Egin planak

Tarsila do Amaral, Brasil modernoa margotzen

Otsailak 21-Ekainak 1

‘Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotzen’. Horixe da Bilboko Guggenheim Museoan ikusgai dagoen erakusketaren izenburua. Artista ezezaguna da Europan, baina bere herrialdean, Brasilen, hango modernismoaren figura nagusitzat dute.

Tarsilaren biografiak eta ibilbideak (Capivari, Brasil, 1886 -Sao Paulo, 1973) bere herrialdearen historia berria islatzen dutela esan daiteke: giro aberats eta frantsesean hazita, 20ko hamarkadaren hasieran Europako abangoardiak deskubritu zituen Parisen eta, ondoren, bere burua zein herrialdea berrasmatu zituen, ikuspegi idealista eta kolorista baten bidez.

1918an hasi eta 1960ko hamarkadara arteko lanak ikusgai daude. Guztira, 147 artelan dira, sei atal tematikotan banatuta, museoko bigarren solairuko sei aretotan banatuta.

Hamarkadaz hamarkada, Tarsilaren obra bat etorri zen bere garaiarekin, beti berritzeko prest, emakume emantzipatu eta independente gisa artistak sasoiaren eta testuinguruaren arabera bizi behar izan zituen baldintza ezegonkorrak gorabehera.

Ekainaren lehen egunera arte zabalik egongo den erakusketak agerian uzten du artistak sortutako obra original eta iradokitzailea. TarsilaK iruditeria indigena eta herrikoia hartu zituen oinarri, baita eraldaketa betean zegoen herrialde hartako dinamika modernizatzaileak ere. Eta hori guztia nabaria da Guggenheimen.