Sardinia, Mediterraneoko misterioak
Itsasontzia berehala irtengo dela iragarri du letania bat dirudien kantuak. Jendea ahalik lasterren esertzen saiatu da, Sardiniako ipar-mendebaldeko Porto Conte parke naturaleko harribitxirik preziatuenetako bat ezkutatzen duten itsaslabar itzelen ikuspegirik onenak edukitzeko.
Piztia mitologiko batek bezalaxe, Neptunoko haitzuloak ehunka turista irentsi ditu segundo gutxitan, ontzia barne. Magia ekitaldi batean, bisitaria historiaurreko garai liluragarri batera eramana izan da. Zentzumenak bizkortu egin dira eta berehala egokitu dira ingurune berrira. Lurraren erraiek beren edertasuna erakutsi dute, duela hamar milioi urte baino gehiago sortu ziren estalaktiten eta estalagmiten eszenatoki batean. Denbora neurtezin da, historiaren sakontasunean galdua.
SARDINIARREN MISTERIOA
Esan ohi da sardiniarrak izan zitezkeela Shirdana-koak, antzinako pirata herri batekoak, Mediterraneoaz hitz egiten zuten inskripzio egiptoar batzuetan agertutako Itsasoko Herriak izeneko taldeetako batekoak. Alegia, sardiniarren jatorri etnikoa informazio gutxi duen misterioa da. Italiako penintsulako, Frantziako hegoaldeko, Europa Erdialdeko, Iberiar penintsulako, feniziarren, kartagotarren eta erromatarren odola dago Sardiniako zainetan, aspalditik uhartean sartu ziren beste askoren artean.
Mediterraneoko beste alderdi batzuk bezala, Sardinia ere nahaste-borraste bat da, zeharkatu zuten eta arrastoa utzi zuten herrien eta kulturen artekoa. Nolanahi dela, sardiniar sentimendua oso errotuta dago antzinako berezitasunak erakusten dituen lurralde honetan.
Historia zabala duen itsaso honen bihotzean dagoen uharte hau ikertzaileek aurkitutako lehen “toki urdina” izan zen. Termino horrek ez dio erreferentzia egiten hondartzetako urdinari, hangoa urdin zoragarria izan arren. Zeri orduan? Munduko alderdi geografiko handienetako bat da, ehun urtetik gorako pertsona gehien dituena biztanleko. Adituek uste dute faktore genetikoa eta gizarte egituraren eta bizimoduaren faktoreak batzen dituzten motiboen konbinazioa dela. Sardinia pribilegiatua da: munduko bost toki urdinen klub esklusiboan dago.
SARDINIAKO BARTZELONA
Ipar-mendebaldeko kostaldean, non Mediterraneoak urrutiko garaietako istorioak kontatzen dituen, Alghero dago, antzinako batasun baten espiritua gordetzen duen hiria. Erdi Aroko harresietako harriek eta harriztatutako kalezuloek lekuz kanpo dirudien hizkuntza batean hitz egiten dute hemen. Guztiz bat dator hiri liluragarri honen arimarekin. Alghero, Alguer izenez ere ezaguna, Kataluniako historiak aztarna ezabaezina utzi duen uharteko txoko bat da.
Algheroko alde zaharrak beste garai batera eramaten du bisitaria, Aragoiko koroak Mediterraneoko lur horietan zuen eragina hedatzen zuen iraganera. Katalanak XIV. mendean iritsi ziren kostalde hauetara, hizkuntza, ohiturak eta arkitektura ekarriz. Ordutik, Alghero harribitxi katalana bihurtu zen Sardiniaren bihotzean, kultura katalanak sustrai sakonak zituen portu segurua.
Hemengo urak, batzuetan ispilu bat bezain lasaiak, besteetan zurrunbilotsuak, mantenu iturri bat izan dira, munduarekin lotzeko bide bat
Ilunabarrak tonu beroz tindatzen ditu Algheroko harresiak, itsasoaren ondoan handikiro altxatzen direnak, historia partekatu horren lekuko isilak. Goitik amaigabea da Mediterraneoaren ikuspegia, zeruarekin bat egiten duela dirudien mugarik gabeko urdina. Gotorleku horiek katalanek eraiki zituzten, hiria inbasioetatik babesteko. Orain Algheroren izaera erresistente eta iraunkorraren sinboloa dira. Harkaitzen kontra apurtzen diren olatuen soinua katalanaren xuxurlarekin nahasten da. Iragarpen guztien aurka, denboraren joanean iraun du hizkuntzak.
Algerera da belaunaldiz belaunaldi transmititu den dialektoa, ahapeka partekatutako sekretu baten gisara. Plazetan eta kafetegietako terrazetan solasaldi zatiak aditu daitezke hizkuntza honetan, eta, nahiz eta mendeen joanak eta italieraren eraginak markatu, bere funtsari eusten dio. Katalan zaharra da, agian Erdi Arotik hurbilago dagoena gaur egun Bartzelonako kaleetan hitz egiten dena baino. Iraganarekin lotzen duen haria izaten jarraitzen du Algherok.
UHARTEAREN XUXURLA
Mediterraneo zabalean Sardinia santutegi bat bezala azaltzen da. Itsasoak lurra inguratzeaz gainera, uhartearen ariman sartzen da, forma emanez kulturari, bizimoduari eta esentziari. Hemen itsasoa ez da paisaia hutsa, betiko laguna baizik, sardiniarren ametsetako xuxurla etengabea, jendearen izaera eta historia ere moldatzen dituen indarra.
Urdin infinituarekin, Sardiniako bizitzaren hondoko oihala izan da Mediterraneoa antzinatik. Hemengo urak, batzuetan ispilu bat bezain lasaiak, besteetan zurrunbilotsuak, mantenu iturri bat izan dira, munduarekin lotzeko bide bat. Uharteko bazter bakoitzean, Cala Li Cossi bezalako toki ezkutuetatik hasi eta Costa Paradisoko arrokei kaioen habiak bailiran eusten dieten arrantzale herrietara, itsasoa nonahikoa da, bertako biztanleen egunerokotasuna definitzen duen zerumuga.
Egunsentiko lehen argietan, eguzkia zerua urre kolorez margotzen hasi orduko, Sardiniako arrantzaleak itsasoan daude. Itsasontziak, bertakoen izatearen luzapenak diruditen ontzi txikiak, ur gainean irristatzen dira eguneko harrapaketaren bila. Antzinako erritual bat da, mendeetan errepikatua, non itsasora jaurtitako sare bakoitza iraganerako zubi bat baita. Uharteko hiriburua den Cagliariko merkatuak itsaso horri kendutako bitxiak erakusten ditu: ezpata arrainak, atunak eta abakandoak, besteak beste.
ESPIRITUA ELIKATZEN
Itsasoak gorputza elikatzeaz gainera, espiritua ere elikatzen du. Sardiniarrentzat Mediterraneoa beren emozio sakonenen isla da, nortasunaren hedadura. Sardiniar kultura, kantu malenkoniatsuekin eta poesiaren nostalgiaz blaitua, itsasoari estuki lotuta dago. “Cantu a tenore”-ek, mendietan eta lautadetan entzuten diren kantu polifoniko horiek, olatuen kadentzia daramate doinuetan.
Sardiniarrentzat Mediterraneoa ia kredo bat bezalakoa bada, katolizismoa fedearen zutabe handia da haientzat. Uharte osoan presente dagoen katolizismoa, ordea, landa herrietako eliza txikietan agertzen da Sardiniak katolizismoarekin duen harremana bere erarik garbienean. Hemen, fedea ia barru-barrutik lotzen da eguneroko bizitzarekin. Santuak gurtzen dituzte, ez bakarrik zeruko irudi gisa, baizik eta babesle pertsonal gisa, zelaiak, itsasoa, etxeak eta familiak zaintzen dituzten zaindari gisa. Komunitate horietan erlijioa ez da kultu ekintza soil bat, nortasun adierazpen bat baizik.
Sardiniako kostaldea urez eta harkaitzez idatzitako poema da, edertasunaren aldeko otoitza, naturak maisulan bat pazientzia amaigabez zizelkatu duen paisaia. Zerurantz desafioka altxatzen diren itsaslabarren eta harea zurizko hondartza leunen artean, kalak ezkutatzen dira, paradisu txikiak, non denbora gelditzen ari dela dirudien eta kanpoko mundua desagertzen