Esperantzara kondenatuak
Goikoetxea IV.a eta Ansa II.a urnietarrek eta Martiarena eta Zaldua atzelariek batera egingo dute debuta.
Erremonteak bizi dituen garai ilun hauetan, larunbatean argi printza txiki bat piztuko da Galarretan, lau pilotari gaztek elkarrekin egingo baitute debuta profesionaletan. Joko molde honek garai bateko oihartzuna berreskuratzeak ezin gauzatuzko ametsa dirudien arren, harrobiko lanak bere fruituak ematen dituela ikustea bada, gurea den kirol hau desagertu ez dadin lanean gogor diharduten guztientzat, poz txiki edo handi baterako motiboa.
Geografikoki aski mugatua dagoen kirola izanda, garrantzitsua da ere herri desberdinetako profesionalak izatea, erremonteak ere gero eta merkatu zabalagoak behar baititu iraun ahal izateko. Hala, bi urnietar aurrelarik, Ander Goikoetxeak –Goikoetxea IV.a izena eramango duenak– eta Imanol Ansak –Ansa II.a– eta Lekunberriko Ibai Martiarenak eta Ibon Zaldua donostiarrak beren ibilbide profesionaleko lehen partida jokatuko dute larunbat honetan, Sagardoaren Txapelketako finala erabakiko den jaialdi berean.
19 urteko Imanol Ansak onartu bezala, debutak ez ditu erabat ezustean harrapatu. «Azken urtean ikusten zen aukerak izan genitzakeela. Goran gaur egun sekula baino profesional gutxiago daude eta afizionatuetan gu laurok ginen puntan genbiltzanak. Ez nengoen ziur debutatuko genuen, baina aukerak genituela ikusten nuen».
Hernanin goi mailako ziklo bat ikasi eta enpresa batean praktikak egiten ari den aurrelari fin honek Uterga eta Zeberio ditu gustuko erremontista. «Argi dago gaur egun profesional guztiek guk baino maila handiagoa dutela, baina guk hobetzeko tarte handia daukagu eta egunen batean euren maila lortzeko esperantza badugu. Ez dut esaten onenen mailara helduko garenik, hala balitz lehenago debutatuko genukeen, baina bai gutxienez lehen eta laugarren partidak jokatzen ari diren horien mailara».
Eskolen garrantzia
19 urterekin, Ibai Martiarena atzelaria da lau debutanteen artean gazteena eta bera da erremonte eskolekin egiten ari diren lanaren garrantziaren adibide argia. «Lehenengo futbolean hasi nintzen, gero esku pilotan, eta erremontea existitzen zenik ere ez nekien. Nire aitak bazuen erremontea ikusteko ohitura eta umetan noizean behin ni berarekin eramaten hasi zen. Geroago Lekunberrin erremonte eskola ireki zuten; futbola utzi eta izena eman nuen. Asko gustatzen hasi zitzaidan eta esku pilota ere utzi nuen erremontean buru-belarri aritzeko», azaldu zuen.
Ume asko bezala, Ibon Zalduak ere futbolean egin zituen lehen urratsak, baina erremontearen abiadurak harrapatu zuen orain dela bost edo sei urte. Bere jokoaren dohainak azaltzeko orduan, atzelari oso ziurra dela dio Enpresa ikasketak egiten ari den donostiarrak. Beste hiruren gainean galdetuta: «Imanol oso teknikoa da, ikusteko oso polita eta joko alaiekoa. Ander oso bizkorra da pilotalekuan eta abiadura handia ematen dio jokoari eta pilotari. Ibai, bestalde, lehiakorra da oso eta beti ematen du barruan duen guztia, berdin da norekin edo noren aurka ari den».
Goikoetxea IV.ak ere ilusio handiz hartu du debuteko eguna eta elkar oso ondo ezagutzen duten lau pilotari izatea lehen egun horretarako lagungarri izango dela uste du.