Roge Blasco (Argazkiak: Oihan Blasco eta Clara Ruizek utzitakoak)
Elkarrizketa
Clara Ruiz
Korrika lau kontinentetan

«Ikusgarria da nola egiten duten korrika Raramuri herriko emakumeek gona eta sandaliekin»

Clara Ruiz Liendon (Kantabria) elkarrizketa egunean. (Oihan BLASCO)
Clara Ruiz Liendon (Kantabria) elkarrizketa egunean. (Oihan BLASCO)

Clara Ruizek (Madril, 1985) lanpostu ona zuen bankan finantzaria gisa, baina trajea eta takoiak kirol zapatilen eta motxilaren ordez aldatzea erabaki zuen. Atletismoarekiko eta bidaiarekiko zaletasunak uztartu zituen, ‘Kilometroak munduarentzat’ proiektua sortuz. Asmoa zen zegoen lekuetan 15 kilometroko lasterketetan parte hartzea, eta halaxe egin zuen Asian, Europan, Amerikan eta Afrikan.

Nepalen abiatu zuen egitasmoa 2019ko urrian. Iritsi eta bi egunetara, 15 kilometroko mendi lasterketa batean parte hartu zuen Nagarkoten, Katmandutik hurbil. Lasterketa beretzat propio diseinatuta zegoela zirudien. Izan ere, emakumezkoen sailkapenean bigarren geratu zen.

Clara, Amazoniako ilunabarraz gozatzen, Peruko Iquitosen. (Clara Ruizek utzitakoa)

Bi trekking egin zituen, horietako bat Everesteko kanpamentu nagusira. India iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuen, Kanputxean eta Myanmarren egon zen eta Thailandian gelditu egin behar izan zuen, koronabirusaren inguruko alarmak behartuta. Berriz mugitzeko aukera izan zuenean, Thailandia zeharkatu zuen bizikletaz.

Hegazkinez Balkanetara joan eta Kroazia, Eslovenia, Serbia, Montenegro, Albania, Mazedonia eta Turkia bisitatu zituen. Ondoren, Ameriketan, Mexikotik Perura joan zen eta, azkenik, Afrikan, Egiptotik Hegoafrikara.

kanoa batean Zambeze ibaian. (Clara Ruizek utzitakoa)

Hiru urte eta erdiz Himalaian ibili da, Kilimanjaro igo du, Bombay eta Iten (Kenya) bezalako lekuetan korrika egin du. Errendimendu handiko atletak prestatzen dira azken honetan.

Myanmarren meditazio zentro batean egon zen, material birziklatuarekin etxebizitza bat eraikitzeko boluntariotza egitearen truke.

Egipton, korrika egiten. (Clara Ruizek utzitakoa)

Globoz hegan ibili zen Kapadozia gainean eta hegazkinez ikusi zituen Nazcako lerroak. Iquitosen (Peru) egon zen Amazonia ezagutzeko. Covidarekin gaixotu zen Boqueten (Panama). Baleak ikusi zituen Ladrilleron, Kolonbiako Ozeano Barean. La Guajirako txirotasunak erabat txundituta utzi zuen; ostatu hartzeko, gela huts bat negoziatu behar izan zuen.

Aldiz, Victoria ur jauzietako luxuzko hotel batera gonbidatu zuten, Instagramerako lan bat egiten ari zen bitartean. Bulawayon (Zimbabwe) bizi ziren ingeles bikote batek hartu zuen eta ‘pool party’ batera gonbidatu zuten. Hain ondo moldatu ziren, ezen hilabete osoa egon baitzen haiekin batera.

Clara, Liendoko San Julian hondartzako arroka batean eserita. (Oihan BLASCO)

Itsaso Gorrian urpean igeri egin zuen Sinai penintsulan. Ugandan lehengusu bat bisitatu zuen, moja batzuekin boluntariotza lanak egiten zebilena. Nilo ibaiaren iturrietan egon zen, Jinjan. Lau egunez ibili zen kanoan Zambeze ibaian, animalia basatien artean. Tanzania eta Zambia zeharkatzen dituen Tazara trena hartu eta Lurmutur Hirian amaitu zuen, erabat nekatuta, Afrikako ibilbidearen amaieran.

Gaur egun, Mugarik Gabeko Medikuen misioetan sartuta dago. Yemenen urte erdi egon ondoren itzuli berri da. ‘Kilometroak munduarentzat’ gaiari buruz hitz egiteko, Luengoko San Julian hondartza kantabriarrean egin dugu hitzordua, familiaren etxean egun batzuk ematen dituen lekuan.

Omanen. (Clara Ruizek utzitakoa)
‘Kilometroak Munduarentzat’ egitasmoaren aurretik atletismoa egiten zenuen. 10 kilometroko lasterketetan eta maratoi erdian espezializatuta zeunden. Horrek bultzatu zintuen lana uztera eta korrika eginez kontinenteak ezagutzera?

Ekonomialaria naiz, ondo kokatuta nengoen inbertsio bankuan, baina urtebetez dirua aurreztea eta abentura abiatzea erabaki nuen. ‘Kilometroak Munduarentzat’ egitasmoa planetatik korrika egitean datza. 50 litroko motxila batekin ibili naiz. Asia izan zen aukeratutako lehenengo kontinentea, han bidaiatzea erraza eta merkea delako emakume batentzat. Nepalek asko erakartzen ninduen, bere mendiengatik eta Himalaiari buruz irakurria nuenagatik.

Thailandiako Ko Kut uhartean atseden hartzen. (Clara Ruizek utzitakoa)
Sumatu al duzu alderik kontinenteen artean korrika egiteko zaletasunean?

Garapen handiagoko lekuetan jendea gehiago aritzen da kirolean. Bangkok edo Lurmutur Hiria bezalako hiri handietan lasterketak antolatzeko ohitura dago. Hala ere, landa eremuetan haluzinatu egiten zuten ni korrika pasatzen ikustean.

Kilinmanjaro gailurrean. (Clara Ruizek utzitakoa)
Distantzia luzeko lasterketetako leku mitikoetan egon zara, hala nola Mexikoko Tarahumara mendilerroko Kobrezko Arroilan, non raramuriak dauden, beren buruei «oinezko korrikalariak» esaten dietenak. Baita Kenyako Iten-en ere, atletismoko txapeldunen herrian. Horrek zer suposatu du zuretzat atleta gisa?

Chihuahuatik Mexiko iparraldeko Ozeano Bareko kostalderaino doan Txepeko trenera igo nintzen. Raramurien lurraldetik igarotzen da. Dibertigarriena da ikustea nola korrika egiten duten, zein abiaduratan, emakumeek jantzi tradizionalarekin, hau da, gona eta sandaliekin...

«Amerikan herrialderik arriskutsuena eta gordinena Honduras iruditu zait, eta Afrikan, berriz, Johannesburgo»

Iten atletismoaren sorlekua da. Hara mundu osoko atletak joaten dira entrenatzera, horretarako baldintzak ezin hobeak daudela uste baita. 2.500 metrotik gorako altueran dago. 5.000 biztanle baino ez diren arren, txapeldun olinpiko ugari dituzte. Herritarrak buru-belarri inplikatuta daude lasterkarien prestakuntzan eta antolatzen diren probetan. 15 kilometroko lasterketa egin nuen. Ohituta nago podiumera igotzera, baina Iten-en «nire lekuan» jarri ninduten. Atzetik hasita hirugarren edo laugarren iritsi nintzen, ahalegin handia egin nuen arren.

Liendon entrenatzen. (Oihan BLASCO)
Eta nola lortzen da lasterketan parte hartu ondoren motxilarekin kargatuta bideari jarraitzea autobusez eta trenez?

Askotan nekatuta nengoen eta beste batzuetan, aldiz, ez, korrika egitea bizikletan ibiltzearekin edo kayakean arraun egitearekin tartekatzen nuelako. Bidaiaren logistikaren araberakoa zen nire egoera; batzuetan ezin nuen korrika egin, 24 orduko bidaiak egiten nituelako. Ez da gauza bera lan bat izatea eta entrenatzera irtetea edo kiroletik eta kirolerako bizitzea. Horixe egin dut bete-betean, eta horrexegatik ezin naiz kexatu.

Mexikoko Chepe trenean. (Clara Ruizek utzitakoa)
Zein izan dira igaro dituzun lekurik arriskutsuenak eta zein trikimailu erabili dituzu une delikatuak ekiditeko?

Amerikan herrialderik arriskutsuena eta gordinena Honduras iruditu zait, eta Afrikan, berriz, Johannesburgo. Zorionekoa izan naiz gauza on asko gertatu zaizkidalako; jendea bikain portatu da nirekin. Nire formula izan zen gauez ez irtetea, alkoholik ez hartzen saiatzea eta drogez ezer ez jakitea.

Lau kontinentetan zehar egindako abentura Lurmutur Hirian bukatu zenuen. Ahituta amaitu al zenuen?

Hiru urte eta erdi neramatzan bidaiatzen eta etenaldi bat egin nahi nuen. Bizitza erdi nomada egiten jarraitzen dut. Orain Mugarik Gabeko Medikuak erakundearentzat lan egiten dut. Oraintxe itzuli naiz, urte eta erdi Yemenen egon ondoren. Han 3 proiektu ditut.

Bitartean, Oman bisitatu dut. Lituaniara noa, eta gero maratoi bat dut Errumanian. Beraz, munduan zehar korrika segitzen dut.