Andoni URBISTONDO

Haitzeko Ama Birjinaren Ermita, laino guztien azpitik…

Tarteka etxean erabakitako irteera moldatu behar izaten du mendizaleak. Udazken eta neguan sarriago, eguraldiak behartuta. Lainoek Pirinioetako tontor garaienak besarkatzen dituztenean, aukera ona da hegora egin eta Burgi bisitatzea, Erronkari Ibaxan. Han bada bertakoentzat mendi maite-maitea den gailurra: Haitzeko Ama Birjinaren Ermita, laino estalkirik gabe, Ezka errekak zizelkatutako arroila ikusgarriaren zaindari.

Burgi herriko zubi ezaguna, Ezka ibaiaren gainean. Zubia gurutzatu behar da txangoa hasteko.
Burgi herriko zubi ezaguna, Ezka ibaiaren gainean. Zubia gurutzatu behar da txangoa hasteko.

Iparra edo hegoa izan, Pirinioetan eguraldia gaiztotu egiten da sarri udazken eta neguan. Lainoa ez bada euria da, edo elurra, eta horiek ez badaude, haizete handiak. Egun eguzkitsu edo lehorrak ale batzuk baino ez dira izaten, eta nahi dena ez, ahal dena egin behar du mendizaleak. Pirinioetako tontorren bila, Erroibarreko Mezkiritz gainean Ortzanzurieta eta Orhy mendiak zeharo estalita agertzen dira, eta laino barruan itsu ez geratzeko aukera, ezer ez ikusteko arrisku bakarretakoa hegorantz egitea da, han zeru arinagoa bilatzeko esperantzan.

Almadia bat. (Andoni URBISTONDO)

Zuhaiztia udazken kolorez jantzita. (Andoni URBISTONDO)

Bidean Igari eta Bidankoze herrietatik igarotzeak bisitariaren begiak pozten ditu, eta Burgira iristen ekialderantz agertuko zaigu eguneko gailurra: Haitzeko Ama Birjinaren ermita. Aragoieraz Virchen de Penya esaten diote, tontorra, berez, Aragoin dagoelako; Zaragozako Salvatierra de Esca herrian, hain zuzen ere. Erronkari Ibaxara bidean hegoaldetik iparrera Burgi baino lehen dagoen azken herria da Salvatierra, eta Haitzeko Ama Birjinaren ermita mendi maite-maitea da bi herri horietan.

Iraganean bi herrien arteko artzainek borroka latzak izan omen zituzten paraje horietan, aziendarako bazka lur gozoenak lortzeko helburuz, baina egun mendiaren edertasuna eta debozio erlijiosoa partekatzen dituzte haitzaren hego eta iparreko biztanleek. Ezka ibaiak La Paquiza Linzola mendian du sorburua, Belagua errekastoan, hain zuzen ere, eta hegorantz egiten duen bidean Burgin egiten du bere bideko amildegirik handiena eta luzeena. Hiru kilometro pasako arroila estua, eta 600-700 metroko amildegia mendebalde eta ekialdera. Tartean 200-300 metroko hormatzar ikusgarriak.

Gailurreko ermita. (Andoni URBISTONDO)
Gailurreko aterpe librea. (Andoni URBISTONDO)
BURGITIK

Haitzeko Ama Birjinaren Ermitako igoera aski ezaguna da Burgitik, herri dotore horretako Erdi Aroko harrizko zubi ederra zeharkatu behar delako. Ezka ibaia haserre dator mendi garaietatik, udazkena goi mendietan euritsua izaten ari den seinale. Zubia pasatu eta eskuinerantz egin behar da eta berehala ikusiko dugu gailurrera daraman xenda, Virgen de la Peña hitzekin. Lau kilometro eta bi ordu pasatxoko bidea da. Malda gogorra da lehen ordubetean. Amildegitik gertu doa xenda, baina ez dauka zailtasun berezirik, ezta arriskurik ere. Tarteka Burgiko arroila eta herria bera ikusiko ditugu. Baso itxian barrena egingo dugu bidea ia beti.

Une batean hego norabidea ekialdekoa bilakatzen da garbi. Haitzeko Ama Birjina tontorra inguratzen du xendak, ezpel, arte eta pinu zuhaiztietan barrena. Hosto batzuk hasi dute udazkenetan hain ohikoa den kolore aldaketa, baina gehienek oraindik ez. Bistakoa da udazkena ez dela sobera gaiztotu paraje hauetan momentuz. Ordubete eskasean, eta malda apalagoa duen bidetik, Salvatierra de Esca herritik datorren pistarekin bat egiten du bideak. 1.4 kilometro geratzen dira ermitaraino. Pistaz egin daitezke, azken 400 metroetan halako mendi xenda bat badago ere. Erraz jotzen da gailurra, 1.300 metrora ia-ia.

Burgi herria. (Andoni URBISTONDO)

Haitzeko Ama Birjinaren ermitara daraman seinaleztapena. (Andoni URBISTONDO)

Gailurrean ermita handi bat dago, 1521ean eraikitakoa. Bertan bizi izan ziren apaiz gizonentzat beste eraikin bat ere badago, eta aterpe libre bat ere bai, bertaratu eta han geratu nahi duenarentzat. Hiru prozesio edo erromeria egiten dira urtero, baina herrikoiena Pentekoste Pazkoko astelehenetan egiten da. Aurten maiatzaren 20an izan da eguna, eta Salvatierra eta Burgiko herritar asko bertaratzen dira. Beste biak abuztuan egiten dira, hilabete hasieran eta bukaeran, edo iraila hasieran. Udako erromerietara udatiar dezente batzen omen da.

Gailurrean bi informazio panel daude, eta bertan 360º-ko bueltan ikus daitezkeen mendiak agertzen dira. Lainoak daudenez, Ezkaurre Txikia, Idoya, Oroel, San Juan de la Peña, Borreguil, Arangoiti eta beste ale gutxi batzuk nabarmentzen dira, baina egun argietan ikuspegia oso-oso aberatsa da. Ez alferrik, 1.294 metrora dago gailurra, eta mendi handiagorik ez dauka ondoan. Auñamendi eta Hiru Erregeen Mahaia, Bisaurin, Collarada, Telera, Guara eta Moncayo bera ere ondo ikusten omen dira egun argietan. Gailurrei bezala, aski interesgarria da Ezka errekako amildegira begiratzea, ikusgarria delako. Tentuz, hori bai, ertzera sobera hurbildu gabe.

Gailurreko etxetxoa, Iruñeko Anaitasuna mendi taldeak jarria. (Andoni URBISTONDO)
BISITA DIDAKTIKOA, TXANGOA BUKATUTA

Leku beretik egingo dugu jaitsiera, galtzeko batere arriskurik gabe. Txangoa egun erdikoa denez, 4-5 ordu, beste egun erdia Burgiko interes guneak bisitatzeko balia dezakegu. Bertako ondarea berreskuratzeko lan handia egin dute herritar zenbaitek, eta ‘Lanbideen Herria’ bilakatu dute Burgi. Antzina Erronkari Ibaxako herri honetan zuten bizimoduaren garrantzia goraipatu nahi izan dute, ohikoak ziren ofizioak berreskuratuz. 11 ogibideko ibilbidea da, eta denei buruzko informazio osatua ematen da paneletan, bisitariaren jakin-mina erabat asetze aldera.

Hiru lanbide kaskoan bertan daude: espartingileak, artzainak eta apezpikua. Beste zortziak Ezka ibaiaren bestaldean daude, zubi ezaguna zeharkatuta. Latsariena da lehena, egurrezko figura eta guzti. Ondoren datoz harginak, almadia erraldoi bat eta almadia zainen lan moldea, ogi labea, ikatz txondorra, elur zuloa, karobia eta zerrategia. Ofizio guztiak informazio panel osatuarekin. Nekea arindu bazaizue, erreka ondotik beste kilometrotxo bat egin dezakezue, Ezka ibaiko arroilaren behatokiraino iritsi arte. Burgi herrixka eta inguruak merezi duten moduan ezagutuko dituzue, hala eginez gero. Merezi du, ez izan zalantzarik.