‘Arrantzale zangaluzeak’, Sri Lankan
Sri Lankako “arrantzale zangaluzeak” deituraz ezagunak dira. Haiek bizirik mantentzen dute arrantza tradizioa, herriko kulturarekin, nortasunarekin, aberastasun naturalarekin, herrialdearen historiarekin eta, batez ere, itsasoarekin estuki lotuta dagoena. Haiek belaunaldiz belaunaldi transmititzen dituzte ehun urtetik gorako ezagutzak eta trebetasunak. Gainera, teknika espezializatuak asmatu dituzte itsasoko baliabide ugariak ahalik gehien aprobetxatzeko.
Riti panna. Horrela deitzen zaie bertako arrantzaleek erabiltzen dituzten zangoei. Koralen artean iltzatuta, hiru metro inguru neurtzen dute, baina bi metroko altueran esertzen dira, petta izeneko makilaren gainean. Esku batez zangoari eusten diote, eta besteaz, berriz, kanaberari, behar denean botatzeko. Sen berezia dute horretarako. Ez dute beitarik erabiltzen, amuak olatuen artean sortzen duen efektuak arrainak erakartzen baititu. Egunsentian eta ilunabarrean, horiek dira unerik aproposenak arrantzan egiteko, arrainak azalera igotzen omen direlako. Sardinzarrak eta berdel txikiak harrapatzen dituzte batez ere, gerrian lotuta daramatzaten poltsetan sartzen dituztenak.
Dirudienez, arrantzale zangaluzeen tradizioa Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen, elikagaien eskasiak eraginda, gizonek gerra armamentuko burdinazko barrak erabili zituztenean itsasoan sartu eta arrezifeen gainean arrantzatzeko. Geroago, zurezko makila batek funtzio bera betetzen zuela ikusita, laneko erreminta aldatu egin zuten.