Eli Txapartegi

Zaporeen ibilbidea: museo gastronomikoak

Gatza, gazta, eztia, ardoa, sagardoa, pastela, txakolina, ogia, olioa, trufa, txokolatea, likorea, babarrunak... Hamaika osagai ditugu Euskal Herrian nahi adina ibilbide gastronomiko osatzeko. Norberak berea diseina dezake, ohitura eta gustuen arabera. Hona hemen zenbait proposamen, zapore anitzez zipriztindutako ibilbide gustagarria prestatzeko.

Txakolingunea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Txakolingunea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
BAKIOKO TXAKOLINGUNEA

Txakolina gustuko dutenek derrigorrez bisitatu behar dute Bakioko Txakolingunea, bertan aukera aparta izango baitute ardo berezi honen inguruko sekretuak eta ekoizpen prozesuaren xehetasunak ezagutzeko, formatu handiko ikus-entzunezkoen eta bisita gidatuen bidez.

Jakina da bertako mikroklimak, itsasoaren hurbiltasunak eta lurren kalitateak erraztu dutela historikoki mahatsondoen laborantza lurralde honetan.

Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa. (FOKU)
IDIAZABAL GAZTAREN INTERPRETAZIO ZENTROA

Gazta gustuko dutenek Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa aukera dezakete ibilbide gastronomikoaren abiapuntu gisa. Euskal Herriko mendietako artzainek latxa eta karrantza ardien esne gordina erabilita egindako gazta da Idiazabalgoa.

Sei gune tematikotan banatuta, zentroak artzaintzaren munduaren inguruko informazio zabala eskaintzen dio bisitariari, zeinak elaborazio prozesua zuzenean ikusteko aukera izango duen.

Gainera, gazta dastatzeaz gain, betiko artzain txabola baten erreprodukzioari esker, garai batean gazta egiteko erabiltzen zituzten tresnak ezagutuko ditu bisitariak.

Boilurraren interpretazio museoa. (Idoia ZABALETA | FOKU)
BOILURRAREN EKOMUSEOA

Boilurraren interpretazio museoaren helburu nagusia da inguruan naturalki hazten den boilur beltza (tuber melanosporum) ezagutaraztea eta “Diamante beltza”ren historia, ingurumena, kultura, boilurrak guregana heltzeko behar duen biodibertsitatea eta bere balio natural zein gastronomikoen inguruan informazio baliagarria eskaintzea.

Metautenen dago, Lizarratik 11 kilometrora, eraikin moderno batean. Bertaratzen denak aukera paregabea izango du jarduera bereziez gozatzeko: Truffleexperience (basako zein landetako boilurra bilatu, boilur-txakur batekin), ibilaldi gidatuak boilur-soroen artean, oinez zein bizikletaz ibilaldi gidatuak bailaran zehar, esperientzia gastronomikoak…

MURGIKO EZTI MUSEOA

Murgiko Ezti Museoak erlezaintzaren munduan barneratuko du bisitaria, bete-betean. Gorbeia aldeko eztia non eta nola egiten den ikasteaz gain, erlauntzak erabiltzeko eta eztia eta eratorriak egiteko arbasoek erabiltzen zituzten tresnak ere gertutik ikusi ahal izango ditu.

Museoa aise aurki daiteke, herriko erdigunean baitago, Oregi Etxean. Eta eztiaren munduaren inguruan gehiago jakin nahi dutenek bidaia luza dezakete, Ultzamaraingo eta Eltsoko erlezaintza museoa bisitatuz.

OGIAREN TXOKOA

Legazpiko Brinkola auzoko Igaralde-Goena baserrian dago Ogiaren txokoa, bisitariari Urolako errota eta ogi tradizioaren ezaugarriak erakusten dizkiona. Azken finean, errotaria eta ogiaren kontsumoa omendu nahi ditu museoak, Euskal Herriko historian txoko berezia dutelako.

Ogia egiteko prozesua erakusten du, hazia landatzetik hasita, irina nola egiten den azaldu, eta ogia labetik atera arteko prozesua. Beraz, bidean erabilitako tresnak ere ikus daitezke: nekazaritza tresnak, hazia mugitzen duen errota, ogia erretzen duen labea…

Oliba olioaren interpretazio zentroa. (Iñigo URIZ | FOKU)
OLIBA OLIOAREN INTERPRETAZIO ZENTROA

Ekolo enpresaren instalazioetan dago Oliba olioaren interpretazio zentroa, Arroitzen, Logroño eta Iruñea artean. Bisitariak aukera izango du garai bateko olio errota baten jatorrizko makineria ikusteko, berreskuratu ondoren ikusgai jarri baitituzte museoan: pieza arkeologikoak, baskulak, gurdiak, biltegiak... Horiexek izango dira, hain zuzen ere, olio bilakatu arte olibak egiten zuen bidean bisitaria gidatuko dutenak.

EUSKAL BIXKOTXAREN ERAKUSTOKIA

Euskal Bixkotxaren Erakustokian ezinbesteko geldialdia egin behar dute gozo enblematikoa gustuko dutenek. Saratik Berarantz, Lizuniagako mendatean barrena doan bidean dago museoa, zehazki Haranea etxean. Bisitariak aukera izango du bertako gozogintza erosteko zein ikasteko.

Leintz Gatzagako Gatz Museoa. (Eli TXAPARTEGI)
LEINTZ GATZAGAKO GATZ MUSEOA

«Zentzumenez beteriko mundu bat zabalik dago sentitu, usaindu, entzun eta dastatu nahi dutenentzat». Esaldi labur bezain esanguratsua, benetan, Leintz Gatzagako Gatz Museoaren atari digitalak aukeratu duena “urre zuriak” herriaren bilakaeran eta izaeran eduki duen eragina laburbiltzeko.

Bisitaria berehala ohartuko da gatzaren presentziaz eta herriarekin betidanik izan duen lotura garrantzitsuaz, batez ere herriaren kanpoaldean kokatuta dagoen museora hurbiltzen denean. Gatz iturria herritik 250 metrotara dago, Dorletako gaztelu zaharraren ondoan, erromatarrek iturburu gazia defendatzeko eraikitakoa.

Mende luzez Gipuzkoako udalerrian gatza ekoizteko erabilitako instalazioak erakusten ditu museoak. Gatz ekoizleen historia garai batean gatza lortzen zen lekuan bertan ezagutu daiteke egun, antzinako instalazioak mantendu eta orduko elementurik garrantzitsuenak berregin baitituzte.

Gorrotxategi txokolate museoa. (Gorka RUBIO | FOKU)
TXOKOLATEA, TOLOSAN ETA BIARRITZEN

Tolosako museora hurbiltzen denak kakaoaren eta txokolatearen historia ezagutzeko aukera izango du, bost mende baino gehiago hartzen dituen ibilbidea. Ibilbidean kakaoa lantzeko erabili izan diren makina eta lanabesak ikusiko ditu: metateak, txigorgailuak, ehogailuak, txokolaterak…

Museoak bost atal dituen arren, deigarria da lehengo lantegi elektrikoak nolakoak ziren eta ikatz-makinak elektrikoetara nola igaro ziren erakusten duena. Jatorriz, lantegia Ignacio Garmendiaren familiakoa zen, baina Rafa Gorrotxategik berreskuratu zuen txokolatea egiteko lan-kate osoa erakusteko.

Dena dela, Tolosakoa ez ezik, Biarrizko museoak ere txokolatea du protagonista. Harreran txokolate aleak dastatu ahal izango ditu bisitariak eta, ibilbidearen bukaeran, berriz, txokolate beroa. Tartean, txokolatearen laborantza, ekoizpen eta prozesuari buruzko bideo bat ikusiko du, baita tresneria ere: moldeak, plakak, poteak eta antzinako makineria. Gainera, gela bat prestatuta dute, txokolatea bertan lantzeko.