afrikatik esklabotzan ekarritako biztanleen ekarpena batuta, Karibeko uharterik interesgarrienetakoa bihurtzen dute Puerto Rico.
Hirugarren aldia dugu Puerto Ricon, eta aurreko biekiko aldea berehalakoan nabari dugu: Europatik etorri ginenetan, oso estatubatuarra iruditzen zitzaigun herrialdea, San Juan hiriburua eta haren inguruak bereziki. Azken bidaia honetara, baina, Estatu Batuetatik iritsi gara, eta oso bestela ageri zaigu Borinken zaharra: guztiz hispanikoa, Latin Amerikara eta Espainiara lotuta AEBetara beste. Hiriburuan lur hartzeak eta Condado edo Isla Verdeko hondartza pareko etxeorratzen artean, hiruzpalau errei dituzten kale eta autobide tarteekin, burura Miami dakarkigu ezinbestean. Turista estatubatuarren ingelesa, bertakoen espainiera eta bisitan datozen puertorricarren diglosiak nahaste bitxia sortzen du.
Gero, baina, Viejo San Juan dator, dotore eta historiaz blai. Afaltzera etorri gara; gero, Anita izozki-denda ezagunean ilara egin behar dugu, hainbestekoa da lekuaren fama. Fortaleza kalea etenda dago, gobernadorearen etxea bertan baitago. Cristo kaletik katedral San Juan Bautista katedralaren pareko zabalgunean jesartzeko leku atsegina dago Plaza de Armasen; gero, kalean gora Sol, Luna eta, azkenik, San Sebastian kale ezaguna dago. Gauero ordu txikietara arteko giroa dago bazterrotan. Izenak salatzen duenez, urtarrilean San Sebastian egunez hiriko ospakizun nagusia izaten da.
Hiriko bisita nagusia bidaiaren amaierarako utzita, uhartearen barnealderantz jo dugu, Atlantikoko kostaldetik Karibera bidean. Cordillera Central Puerto Ricoren bizkarrezur berdea da, oihanez estalitako mendikatea tontor zorrotzekin, eta puertorricar nortasuna ondoen agertzen den herrixkekin. Hiritik irteten diren autobide zabalen ondoan, errepide bihurgunetsuak erabateko kontrastea dira, baina irlako lekurik ederrenetakoak ezagutzeko parada ematen dute, ekialdean Unescoko Munduko Ondare den El Yunque parke nazionalean hasi eta Mayaguez hiriraino.
Barranquitas da ederrenetakoa; uharteko herri gehienak bezala, plazaren inguruan antolatuta dago, bertan dituela udaletxea, eliza eta kioskoa, Espainiako edo Euskal Herriko herrietan bezala, eta hain urrun Estatu Batuetako arkitekturatik. Are mendebalerago, oihanaren erdiko haran eta arroila estuen artean Jayuya ageri da.
Azaroan, Puerto Ricoko ondare indigena tainoa ospatzeko jaialdia egiten dute, hemen aurkitu baitzen “Jayuyako eguzkia” izeneko petroglifoa. Berrikiago, Puerto Ricoko mugimendu independentistaren herririk garrantzitsuenetakoa izan zen Jayuya estatubatuar kolonialismoaren aurka, Blanca Canalesen gidaritzapean gertatutako 1950eko “Jayuyako iraultzan” batez ere. Egun, alde guztietan ageri den Puerto Ricoko bandera haizatzea erabateko ekintza iraultzailea izan zen XX. mendearen zati handi batean.
Jayuyatik mendebaldera, uhartea ipar-hego ebakitzen duen errepidearen lekuan Utuado dago. Udalerri honetan dago Caguanako memorial indigena, Puerto Ricoko bi garrantzitsuenetako bat. Bestea, hegoalderago dago, Ponce hiriaren kanpoaldeko Tibes zeremonia-gunea hain zuzen ere. “Hegoaldeko Perla” deitu izan zaio Puerto Ricoko bigarren hiriari, eta ez zaio motiborik falta, azken urteotako krisi larriak hiriari eta bere eskualdeari bereziki eragin baitio. “Parque de Bombas” suhiltzaileen egoitza dotorea da hiriko lekurik ezagunenetakoa.
KAFEA
Teorian itsasorik epelenak Karibe aldean izanda ere, Puerto Ricoko hegoaldean hareatza gutxi dago. Atlantikoan baino gutxiago, baita kultura afrikarra bizirik dagoen ekialdeko itsasartean eta mendebaldeko hondartzen aldean ere. Mangleak babestu du kostalde hau mendeetan zehar, egitasmo turistikoek han-hemenka harea artifiziala ekarrita ere.
Poncetik mendebaldera bizpahiru herri interesgarri daude, Lajas eta Guanica, kasu (badia itxi-itxi honetan lehorreratu ziren 1898an Estatu Batuetako tropak, Espainiaren aginteari amaiera emanez). Inguruko La Parguera oso ezaguna izan da luzaroan badia bioluminiszenteagatik; itsasoan bizi diren izaki mikroskopikoak distira egiten dute gauez ipurtargien gisan, benetako efektu berezia sortuz.
Tamalez, hamarkada askotako esplotazioak nabarmen murriztu du bioluminiszentzia, eta, ahal izanez gero, Puerto Ricon fenomeno bera daukaten beste bi lekuetako batera joatea merezi du. Biak ere ekialdean daude: Fajardon dago lehena, eta, aukera izanda, herri horretatik ferrya hartu eta Vieques uhartera joan liteke, munduan bioluminiszentzia handia daukan txokoa ezagutzeko.
Puerto Ricoko uharte nagusiaren itzulia egiten ari gara gu, ordea, Karibeko kostaldearen mendebaldetik. La Pargueratik barnealdera joanda berriz, San Germanek berebiziko garrantzia dauka Puerto Ricoko kulturan eta historian. Uhartean fundatutako bigarrena da “muinoen hiria” (La ciudad de las lomas). Barruti historikoan kale nagusia oso berezia da, eta haren ikuspegi ezin hobea eskaintzen du Porta Coeli elizako eskailerak.
KORRONTE INDARTSUAK
Uhartearen mendebaleraino joanda, Cabo Rojo aldean erabat desberdina da paisaia. Oihanaren lekua basamortuak hartzen du, lehorra eta cactus zuhaitzekin. Itsasargi garrantzitsuak daude, hegoaldean Cabo Rojokoa bera, eta Rincón-ekoa iparrean. Bien artean, dozenaka kilometroko kosta-lerroa, eta irlako hondartzarik ikusgarrienetakoak daude; Kariberen eta Atlantikoaren arteko pasabidea izanik, korronte indartsuak egon litezke. Rincón, esaterako, surflarien eta windsurf-eko zaleen txoko kutunetakoa da.
Gainerakoan, herri atsegina ere bada Rincón. Surfaz gain, urpekaritzarako txoko paregabeak ditu herritik iparraldera, eta herriaren erdian korronterik gabeko hondartza lasaia ere badu. Gainera, ilunabarretan sekulako giroa sortzen da azoka egunetan, saltokiekin batera musika eta bertakoen eta turisten topaleku bihurtuta.
Iparraldeko kostalderaino iritsita, Atlantikoaren ertzetik luzea da bidea San Juan hiriburura, eta geratzeko txoko ugari daude, bidaia nahi edo ahal beste luzatzeko. Arecibo da ziur aski erdibiderik egokiena. Hondartza luzea dauka alde batetik, baita erabat bildutako hareatza bat ere, olatuak era ikusgarrian hausten direna (La poza del obispo), uharteko itsasargi ezagunenetako baten oinetara.
Zenbat kilometro ekialderago kostaldetik joanda, Cueva del Indio erreserba naturala eta ondare arkeologikoa taino indigenek itsasbazterrean egindako gunerik interesgarrienetakoa da.
Ilunabarra da San Juanen sartzerako. Santurce auzuneko plazan beti egoten da giro berezia, are gehiago asteburuetan. Biharamun goizean astiro esnatzen da Puerto Ricoko hiriburua. Hiri zaharrera joanda, Puerto Ricoko kongresu dotorea bazter utzita, harresien kanpo geratutako auzunera jo dugu.
La Perla ez da fama onena izan duen gunea izan, eta, herritar askoren baldintza xumeak begi bistan egon arren, irlako musikari askoren sorleku edo topagune ere izan da. Hala, azken urteotan turisten zirkuituan ere lekua egin du La Perlako muralen bisitak, “Despacito” eta beste bideo musikal batzuk grabatu ziren txokoak erakustearekin batera.
MAGDALENA HILERRIA
Hiri zaharra, ber-bertan dago, Magdalena hilerri historikoraino jaitsi gara (Pedro Albizu Campos buruzagi independentista hemen ehortzita dago). Aurrerago dago San Felipe del Morro, Ameriketako gotorleku europarretan zaharrenetakoa. Viejo San Juaneko gainerako txokoez gozatuta, Condadoko gune turistikoraino doan zubia igaro gabe, Escambron aldera joan gara. Izan ere, uharte osoan hondartza ikusgarriak izan arren, San Juanen bertan dago hareatzarik atseginenetakoa. Eta bazter batean urpekaritzarako lekurik onenetakoa ere badago, bertan bizi diren dortoka erraldoiekin igerian.