Xabier BAÑUELOS
Elkarrizketa

Agadir, Maroko hegoaldeko hondartzak

1960an lurrikara batek suntsitu ostean, ezerezetik berpiztu zen Agadir, bere kasbah zaharraren oinean. Eta energiaz egin zuen, arrantza-portu ahaltsu eta Maroko hegoaldeko turismo-gune bihurtuz. Bertako kaleek begi bat Atlantikora begira dute eta bestearekin Atlas hurbila eta Saharako basamortua zaintzen dituzte. Itsasoa, mendia eta harea, hiruko bikaina bertako klima onberarentzat. Hondartza luzeez, giro bereber modernoaz eta Sus-Masako Parke Nazionalaz eta bertan ikusiko dugun ibis ermitauaz gozatuko dugu.

Pixkanaka, Maroko 2023ko irailaren 8ko lurrikaratik suspertzen ari da, herrialdearen historia hurbilean erregistratutako lurrikararik handienetik. Haren epizentroa Ighil mendien artean kokatu zen, Atlasen, eta hegoaldeko zati handi bat suntsitu zuen, Marrakex eta Agadir hiriak barne hartzen dituen eremu zabal bat kaltetuta. Ondorioak oso larriak izan ziren Azilal, Taroudant, Ouarzazate, Chichaoua eta “hiri gorria”-rentzat berarentzat. Milaka hildako eta zauritu izan ziren, eta hondakinek eskualdeko historiaren zati bat eta bertako jendearen intrahistoria eraman zituzten. Alabaina, Agadirrek oldarrari eutsi zion, nahiz eta bete-betean astindu zuen hirietako bat izan.

Hego-mendebaldeko kosta atlantikoan dago, Esauira eta Tiznit artean, autoz Marrakexetik 3 ordu ingurura. Sus-Masako, itsasotik Aljeriaraino iristen den eskualde zabaleko, hiriburua da. Amazig-en lurrak dira, Magrebeko “gizon aske”-enak; “berbere”-ak, euskarazko tradizioak esaten digunez (gaztelaniatik harturiko terminoa eta greziera jatorrizkoan gure “erdalduna”-ren antzekoa, mespretxuzko moduan baina). Agadirrek, 700.000 biztanle inguruko hiri jendetsu eta turismora emanak, ia ez zuen jasan dardararen ondoriorik. Eta ez zen kasualitatea izan. Lezioa ikasia zuen.

Jende asko harritzen da, eta niri ere hala gertatu zitzaidan, Agadirrera iritsi eta hirigune historikorik gabeko hiri guztiz berri batekin topo egitean. Bitxia da, esaterako, Fez, Marrakex, Meknes eta Casablancatik etortzen zarenean, lau adibide besterik ez jartzeagatik. Hiri guztiz modernoa ikusten dugu, kutsu kosmopolita duena, eta berehala nabaritzen da hori bertako kale eta etorbideetan ibiltzean.

Eta atentzioa ematen du badakigulako ez dela hiri berria. Badakigu XV. mendean itsasgizon eta merkatari portugaldarrek fundatu zutela; Sahara zeharkatzen zuten karabanekin merkataritzan aritzeko. Eta badakigu pare bat mendez bertako portua garrantzitsua izan zela, nahiz eta gero gainbehera etorri. Baina iraganeko eraikinen aztarna fisikoak urriak dira, eta erdigunetik urrun dagoen muino batean daude: XVI. mendeko kasbah zaharraren hondakinak. Zergatik da hori horrela?

FENIX HEGAZTIA

Erantzuna erraza bezain dramatikoa da: lurrikara batek irentsi zuen Agadir. Hain zuzen, bere historia gehien markatu duen gertaera da 1960ko otsaileko seismoa. Orduan, 45.000 biztanle inguruko herri txiki bat zen. Bizilagunen herenak baino gehiago hil ziren eta erabat suntsituta geratu zen. Ia hutsetik altxatu behar izan zuten berriro. Epizentroa izan zen tokitik bi kilometro ingurura eraiki zuten, lur egonkorragoan, eta era arrazionalean diseinatu zuten, bizitegi-auzo eta kale zabaletako laukietan. Baina, batez ere, astinaldi berriak izan zitezkeela kontuan hartu zen, eta eraikinak prebentzio irizpideei jarraituz eraiki ziren. Horri esker, 1960ko lurrikara baino handiago bati aurre egiteko gai dela erakutsi du.

Fenix hegazti bat bezala, emaitza hiri berri, moderno, ireki eta autoestimu sendokoa izan zen, merkataritza- eta arrantza-portuak eta turismoaren garapenak erakarrita, gero eta biztanle gehiago hartzen joan zena. Egungo Agadir berreraikitzearen, berrasmatzeko beharraren, ondorio da, eta XX. mendearen azken herenean bizi izan duen garapenak markatu du bere izaera. Hiri lasaia da, eta ez du Marokoko hiri historikoetako zalapartarik edo Essauira edo Asilah-ren tipikotasunik. Hemen xarmarik falta ez zaien beste gauza batzuk aurkituko ditugu.

Atsegina da oso, leku ederrean kokatuta baitago, batez ere itsasoaren ondoko basamortuko paisaiak atsegin dituenarentzat. Edo giza aniztasuna; izan ere, hondartza-hiri honetan Marokoko eta Magreb osoko edozein lekutako familia osoak aurkituko ditugu, bai eta eguzkiak eta beren kontinentekoak baino prezio merkeagoek erakarrita iristen diren frantses edo aleman ugari aurkituko dugu.

Hori esponentzialki hazten da uztailean, Timitar Jaialdia dela kausa. Ekimen horrek musikaren bidez amazigen kultura aldarrikatzen du, baina beste kultura tradizional eta garaikide batzuetara zabalduz. 2004az geroztik, askotariko artistak eta estiloak batzen joan da, eta horien topaleku izaten jarraitzen du, ruais trobadoreetatik hasi eta hip-hop kantarietaraino, jazz, rock, rap, rai eta musika elektronikotik igarota.

Al Amal eta Alwahda plazak bor-bor izaten dira munduko edozein lekutatik iritsitako notekin, nahasketak eta fusioak egiten dituzten sortzaileekin eta gaur-gaurko artistekin. Bertan Marcel Khalifa bezalako jenioez gozatu nuen, Idrisen kantu erreibindikatiboarekin hunkitu nintzen eta Randy Westonen Afrika sentitu nuen, berak “gure ama komun magiko eta misteriotsua” deitzen zion Afrika hori.

HIRIA DESKUBRITZEN

Amu nagusia hondartzak dira, bi arrazoirengatik: zabalak eta seguruak direlako. Hiriaren iparraldean eta hegoaldean hondartza oparo eta zabalak ditugu. Hirikoa, handia izateaz gain, segurua da beste batzuekin alderatuta. Oro har, Marokon hondartza atlantikoak oso irekiak eta arriskutsu samarrak dira. Agadirrekoa, ordea, badian bildua dago, Atlasaren kostaldeko mendi-adarrez inguratuta, eta horrek nahiko lasaia eta bainurako egokia egiten du. Hala ere, izaten da aukera surfean eta windsurfean aritzeko ere.

Baina eguzkiaz, hondartzaz, haizeaz, olatuez eta musikaz gain, bada gehiago ere. Dagoeneko hitz egin dugu kasbah-ri buruz, Agadir Oufellah-ri buruz, portugaldarren garaikoa baina XVII. mendean birgotortua. Azken lurrikarak kaltetu duen eraikin bakarra da; harresiaren 50 metro behera bota zituen. Hala ere, merezi du igotzea; besteak beste, hiriaren eta badiaren gaineko ikuspegia ezin hobea delako. Gainera, teleferikoz ere egin daiteke. Harresien azpian Talborjt zaharra dago, 60ko lurrikarak erabat suntsitutako auzoa, non ezin izan zen erreskate-lanik egin. Horregatik, muino artifizial bat eraikiz estali zuten, hilobi kolektibo gisa, eta gaur egun berdegunea da.

Beste interesgune bat arrantza-portua eta bere merkatua dira, batez ere goizetik bazkaltzeko ordura arte. Hor aurkituko dugu zalaparta eta iskanbila, marokoarrak trukerako (komertzial zein soziala), lanerako edo aisialdirako bildu ohi diren lekuen bereizgarri dena. Hortik, Promenade Twandaren albotik, abiatzen da itsasertzeko pasealekua, Corniche de la Plage, oso gustu frantsesekoa baina bertako estilokoa, lurzoru arrosak eta eraikin zuriak dituena, palmondoz eta jatetxez hornitua.

AMAZIG ONDAREAREN MUSEOA

Bi museo bisitatzea merezi du. Lehena Amazig Ondarearen Museoa da, Sus-Masa eskualdeko etnografiari buruzko bilduma. Amazigen munduan barneratuko gaituzten tresnak, artisautza eta tradizioak biltzen ditu, eta, apala izan arren, hasiera ona da gauden kultura-esparrua testuinguruan jartzeko. Bigarrena Memoriaren Museoa da. Kolapsoaren aurreko Agadirren ikuspegi nostalgikoa eta haren ondorioen eszena tragikoak erakusten dizkigu argazki-erakusketa honek. Museo hau segur aski hiriko berdegunerik xarmagarriena den batean dago, Olhaoko Lorategian edo Portugalgo Lorategian, Agadir eta Algarveko Olhao hiriaren arteko senidetzea omentzen duen txoko patxadatsuan. Ibn Zaidoun lorategia ere badago, handiagoa baina ez xarma berekoa.

Hiritik kanpo, baina ordu erdi eskasera, Sus-Masako Parke Nazionala dago. Kostaldeko parkea da, Mediterraneoko baso lehorrak, estepak eta dunak dituena. Izena ematen dioten bi ibaien artean dago, eta hegaztientzako oasi bat da, beren migrazio-bideetan geldialdia egiteko. Bereziki garrantzitsua da, oraingoz bizigai den ibis ermitauen (Geronticus eremita) populazio bakarra hartzen duelako; ehun bikote baino gehiago bizi dira bertan, eta kopurua egonkor mantentzen da, goranzko joera txiki batekin.

Gazella dorcas delako espezie ahula ere ikus daiteke, basamortu-eremuetako bizitzara ongi egokitutako espezie birsartua. Sus-Masa kontrapuntu natural ezin hobea da, hirian paseoa eman ondoren. Hala jarriko diogu ginga Sahararen atarian dagoen eta bere etorkizuna irabazteko iragana galdu zuen hirira eginiko bisitari.