Saint Kitts eta Nevis, bi uharte tropikalen sekretuak
Karibeko herrialderik txikiena bazara, ziurrenik Ameriketako estatu ñimiñoena ere izango zara. Berez, bi uhartez osatutako federazio bat dira Saint Kitts eta Nevis, hiru kilometroko itsasarte estu batek bereizita. Antilletako esperientzia baterako txoko ezin hobea dira, ohi baino turista gutxiagorekin, baina hondartza zein oihan ederrak eta historia eta kultura aberatsak partekatzeko zain.
Karibeko harribitxi berezienetakoa dira Saint Kitts eta Nevis uharteak; garapen turistiko handiagoko beste herrialde batzuen antzeko paisaiak dituzte, baina bisitari gutxiago izateak eta resort erraldoirik ez egoteak dakarren aldearekin: jendea hurbilagoa da, hondartzak sekula ez daude gainezka, eta harremana berezkoagoa da. Patxadaz, Antilletan zaude; britainiar ukitu kolonial -eta militar- batekin, Saint Kitts handiagoa da, bertan dago hiriburua, eta herrialdeko hotel eta jatetxe gehienak; Nevisen dena doa motelago, ostatuak ere gutxiago dira, baina prestatuz gero, nevistarrekin batera bazkaldu, afaldu edo jaiegun berezi batez gozatzeko parada izango dugu.
Elkarrengandik hurbil dauden bi irla dira, baina nork bere nortasun eta kultura berezia dituzte. Era berean, Antilletako aberastasuna partekatzen du auzo-herriekin, baina badu eskualdeko sekretu ez hain ezaguna izatearen sona, Antigua edo Barbados bezalako herrialdeen ondoan.
AZUKREAREN HISTORIA
Kitty ezizena Saint Kitts-ek hartzen du. San Kristobal deitu zioten espainiarrek, eta Erresuma Batuak bereganatu zuen XVII. mendean; hala, Karibeko asentamendu britainiar zaharrena, 1624koa, Old Road izenekoa da. Hurrengo mendeetan azukrearen industria nagusitu zen uhartean, eta hura lantzeko Afrikan esklabotzan bahitutako pertsonak ekarri zituzten. Haien ondorengoak dira egungo biztanleak. Basseterre hiriburuaren erdian Independence plaza dago; bertan egiten ziren esklabo-enkanteak. Eskozian, Glasgown, egindako erloju-dorre dotorea dauka plazak.
Hiriburu txiki eta atsegina da, oinez bisitatzeko erraza. 1867an sute batek zati handi bat erre zuen; eraikin georgiano ederrak ikus daitezke oraindik, galeria eta atari landuekin. Inguruko kaleetan barrena St George’s harrizko eliza anglikano dotorea ageri da, eta ‘skirt-and-blouse’ izena ematen dieten etxeak; hau da, gona eta atorra. Beheko solairua harrizkoa dute eta egurrezko goiko solairuarekin egiten duen kontrasteagatik hartu zuten izen hori. Bertako historia ezagutzeko kupula zuria daukan eraikina dago; egungo museoa Treasure House edo Altxorraren Etxea izan zen britainiar inperio kolonialarentzat.
The Circus plazak zerbait gogoraraztea normala da, Londresko Piccadilly Circusen jatorrizko diseinuetan oinarrituta eraiki baitzen. Uharteko txoko guztietara doazen minibusak hemendik abiatzen dira. Ostiraletan, gainera, bertako herritarren topaleku garrantzitsua da, lagunekin elkartu, mokadu bat hartu eta jan-edanean solasean ilunabarrera arte egoteko. Bide batez, guretzat “poteoa” izan litekeen antzeko horri lime esaten zaio hemen.
Uhartearen itzulia egiteko modu berezi bat trena da. Karibean eta hain irla txikian burdinbidea izatea bitxia da, baina hala eraiki zuten azukrearen industriarako duela mende bat baino gehiago. Egun, garaiko ibilbidearen erdia baino gehiago egin daiteke trenez, eta autobusez egiten da gainerakoa, turisten ohiko txangoetako bat da (itsas bidaiak iristen direnean oso beteta egon liteke; gainerakoetan, ez).
OIHANETIK HONDARTZARA
Liamuiga izena eman zioten bertako herri indigenek uharteari, eta gaur egun, erdialdeko sumendia izendatzeko erabiltzen da. Mila metro baino gehiagoko garaiera du, kostaldetik oihanera eta mendi-tontorrerainoko bidea egiteko moduan. Haren magalean, Saint Kitts-en ipar-mendebaldean, Unescoren Munduko Ondarearen zerrendan sartutako gunea dago: Brimstone Hill. 1690ean eraiki zuten gotorleku militar hau, eta, 1867an erre bazen ere, berreraiki eta lehengoratuta dago. Harri bolkanikoz eraikita dago eta eremu zabala hartzen du muinoan gora. Gunearen historiari buruzko bide bat ikusi ostean, gotorlekuan gora joanez ospitaleko gelak, korridoreak eta hilerria igarota, Fort George ageri da Monkey Hillen. Goiko dorretik Nevisen ikuspegi paregabea dago, eta egun argiz Montserrat uhartea ere ikus daiteke.
Antilletako beste uharte batzuen antzera, kostaldeak bi aurpegi ezberdin erakutsi ohi ditu: ekialdean eta iparraldean Atlantikoa, bortitz eta zakarrago, eta hegoaldean eta mendebaldean Karibe itsasoa, lasaiago. Saint Kittsen iparraldeko muturrean, Dieppe Bay dago, bi itsasoek bat egiten duten lekuan. Bertako hondartza berezia da, sumendia hain gertu izanda harea beltzekoa baita.
THE STRIP
Basseterre hiriburutik hegoalderantz dagoen Frigate Bay-n ageri da bi itsasoen kontrastea, geografia estutu egiten baita lurrezko pasabide estu bat bihurtzeraino: hala, esperientzia tropikal lasaia maite dutenak, eguzkiak berotutako hareatza luzeekin, palmondo ederrekin ilunabarrez gozatzeko, Ozeano Atlantikora begira dagoen North Frigate Bay hondartzara joan ohi dira. Aitzitik, inguruko jatetxeetan tokiko sukaldaritza dastatzea, gau-giroa eta bertako herritarren ondoan ibiltzea nahiago dutenek South Frigate Bay hobesten dute. The Strip izena ere hartzen du txoko horrek, eta Karibeko ur lasaiak ditu parez pare.
Penintsula estu honetan hegoalderantz joanda, ez da herririk ageri, baina biztanle bereziak ikusteko parada egon liteke: behinola marinel frantsesek Afrikan harrapatu eta ekarritako tximinoak. Penintsularen amaieran, hegoaldeko muturrean, Cockleshell Beach Saint Kittseko herritarren hondartza kuttunetakoa da. Majors Bay ez dauka urrun, baina aurrekoaren aldean askoz jende gutxiago egon ohi da.
AHIZPA TXIKIA
Honaino iritsita, Nevis, federazioko ahizpa txikia, parez pare ageri da, ferry bidaia labur batean iristeko. Oualie Beach, ferryaren geltokitik gertu, urpekaritzan aritzeko Karibeko leku onenetakoa da. Lehorrean, neurri batean Saint Kitts-en antzekoa den uharte baten antzera ageri da Nevis, denak dirudi txikiago, lasaiago eta, jende gutxiagok bisitatzen duenez, hurbilagoa. Sukaldaritzak famatu du uhartea, eta uztailean mangoa protagonista duen jaialdi gastronomikoa egiten dute (fruta horrekin zenbat konbinazio egin daitezkeen ezagutzeko aukera da, itsas produktuetatik hasita).
Penintsularen amaieran, hegoaldeko muturrean, Cockleshell Beach Saint Kittseko herritarren hondartza kuttunetakoa da
Hemen ere azukrearen industriak markatu zuen historia, eta ziurrenik Saint Kitts-ek baino hobeto mantendu du ondare hura, garaiko monumentu eta bitxikerien bidez. Nevis Heritage Trail edo ondarearen ibilbideak 25 gune historiko biltzen ditu uhartearen zirkunferentzia eginez. Charlestown hiriburuan hasita, Fort Charles gotorlekua dago, Gingerlandeko espezieen etxaldeak, eta zenbait eliza anglikano.
PINNEY’S BEACH
Litekeena da ibilbidean beste bidaiaririk ez ikustea, baita uhartearen izen bera daraman Nevis sumendiaren inguruko oihan tropikalean bagabiltza ere. Baina Charlestown hiriburuaren aldamenean turistek aspaldi ezagutzen duten txoko bat dago: Pinney’s Beach hondartza luzea (Nevis sumendia bera atzean duela). Giro lasaia dago, paisaia bikaina da, eta Antilletako benetako sukaldaritza gozatzeko lekuetako bat da. Lehenago ere batek baino gehiagok egiaztatu dute hala dela; horien artean daude Lady Di printzesa, Oprah Winfrey telebista aurkezlea, eta Meryl Streep aktorea, txoko honekin liluratu diren beste hainbat bidaiari ezagun eta ezezagunekin batera.